Azaroak 29
-
Mentoring Dual Digital proiektuaren lehenengo ekintza da, eta mikroenpresen eta ETEen eraldaketa digitala erraztea du xede, batez ere merkataritza-sektorekoak.
-
Datozen hilabeteetan, enpresa digitalizazioko hainbat arlotan espezializatutako start up sortu berriak arlo digitalean jauzi bat egin behar duten negozio txiki eta ertainen aholkulari izango dira.
Bihar, azaroak 30, asteartea, Mentoring Dual Digital proiektu pilotua hasiko da, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, abian jarritako ekimena, negozio txikien eta ertainen eraldaketa digitala errazteko asmoz.
Proiektu pilotu hau Bilbao Aurrera 2021 Plan Berezian jasotzen da, eta helburu hau du: pandemiak gogorren astindu dituen sektoreen artean kohesio soziala, ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea eta hiriaren kultura lortzea.
Mentoring Dual Digital taldeko mentoring-modalitatean eratutako proiektua da. Bertan, enpresa-digitalizazioaren hainbat arlotan espezializatutako start up-ak arduratuko dira eremu digitalean jauzi egin behar duten enpresa txikiei eta ertainei zein saltokiei aholkuak emateaz.
Ekimen honen bidez, ikaskuntza kolektiboa eta enpresa-berrikuntza bultzatzen dira, teknologia berriek dituzten aukerak honako hauei eskainiz: orain arte teknologia horiek kontuan hartu ez dituzten enpresei, eta ezagutza izanda, beren negozio-prozesuak handitu eta hobetu nahi dituzten enpresei. Mentoring Dual Digitalek, gainera, bi aldeen artean sinergiak eta ikaskuntzak ezartzeko aukera emango du, aholkularien eta aholkuak jaso dituzten artean.
SENTSIBILIZAZIO- ETA MOTIBAZIO-FOROA
Ekimen horren barruan, sentsibilizazio- eta motibazio-foro bat antolatu da saltoki eta enpresa txiki eta ertainetarako Mentoring Dual Digitalaren garrantziari buruz, negozio txiki eta ertainen eraldaketa digitala errazteko eta bizkortzeko tresna gisa. Online egingo da goizeko 9: 00etatik 11: 00etara, eta izen-emateak esteka honen bidez egin daitezke.
Horretarako, honako hauek parte hartuko dute:
- Joan Clotet. Humanismo Digitalari buruzko hitzaldia emango du;
- Marion de la Porte. Sinplasticoren sortzailea da, Espainiako plastikorik gabeko online produktuen lehenengo denda;
- Victor Estrada. Interneteko Semilla Proyectosen zuzendari-bazkidea;
- Daniel Siles. Digitalizazioan esperientzia duten start up-en eta ETEen aholkularia;
- Lookiero-ko Nagore Grandio. Europan liderra den emakumeentzako personal shopper online zerbitzua.
Datozen hilabeteetan, programa pilotu berri honen faseak garatuko dira; besteak beste, kontu ikuskatze digitala, aholkulariak diren start up-etarako talde-prestakuntza, talde-mentoringeko saioak eta Mentoring Dual Digital programa aurkeztea, urtero Bilbon egiten den Mentoring-eko kongresuan.
ESPERIENTZIAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZAREN ALDEKO APUSTUA
Bilboko Udalak urte asko daramatza mentoring-programak garatzen, enpresei eta saltokiei beren gaitasun, eskumen eta trebeziak hobetzen laguntzeko.
Gaur egun, Mentoring Bilbao programako hamahirugarren edizioa egiten ari dira. Ildo horretan, zortzi hilabetez, 23 bat aholkularik eta aholkuak jasotako beste hainbestek hainbat topaketa eta bilera egingo dituzte beren esperientziak, gomendioak eta informazioa partekatzeko. Bilera edo topaketa horien helburua aholkuak jasotako pertsonen profesionalizazioa hobetzea da, honako hauei esker: esperientzian oinarritutako ikaskuntza, ideia berriak pixkanaka sartzea eta beren negozio-planak hedatzen lagundu dezakeen harreman-sare bat sortzea.
2008an Mentoring Bilbao programa abian jarri zenetik, tresna horrek nazioartean lortu duen eraginaren aldeko apustua egin du Bilboko Udalak; guztira, 150 saltokik eta enpresa txikik eta ertainek lehiakortasuna hobetu dute parte hartu duten 87 aholkularien laguntzaren bidez.
Mentoring Dual Digital proiektu pilotua abian jarrita, Bilboko Udalak konpromiso hori indartu eta programa osatu du, kasu honetan, negozio txiki eta ertainetan digitalizazioa bultzatuz.