Apirilak 15
- Gaur goizean egin da ATELIER proiektuaren aurkezpen ofiziala, eta honako hauek bildu dira lan-saioan: Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia; Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasuna eta Jasangarritasun zinegotzia; Javier Marqués, EEEko zuzendari teknikoa; Iñaki San Sebastián, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Frans Verspeek, Europako proiektuaren koordinatzaile nagusia.
- Ekimenaren xedea da kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzen duten eremuak eratzea eta errepikatzea, bai eta hiriaren energia-ikuspegi bat sortzea ere, 2050era begira.
- ATELIER proiektuaren esparruan, Bilbo eta Amsterdam izan dira energia sortzeko irtenbide berritzaileak bilatzeko eta proposatzeko hautatu dituzten hiriak, eta, gero, Europako beste sei hiritan errepikatuko dira lorpenak.
ATELIER proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da Bilbon. Ekimenaren esparruan, Bilbo eta Amsterdam izan dira energia sortzeko irtenbide berritzaileak ekartzeko hautatu diren hiriak, eta gero beste sei hiritan errepikatuko dira emaitzak.
Bilboren kasuan, Zorrotzaurre izango da proiekturako espazio esperimentala. Esperientzia horiek abiapuntutzat hartuko dira, hiriek gero hiriaren 2050eko Energia Ikuspegia garatzeko.
Bilboko Udaletxean egin da ATELIER proiektuaren aurkezpena, eta honako hauek bildu dira lan-saioan: zuzendari-lanetan Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia, eta parte-hartzaile gisa Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasuna eta Jasangarritasun zinegotzia; Javier Marqués, EEEko zuzendari teknikoa; Iñaki San Sebastián, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Frans Verspeek, Europako proiektuaren koordinatzaile nagusia.
Lehenengo aurkezpen-saio honen ostean, Bilboren energia-trantsiziorako diagnostiko-tailer bat garatu da, non proiektuko bazkide diren beste entitate batzuek eta askotariko gizarte-eragileek parte hartu duten. DAFO Bilbao diagnostiko-tailerra lankidetzarako prozesu bat da, eta energia-trantsizioan murgilduta dauden askotariko eragileek beren ezagutza eta zalantzak helarazi ahal izango dituzte bertan.
ATELIER (hemendik sortu dira siglak: AmsTErdam and BiLbao cItizen drivEn smaRt cities) Europako Smart Cities and Communities Lighthouse proiektuaren barruan dago, zeinak kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzeko eremuak sortu eta errepikatu nahi dituen Europako zortzi hiritan. Proiektuan, halaber, 2050erako Energia Ikuspegi bat prestatuko da bertan parte hartuko duten hirietarako. Hiriaren ikuspegi horren elementuek hirien epe ertaineko eta luzeko helburuak finkatuko dituzte, bai eta hiriaren energia-sistema modu eraginkor eta osoan deskarbonizatzeko trantsizio-agertokiak ere.
ATELIER proiektuan, irtenbide berritzaileak bilatuko dira bi hirietan —Amsterdam eta Bilbo–, eta proiektuko beste sei kideek —Bratislava, Budapest, Kopenhage, Krakovia, Matosinhos eta Riga— eskaintzen dizkieten esperientziak errepikatuko dituzte.
ATELIER proiektu europarrean 30 bazkidek parte hartuko dute. Bestalde, hiri adimendunen garapena du xede, eta deskarbonizazioa zein energia-trantsizioak aldaketarako bektoreak izango dira parte hartzen duten Europako zortzi hirietarako. ATELIER proiektuaren bitartez, teknologia berriak, finantzaketa-eredu berriak eta negozio-ereduak probatu nahi dira, energiaren alorreko proiektu berritzaileak bultzatzen laguntzeko.
BILBOKO ESPERIMENTAZIO-POLOAK ETA AURREKONTUA
ATELIER proiektuak 5 urte iraungo du, eta 22 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Horietatik, 20 milioi euroko ekarpena egingo du Europako Batzordeak.
Zenbateko horri dagokionez, 8 milioi Bilbori dagozkio, Bilboko Udalak osatuko duen lantaldearekin. Horrez gain, honako hauen arteko koordinazio-lanez arduratuko da: tokiko erakunde osoa, Zorrotzaurre Kudeaketa Batzordea, Tecnalia, Iberdrola, EEE, TELUR, Deustuko Unibertsitatea, Zabala Innovation Consulting, Cartif eta Energia Klusterra. Zenbateko horri dagokionez, Udalak 1,8 milioi euro kudeatuko ditu zuzenean.