Azaroak 16
-
Bilboko Udalak, Invest in Bilbao atzerriko inbertsio-bulegoaren bidez, Bilbao Business Explorer abiarazi du, atzerriko inbertsioa eta enpresak erakartzea sustatzeko tresna.
-
Tresna berria garapen ekonomikoaren arloko online soluzioetan munduko liderra den GIS Planning-ek garatu du, eta atzerriko enpresei eta agente inbertitzaileei erabakiak erraz eta azkar hartzen laguntzen die.
-
Zorrotzaurreko uhartea da jada hiriaren inbertsio-gune berria, konexio onei eta enpresak instalatzeko dituen eremu zabalei esker.
Invest in Bilbao, Bilboko Udalaren atzerriko inbertsiorako tokiko bulegoak, Bilbao Business Explorer abiarazi berri du, atzerriko inbertsioa eta enpresak erakartzea sustatzeko tresna.
Aplikazio hori garapen ekonomikoaren arloko online soluzioetan munduko liderra den GIS Planning-ek garatu du. Tresna horrek, klik batean, atzerriko inbertitzaileentzat funtsezkoak diren era guztietako datuak eskaintzen ditu (datu demografikoak, ekonomikoak, enpresa-jarduerari buruzko datuak…).
Bilbo da zerbitzu hori abian jarri duen estatuko lehen hiria, hirian eta inguruetan negozioa garatzeko interesa duten inbertsiogileek erabakiak hartzea errazten duen zerbitzua alegia.
Zerbitzu berri honekin,Invest in Bilbaok abangoardian jarri du Bilboko hiria inbertsio-erakarpenaren esparruan. Era berean, zerbitzu honek Hiribilduaren hiri eta ekonomia eraldaketarako bidea zabaltzen du, azken teknologiari esker eta unean uneko datu eguneratuen eskaintza handiagoari esker.
Horrezaz gainera, Bilbao Business Explorer tresnak atzerriko enpresa eta inbertitzaileei lagundu diezaieke ondo taxuturik dauden erabakiak hartzen eta negozio-aukerak erraz eta azkar aurkitzen; horrela, enpresa horiek denbora eta dirua aurreztu dezakete merkatu-ikerketaren alorrean, eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa izan dezakete, orain arte horrelako azterlanak egiteko ezinbestekoak ziren joan-etorriak saihesten baitira.
GIS Planning online GIS datu-softwarearen industriako hornitzaile liderra da inbertsioak erakartzeko. FT Specialist Group-en parte da eta The Financial Times-en zerbitzu bat da; industriaren arloko liderrei eta garapen ekonomikoaren alorreko agentziei nazioarteko inbertsio-fluxuei buruzko informazioa eta analisia ematen espezializaturik dago.
NOLA AURKITU EGUN BAKAR BATEAN ENPRESA BATENTZAKO KOKAGUNERIK ONENA BILBON
Bilbao Business Explorer tresnak, edozein negozio edo partikularrentzako eskuragarri dagoenak, milaka tokiren datuak aztertzen ditu modu zehatz eta eguneratuan, eta horrek Bilboko hiriaren irudi argia izatea ahalbidetzen du. Era berean, interfaze interaktiboa eta infografia errazak eta bistaratzerakoan erakargarriak diren irudiak ditu, eremu bakoitzaren ikuspegi orokorra errazten dutenak; horrezaz gainera, interfazea “rmobile friendly”’ da eta, hainbestez, edozein gailutatik bisitatu eta erabil daiteke.
Erabiltzaile bakoitzak mapa-geruzei buruzko datuak ikus ditzake, eskuratu nahi den informazioaren arabera, eta sailkatu, partekatu eta deskargatu daitezkeen tresna interaktiboak, koadroak, grafikoak, infografiak eta txostenak erabil ditzake. Horri esker, enpresa baten kokagunerik onena, eremu jakin baten garapen-potentziala edo ezaugarri demografikoak hautatzeko datuak erdiets daitezke.
Azken batean, hiriaren aukeren eta Bilbok era guztietako sektoreetako inbertitzaileentzat eskaintzen dituen aukeren irudi zehatza eraikitzen laguntzen du. Horrezaz gainera, gida osorik deskargatzeko aukera ere ematen du, Bilbori buruzko informazio guztia biltzen duena.
GIS Planning tresna The Financial Times Ltd.en atal bat den fDi Intelligence-k garatu duen tresna bat da. fDi Intelligence industriaren arloko liderrei eta garapen ekonomikoaren alorreko agentziei nazioarteko inbertsio-fluxuei buruzko informazioa eta analisia ematen espezializaturik dago.
ZORROTZAURRE, HIRIKO INBERTSIO-GUNE BERRIA
Zorrotzaurreko hiri-uhartea inbertsioak egiteko aukerarik handienak ematen dituen eremuetako bat da, Bilbon abian jarri den hiri-berroneratzeko azken proiektu handia baita. Gune hori ondo konektatuta dago hiriko gainerako tokiekin, eta eremu zabalak ditu, jarduera ez-kutsatzaileak egiten dituzten enpresak instalatzeko; gune ezin hobea da, batez ere, jarduera digitaletarako, hala nola bioteknologiarako, teknologia aurreraturako, sormen-industrietarako eta berrikuntza-industrietarako edota zerbitzu aurreratuetarako; horrezaz gainera, eremu horretan arreta jarri nahi da laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektiboei enplegua emate aldera.
Bilboko Udalaren helburua hiriko gune hori ezagutza berriak eta azken teknologiak oinarri hartzen dituen berrikuntza arloan erreferente bilakatzea da.
Horretarako, Zorrotzaurreko uharteak bi berrikuntza-parke izango ditu, prozesu berritzaileetarako 19 eraikinekin: Ipar Punta Hiriko Parke Teknologikoa, 34.000 m2-ko eraikigarritasuna duten bost lurzatirekin hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilerarako, eta Hego Punta Hiriko Parke Teknologikoa, 81.000 m2 inguruko eraikigarritasuna duten beste bost lurzatirekin, hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilerarako.