Bilbok ekonomia sozial eta solidarioaren esparruko master amaierako lanik onenak saritu ditu

Abenduak 20

  • Lehiaketa 2022. urtean proiektuaren jarduera-ardatzen barruan bultzatutako berrikuntzetako bat da. Horren bidez, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren arloko Master Amaierako Lana (TFM) egiten duten ikasleen artean ikasketa eta ikerketa sustatu nahi dira.

  • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa den Ekonopolo, REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak sustatutakoa, ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia-gune bihurtu nahi da, zeina ekintzailetzako eta garapen ekonomiko sozial eta kooperatiboko eredua eskaintzen baitu.

Gaur goizean euskal unibertsitateetan egindakoak diren eta ekonomia sozial eta solidarioarekin zerikusia duten Master Amaierako Lanik onenen sari-banaketa antolatu da Ekonopoloren egoitzan.

Bertan izan dira Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Ochandiano, eta REAS Euskadiko presidentea, Marian Díez López, baita aurkeztutako bederatzi proiektuak ebaluatzeaz arduratu diren bi epaimahaikide ere: Juan Carlos Pérez de Mendiguren, EHUko Hegoa Institutukoa, eta Aitziber Mugarra, Deustuko Unibertsitateko Ikerketa Kooperatiboen Institutukoa. Gainera, unibertsitate-lehiaketako parte-hartzaileak ere egon dira.

Lehiaketak lortu nahi du Ekonomia Sozial eta Solidarioaren arloko Master Amaierako Lana (TFM) egiten duten ikasleen artean arlo horren inguruko ikasketa eta ikerketa sustatzea. Sari-banaketarako ekitaldia, halaber, ekonomia sozialak unibertsitate-esparruarekin dituen loturak ikusarazteko balio du.

Lehen saria 600 eurokoa izan da, eta bigarrena eta hirugarrena 300 eurokoak, REAS Euskadiren entitate kideen produktuetan eta zerbitzuetan erabiltzekoak. Honako hauek dira saritutako proiektuak:

  • Udal-politiken potentziala trantsizio sozioekologikoetan: Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren ikaskuntzakHelena Gonzálezek aurkeztua.
  • Bogan esperientziaren hazkunde kooperatiboaren prozesuaren sistematizazioaRicard Mendietak aurkeztua.
  • Emakumeen ahalduntzea Ekonomia Solidarioaren eremuan: REAS Euskadiren kasuaMariana Garcíak aurkeztua.

Unibertsitate-lehiaketa honen lehen edizioa egin da aurten, eta 2022an Ekonopoloko proiektuaren barruan garatutako bi jarduera-ardatz berrietako baten barruan aurkezten da, Proiekzio Soziala izenekoan. Jarduteko ardatz horrek beste eragile sozial batzuei eta herritarrei irekita dagoen espazio bat sortzeko helburua du, non ekonomia sozialaren eta solidarioaren inguruko sentsibilizazio-jarduerak garatu ahal izango diren.

Lehiaketaz gain, beste bi jarduketa ere egiten ari dira: Ekonopolo Programazioa, hainbat talderi zuzendua, proiekzioen, tailer praktikoen, hitzaldien, liburuen aurkezpenen, produktuen dastatzeen, ekonomia sozial eta solidarioaren zerbitzuetako aurkezpenen edota esku-hartze artistikoen bidez, besteak beste; eta Hackathon Ekonopolo: ESSren araberako erronkei aurre egiteko irtenbideak, hezkuntza erdigunean kokatu nahi duena, ekonomia sozial eta solidarioa eta ekintzailetza Bilboko ikastetxe, unibertsitate eta elkarteetan ezagutarazteko.

Beste jarduketa-ardatz bat ekonomia sozial eta solidarioko ekintzailetza da. Aurten Ekonopoloko proiektua sendotu nahi du, ekonomia sozial eta solidarioko enpresak sortzen eta sendotzen laguntzeko sistema gisa.

EKONOMIA SOZIALAREN ETA SOLIDARIOAREN ERREFERENTZIAZKO ESPAZIOA

2020an jarri zen abian Ekonopolo Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa, Bilboko Udalak bultzatutako ekimena, REAS Euskadiren laguntzarekin.

San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopolo proiektuaren helburua ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea da, baita ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea ere, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz. 2022an jarduketa-kopurua handitu egin da lan-ildo hori indartzeko.

Era berean, Ekonopolo proiektuaren barruan Harrobia Auzo Factory aurkitzen dugu, aldi baterako kokapena eskaintzen duena Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen sustatzaileentzat, enpresentzat eta profesionalentzat, beren jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren (ESS) balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egin dezaten.

Harrobiko plazan dago, 5. zenbakian, eta 1.200 m2 ditu, honako hauetara bideratuta daudenak: enpresa-moduluak, ekintzailetza-gela bat, bilera-gelak eta espazio komunak; hori guztia enpresa sortzeko, finkatzeko eta sendotzeko fase guztietan laguntza eta jarraipena eskaintzeko.

Bilboko Udalaren Auzofactory sarearen helburua —Irazabal-Matikon, Boluetabarrin eta Bilbo Zaharrean (Harrobia) ditu egoitzak— herritarren, auzoaren, enpresen eta hiriaren arteko elkargunea izatea da. Zentro horiek erreferentziazko espazioa izan nahi dute, herritarrentzat eta enpresentzat zabalik dagoena, hiriko garapen ekonomikoaren dinamizatzailea eta berritzailea dena, metodologia berriak, espazio berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak dituena eta Bilbo hirirako estrategikoak diren sektoreetan arreta jartzen duena.

SARE SOZIALAK: