Martxoak 23
-
Casilda Iturrizar parkea Bilbao basque FEST jaialdian egongo diren familia-jardueren erdigune izango da apirilaren 5tik 9ra; izan ere, malabarak eta akrobaziak egiten ikasteko zirku-tailerrak, antzerki-saioak pailazo eta piratekin eta skape park handi bat egongo dira.
-
Euskal kulturaren bederatzigarren edizio honetako berritasun bat Gargantua izango da; izan ere, Guggenheim Bilbao Museoko zabaldegira iritsiko da Txistularien Udal Bandaren eta Gaztediren zuzeneko musikarekin.
-
Bestalde, ZINEMA atalak Cinco Lobitos film luzea eskainiko du BBK Salan, hiru Goya sariren irabazlea. Horrez gain, Maldita eta Loop film laburrak egongo dira ikusgai, Goya sari banarekin, bai eta Cannes Jaialdian saritutako Cuerdas lana ere. Gainera, haurrentzako Hooper oilaskoerbia filmaren goizeko emanaldi bat eskainiko da.
Aste Santuko oporrak Bilbon igaroko dituzten haurrek askotariko jardueren eskaintza zabal bat izango dute Bilbao basque FEST jaialdian.
Apirilaren 5etik 9ra, Casilda Iturrizar parkea izango da familientzako topagune jaialdiaren bederatzigarren edizio honetan. Bilboko berdegune enblematiko horretan zirku-tailerrak egingo dira malabarismoa eta akrobaziak egiten ikasteko, piratak, pailazoak eta errege-erregina eroak protagonista dituzten antzerki-saioak egingo dira eta Eskape Park handi bat egongo da, Bilboko Zabalguneko historia eta pertsonaia adierazgarrienak ezagutzeko. Hauxe izango da Casilda Iturrizar parkeko haurrentzako programazioa, egun eta jardueren arabera:
- La Glo, zirku-tailerrak (4 urtetik aurrera), apirilak 6, osteguna, apirilak 7, ostirala eta apirilak 8, larunbata, 12:00etan
- Adabaki, familia-antzerkia, apirilaren 6an, osteguna, 18:00etan.
- Una de piratas, familia-antzerkia, apirilaren 7an, ostirala, 18:00etan.
- Babo Royal, familia-antzerkia, apirilaren 8an, larunbata, 18:00etan.
- Eskape Park, apirilaren 6an, osteguna, apirilaren 7an, ostirala, eta apriilaren 8an, larunbata, 12:30ean eta 17:00etan.
Bilbao basque FEST jaialdiaren aurtengo berritasun garrantzitsuenetako bat Gargantuaren debuta da. Bilboko eta euskal kulturaren betiko pertsonaietako bat da, eta “haurrak jaten dituen” erraldoia Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian egongo da apirilaren 6tik 8ra, ostegunetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Horrez gian, 12:00etatik 13:00etara Txistularien Udal Bandaren zuzeneko musika izango dugu bertan, eta 17:00etatik 19:00etara Gaztedirena.
Aste Santua familiarekin gozatzeko Bilbao basque FESTek eskaintzen dituen beste jarduera batzuk herri-kirolen tailerrak dira. Apirilaren 6tik 8ra, ostegunetik larunbatera, goizez (11:30) eta arratsaldez (16:30) Areatzako kaian eta zortzi urtetik gorako haurrentzat, trontza eta harri-jasotze tailerrak egongo dira, besteak beste.
Era berean, apirilaren 9an, igandean, 12:00etatik 14:00etara Areatzako karpan hainbat jarduera egingo dira familia osoarentzat: Bizkaiko eta Arabako bolo-txapelketa, euskal igelaren txapelketa, belaunaldien arteko zur-jokoen tailerrak, alkoholik gabeko koktel tailerra, Bilboko pintxo tradizionalen tailerra eta Bilbao Musika Eskolako trikitixa-taldearen musika animazioa.
HAURRENTZAKO GOIZEKO SAIOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO EUSKAL EKOIZPENIK ONENAK
Bilbao basque FESTen bederatzigarren edizioan, berritasun bat gehitu da ZINEMA atalean. Goizeko zinema-saio bat egongo da egunero Hooper oilaskoerbia filmarekin. Filma BBK Salan proiektatuko da apirilaren 6an, osteguna, apirilaren 7an, ostirala, eta apirilaren 8an, larunbata, goizeko 12:00etan. Filma euskara hutsean ekoitzi da, eta erdi erbi erdi oilo den pertsonaia dibertigarri baten istorioak kontatzen ditu.
Euskal kulturaren jaialdiak jakin badaki ikus-entzunezkoen euskal sektorea une bikainean dagoela. Sektorea garatzeaz gain, aintzatespena jasotzen ari da, eta, hori dela eta, aurten hiru Goya sari irabazi dituen Cinco Lobitos filma eskainiko du, BBK Salan hori ere. Egunero eskainiko da emanaldi bat, ostegun, ostiral eta larunbatean, 18:00etan. Emanaldiaren aurretik, honako film labur hauek eskainiko dira: Maldita, Film Labur Dokumental Onenaren 2023ko Goya saria; Cuerdas, Cannes Jaialdiaren Kritika Astean nabarmendu zuten, Montpellierreko Mediterraneo Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Handia irabazi zuen eta 2023ko Goya sarietan Fikziozko Film Labur Onena kategorian hautagai izan zen, eta Loop, Animaziozko Film Labur Onenaren 2023ko Goya saria.
BILBAO BASQUE FEST ZIFRETAN
Bilbao Basque FEST euskal kulturako jaialdia, apirilaren 5etik 9era bueltan izango dugu, Bilboko Udalak antolatutako 200 jarduera baino gehiagorekin. Jaialdiak sei gai (Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport) izango ditu hiriko 30 bat espaziotan zehar.
Bilbao Basque FEST jaialdia Euskal nortasun kutsua duen kultura eta aisialdi proposamena da eta hiria jarduera ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko gune gisa finkatzea lortu du, Bilbo dinamizatzeko eta Aste Santuan bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko.
360 jatetxe, taberna, merkataritza, denda espezializatu… parte hartuko dute 230 artista baino gehiago barne hartzen dituen eta 150 pertsonari baino gehiagori lana emango dien edizio honetan, jaialdia ekoizteko eta gauzatzeko..
Jendeak honako jarduera hauetaz gozatzeko aukera izango du, besteak beste: musika, dantza eta antzerkiko 69 ikuskizun, euskal kiroleko 25 jarduera eta zero kilometroko produktuen 900 dastatze espres eta 400 tailer gastronomiko txiki baino gehiago.
Gainera, Bilboko Udalak euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko 15.000 informazio liburuxka banatuko ditu, jarduerei eta ordutegiei buruzko xehetasun guztiekin eta herritarrentzako informazio erabilgarriarekin.
Hemen duzu Aste Santuan Bilbon Bilbao basque FEST jaialdiaz gozatzeko behar duzun informazio guztia eta programa osoa: basquefest.bilbao.eus.
SARE SOZIALAK: