Maiatzak 31
-
Bilbao Convention Bureau ataleko ordezkaritza Alemaniako hirira joango da, hemengo 10 enpresen laguntzarekin, kongresuei, enpresa-bilerei eta pizgarriei lotutako bidaiak erakartzeko.
-
Azoka maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 2an amaituko da, eta 90 herrialde baino gehiagotik etorritako 2.800 erakusmahai inguruko bilduko dira bertan.
Bilbok nazioarteko promozio-egutegia berreskuratu du pandemiaren ondoriozko etenaldia eta gero, eta, horrela, bileren sektorearen azoka garrantzitsuenetako batean parte hartuko du berriz ere: IMEX Frankfurt.
Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean, Bilbao Convention Bureau ataleko ordezkaritza bat egongo da Alemaniako hirian, eta Bilbok kongresuen eta bileren egoitza gisa duen ahalmena erakutsiko dute han, bertoko beste hamar enpresen laguntzarekin: Palacio Euskalduna, BEC, Ercilla de Bilbao, Melia Bilbao, Romotur, NIS, Hotel Gran Bilbao, Radisson Collection Gran Vía, STI eta GoBasquing.
Hori dela eta, datozen hiru egunetan Bilbok hitzordu bat izango du sustapenarekin, bai eta ekitaldiak, kongresuak, enpresa-bilerak eta pizgarrien bidaiak antolatzeko dituen aukera bikainekin ere.
IMEX Frankfurt azokan, bileren munduko industria osoa bilduko da, eta 90 herrialde baino gehiagotatik hurbildutako 2.800 erakusmahai inguru batuko dira.
Honako hauek parte hartuko dute ekitaldian: ekitaldi handiak antolatzeko enpresa espezializatuak, hotelen taldeak eta kateak, aire-konpainiak, agentziak eta hornitzaileak, bai eta mundu osoko hiri eta eskualde ugari ere, Bilbok bezala, beren eskaintzak IMEX azokan ezagutzera emateko asmoz.
Bilbao Convention Bureau lehenengo ediziotik egon da ekitaldian, eta, aurten, lan-agenda bete-betea duela joango da, sektoreko nazioarteko elkarteekin, bileren turismo-eragileekin eta herrialde ugaritako enpresa handiekin batzeko asmoz.
Bilboko ordezkaritzaren asmoa da azokan profesionalekin harremanetan jarri ahal izatea eta kongresuak zein bilerak hartzeko hiriak eskaintzen dituen aukeren berri ematea. Bilbao Convention Bureauk eta kide diren enpresek, hain zuzen ere, kongresuak eta hitzaldiak antolatzeko hiriak dituen egoitzak eta ekipamenduak nahiz ingurua aurkeztuko dituzte Alemanian. Bestalde, honako hauek nabarmenduko ditu Bilboko ordezkaritzak: hotelen eskaintza, gastronomia eta aisialdirako eta kulturarako proposamenak.