Bilbon lehen 5.000 biltzarkideak batu dira, 9 milioi euroko eragin ekonomikoa utziko dutenak

Ekainak 16

  • Elikadura arloko berrikuntzari buruzko Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 biltzarra egingo da aste honetan BECen. Biltzar horretan elikagaien bioteknologiako azken berrikuntzak azalduko dituzte.

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da inaugurazio-ekitaldiaren buru.

Juan Mari Aburto alkatea Food 4 Future – Expo FoodTech 2021 biltzarraren lehen edizioaren inaugurazio-ekitaldiaren buru izan da gaur, Bilbao Exhibition Centre-ko (BEC) auditorio nagusian. Elikaduraren arloko berrikuntzaren eta edarien sektoreko 5.000 profesional batuko dira biltzarrean, 20 herrialdetatik baino gehiagotik datozenak, elikadura-sektoreko balio-kate osoaren erronkei aurre egiteko eta industriaren eraldaketan mugarri izango diren azken soluzio teknologikoak eta azken berrikuntzak eta joerak ezagutarazteko.

Bilbon egingo den Food 4 Future ekitaldi presentzialak 9 milioi euro baino gehiagoko dirutza ekarriko dio uriari eta, gainera, Euskadi FoodTech munduko erdigunea izatea ekarriko du aste honetan. Hiru egunez, Bilbo izango da munduko BPGren % 11 ordezkatzen duen industriaren egungo negozio-ereduen eta produkzio-sistemen eztabaidagunea eta espero da eskaria % 70 haziko dela hemendik 2025era bitartean. Teknologia ezinbesteko elementu giltzarri izango da sektore osoko erronkei aurre egiteko.

AZTIk eta Nebextek antolatutako ekitaldiaren barruan, ekainaren 15etik 17ra, elikadura osasungarria, elikaduraren eta edarien industriaren digitalizazioa eta jasangarritasuna aztertuko dira, baita industria horien segmentu bakoitzarena ere: okela-industria, arrantza-industria, esnekiak, olioak, nekazaritza, zerealak, kontserbak eta edariak. Horretarako, Sigma alimentación, EROSKI, Unilever, Coca-Cola, Mahou-San Miguel, Campofrío, Bonduelle, Heineken, Capsa, Iparlat, Nueva Pescanova, Gallina Blanca, Angulas Aguinaga, EIT Food, Danone eta Grupo Apex enpresek hartuko dute parte, besteak beste, eta euren arrakasta-kasu errealak eta egungo eta etorkizuneko proiektuak azalduko dituzte.

Gainera, erakundeei dagokienez, Melinda & Bill Gates Fundazioa, AZTI, Euskal Herriko Medikuntzako Errege Akademia, Vall d’Hebron Institut de Recerca, Danone Nutricia Research, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Athlectic Clubeko mediku-taldea eta Adrian David Cheok, Australiako Ordenako kide eta Japoniako i-Tokio Unibertsitateko irakasleak eta Jose Maria Ordovás Tuftseko Unibertsitateko (Boston, AEB) irakasleak zientzian oinarritutako euren ikuspegia eta ezagutza eskainiko dute.

Hainbat autonomia-erkidegotako administrazio publikoen inguruko enpresek, hizlariek eta laguntzaileek eskualde bakoitzeko arrakasta-kasuak azalduko dituzte.

Food 4 Future biltzarraren agendan FoodTech Startup Forum ere egingo da; FoodTech sektoreko startup topaketa horretan, 20 startupek beren konponbideak eta berrikuntza-proiektuak aurkezteko aukera izango dute, enpresa-sare osoaren ezagutzaren transferentzia, negozio-aukerak eta networkinga sustatuz. Food 4 Future-n azaldutako irtenbideetako batzuk hauek izango dira: Alacarte startup-a, edari baten alkohol kopurua murrizteko gailu bat lantzen dabilena; Omics, jarraibide dietetiko pertsonalizatuak lantzeko algoritmo bat duena; Cocuus, 3D teknologiaren bidez elikagaiak ekoizten espezializatutakoa, edo BioTech Foods, proteinak lantzen dituena. Horiekin batera, AgroBank, Siemens, AZTI, CNTA, IRTA, Ibermática, Lantla, Inser Robotica, Marine Instruments, Trace F ood, Combi Embalaje, PWC eta Tecnalia bezalako enpresek ere euren irtenbide teknologikoak aurkeztuko dituzte showroom-etan.

EUSKADIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN LAGUNTZA

Food 4 Future – Expo Foodtech ekimenaren lehen edizioak Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta lankidetza ditu eta, gainera, bazkide estrategikoen babesa izango du, besteak beste, ICEX, EIT Food, Hazi, ILSI Europe, Food for Life Spain, Spri Taldea, Eatable Adventures, IASP (Parke Zientifikoen eta Berrikuntza Guneen Nazioarteko Elkartea) eta San Telmo Business School. Euskadiko balio-kateko beste ordezkari batzuk ere tartean izango dira, besteak beste, Neiker agritech ikerketan, AZTI foodtech berrikuntzan, Basque Culinary Centre Fundazioa ikerketa gastronomikoan eta Euskadiko Elikagaien Clusterra.