Bilbo nazioarteko zesta puntaren hiriburu bihurtuko da maiatzean

Apirilak 23

  • Maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean, ondoz ondoko sei ostiraletan, Bilbao Iron Cup txapelketa jokatuko da Club Deportivoko frontoian.

  • Jai Alai Leagueren zortzigarren proba honek oraingo pilotaririk onenak bildu eta emakumeen masterra ere izango du.

Bilbo nazioarteko zesta puntaren hiriburu bihurtuko da maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean, Club Deportivoko frontoian oraingo pilotaririk onenak bilduko dituen Bilbao Iron Cup txapèlketari esker.

Bilbao Iron Cup-en lehen edizio hau kategoria goreneko txapelketatzat sartu da Jai Alai League-n, izen handiko beste txapelekat batzuekin bat eginez: Gernikako Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak, besteak beste.

Hartara, Bilbao Iron Cup Jai Alai League-ko zortzigarren proba izango da, eta faborito nagusia du: Aritz Erkiaga, Winter Seriesaren eta Paue, Lekeitio eta Zumaiako txapelketen irabazlea. Honen aurkariak izango dira Deportivon Barandika-Lekerika, Goitia-Basque, Biarrizko Sorozabal anaiak (Johan-Gorka), Laduche-Manci eta maiatzaren 27an eta 28an jokatu beharreko Pro-Am txapelketatik aterako den azken bikotea.

EMAKUMEEN MASTERRA

Emakumeen zesta punta ere ilusio handiko garaia ari da bizitzen. Pilotari gazteek osatzen duten belaunaldi honek erreferentzia izatea lortu du, zesta puntan lehen pausuak ematen ari diren neskatxo guztientzat. Orain arteko txapelketa eta desafioak Durangon, Lekeition, Zumaian edo Gasteizen jokatu dituzte eta hauei batuko zaie Bilbao Iron Cup-a ere. Lau bikoteak hauek dira. Erika Mugartegi eta Frida Watkins, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal eta Maite Ortiz de Mendibilk eta Arai Lejardik osatzen dutena. Emakumeen txapelketa maiatzaren 24an hasiko da, gizonezkoen finalerdiekin batera.