Hiria Bilbao BBK Live jaialdiaz gozatzeko prestatzen ari da, segurtasuna, osasun kontrola, garraio publikoa eta garbiketa koordinatzen dituen udal operatibo zabalarekin

Uztailak 6

  • Hamabi eszenatokik hartuko dute jaialdiaren hamabosgarren edizioa, horietatik zortzi Kobetamendin eta lau hirian. Bertan, ehun artista baino gehiago hartuko dituzte uztailaren 7an, 8an eta 9an.

  • Sarrerak eskumuturrekoekin trukatu beharko dira Kobetamendira igo aurretik, ohiko lekuetan: BBK Salan, San Mamesen eta BECen. Doako autobusak, aurreko urteetan bezala, San Mamesetik eta BECetik abiatuko dira. Ordua aurretik erreserbatzeko autobus-zerbitzu berri bat jarri da, sarbidea antolatzeko eta puntako orduetako estresa saihesteko. Eskumuturrekoa nahitaezkoa izango da autobus guztietan bidaiatzeko.

  • Esparrura ahalik eta lasterren joatea gomendatzen da –bereziki kanpinlarien kasuan–, laguntza mailakatua errazteko eta itxarote-denborak laburtzeko, bai eta poltsak eta motxilak erregistratzea errazteko ere, hala eskatuz gero.

  • Udalak bertaratutakoen laguntza eskatu du, eta segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren adierazpenei une oro jarraitzeko eskatu du, azken horiek operatibo bateratu bat prestatu baitute bertaratutako jendearen segurtasuna bermatzeko.

Bilbo prestatzen ari da, beste urte batez, Kobetamendin Bilbao BBK Live jaialdia hartzeko uztailaren 7an, 8an eta 9an100 artista baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldian, eta bereziki jendetsua eta berritasunez betea izango da hamabosgarren edizioa.

Dagoeneko iragarri den programazioaz gain, oraingoan izen berriak gehitu dira jaialdiaren kanpineko agertokira. Musika onaz beteko da Akelarre programazioarekin. Arraiz mendian hartuko dituzte lehen kanpinlariak, inaugurazio festa batekin, Manci eta GAZZI DJen eskutik, 20:00etatik goizaldeko 01:00era.

Jaialdiaren egun bakoitzean, 12:00etatik 20:00etara, plateren maisu hauen musika entzungo da: Alvva, Amaia Yaniz, Clock Poets eta Tronis, jaialdiaren lehen egunean; l’Empordà Mainline Magic Mindfulness: Nile Fee, Daniel 2000, JP Sunshine, John Heaven taldearen amaiera gabeko erokeriak izango dira kanpinaren buru ostiralean (larunbatean Bereziak programazioan arituko dira, jatorrizko izenarekin); larunbatean musika elektronikoa izango da nagusi kanpinean, Toccororo DJarekin, Karne Kulture taldearekin, Maninesekin eta b2bbs DJ hirukote granadarrarekin.

Aurten, Bilbao BBK Live Bereziak programazioak guztiontzako musika gehiago ekarriko du hiriguneko lau gunetaraBBK aretoan, San Miguel Areatzan, Cinzano Albia lorategian eta Vueling Isozaki dorreetan izango dira agertokiak uztailaren 7, 8 eta 9ko eguerdietan.

Ostegun eguerdian, hilak 7, BBK Aretoko agertokian Goxua’n Salsa saltsa eta euskarazko musika latinoaren banderadunak zuzenean ikusteko aukera izango da; ostiralean, hilak 8, San Miguel Areatzako agertokiak bere programazioa estreinatuko du 13:00etan Jordi Évoleren Los Niños Jesus taldearekin; 13:30ean, La Plazuela izango da Cinzano Albia lorategiko eszenatokian, eta 14:00etan, The Parrots Vueling Isozaki dorreetan, eta jarraian, Merina Gris 15:30ean. Larunbatean, hilak 9, 12:30etan Ramonets taldeak San Miguel Areatzako agertokian izango da. Jarraian, 14:00ean, Soleá Morentek bere pop flamenkoarekin atseden emango die ikusleei leku berean. Cinzano Albia lorategian, 13:00etan, Rosa Pistolak platerak hartuko ditu. Ondoren, Mainline Magic Orchestra harrigarria igoko da eszenatokira 15:00etan. Vueling Isozaki dorreetako agertokian, 14:00etan, Vic Mirallas eta Soledad Vélez izango dira 15:30ean.

Aire zabaleko jaialdien artean nazioarteko erreferentzia gisa finkatutaBilbao BBK Livek musikaren mundu mailako panoraman kokatuko du berriro Bilbo, koordinatutako hedapen garrantzitsuari eta ekitaldirako berariaz diseinatutakoari esker. Horretarako, Bilboko Udalak trafiko, segurtasun, garbiketa eta garraio publikoko operatibo garrantzitsua jarri du martxan.

Udalak, beraz, bertaratutako pertsona guztien laguntza eskatu du, aurten ere jaialdia lehen mailako kultura- eta aisialdi-ekitaldi bihur dadin. Asistentzia mailakatua errazteko eta itxaronaldiak laburtzeko, jai-esparrura ahalik eta lasterren joatea gomendatzen da. Gainera, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, kontzertuen hiru egunetan, anezka-autobusek Beyenako fabrika zaharraren inguruan utziko dituzte bidaiariak —esparrutik 800 metrora, gutxi gorabehera—; hau da, hamar bat minutuko ibilbidea egin beharko da oinez.

KOBETAMENDIRAKO SARBIDEAK

Ibilgailu pribatuentzako lehen zirkulazio-murrizketak bihar, asteazkena, uztailak 6, 11:30ean ezarriko dira, eta igandea, hilak 10, 15:00ak arte mantenduko dira, gutxi gorabehera.

Segurtasun arrazoiengatik, Udaltzaingoak ordutegi horiek alda ditzake, jende kopuruaren arabera. Era berean ekitaldiko antolakuntzak baimendutako ibilgailuei, garraio publikoari eta behar bezala egiaztatutako bizilagunei soilik utziko die pasatzen. Oinezkoentzako sarbideaz gain, jaialdira joaten diren pertsonek hainbat aukera izango dituzte esparrura sartzeko.

IGO AURRETIK, SARRERAK ESKUMUTURREKOENGATIK NAHITAEZ ALDATZEA

Sarrerak jaialdiko eskumuturrekoengatik aldatuko dira, esparrura igo AURRETIK. Atzotik, astelehena, uztailak 4, asteazkenera arte, uztailak 6, BBK Aretoan aldatu ahal izango dira 11:00etatik 20:00etara eta ostegunean, hilak 7, 11:00etatik 15:00etara.

Bigarren urtez, eta Athletic Cluben lankidetzari esker, San Mames inguruan, estadioaren barruan bertan egokitutako gune batean aldatuko dira eskumuturrekoak, bertaratutakoentzat erosoagoa izan dadin.

San Mameseko eta BECeko ordutegia uztailaren 6tik (asteazkena) 9ra (larunbata) izango da, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara.

EZIN izango dira sarrerak eskumuturrekoengatik aldatu jaialdiaren esparruan, eta EZ da eskumuturrekorik gabe jaialdirako autobusetara sartzen utziko.

AUTOBUSAK

-DOAKOAK-

Bertaratzen direnek doako anezka-autobusak izango dituzte, bai bertara joateko, bai itzultzeko. Ohikoa denez, busak BECetik (Barakaldo) abiatuko dira, Ansioko metro-geltokiaren ondotik —3.500 aparkaleku-plaza egokituko dira— eta San Mames ingurutik —Basurtuko Kaputxinoen kalearen atzealdean, BAMI eraikinaren atzealdean (Ogasuna-ETB)—.

Autobusek etenik gabeko zerbitzua eskainiko dute uztailaren 6ko (asteazkena) 12:00etatik uztailaren 10eko (igandea) 15:00ak arte. Eskariaren eta aurreikusitako beharren arabera, zerbitzu-maiztasuna aldakorra izango da. Jaialdiaren egun guztietan, 16:00etatik aurrera gutxi gorabehera, Beyenako fabrika zaharraren inguruan geldituko dira, eta bertatik, ikusleek 800 metro eskas egin beharko dituzte esparruraino.

Era berean, programatutako kontzertuak amaitu ondoren, anezka-autobusak erabili ahal izango dira itzulerako bidaia egiteko. Beyena parean jarritako geltokitik, hesitutako guneetan itxaron ahal izango diete bertaratzen direnek Basurtu-San Mamesera edo BECera hurbiltzen diren ibilgailuei.

Halaber, kanpinlarientzat kanpinetara joateko busak egongo dira bihartik aurrera, uztailak 6, asteazkena, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-esparrura joateko, bai kanpinera itzultzeko.

Kanpinera itzultzeko anezka-autobusek bi irteera-puntu izango dituzte: esparruaren inguruan dagoen ohiko geltokia eta duela hiru urte kanpinaren erabiltzaileentzat prestatutako esparruaren sarreran dagoen beste bat. Geltoki horretan, autobusek eguneko kontzertu nagusiaren ondoren bakarrik jasoko dute publikoa, eta itxita egongo da ordura arte. Gainera, sarrera horretatik ezin izango da irten kontzertu nagusia amaitu arte.

Kontzertuek irauten duten bitartean, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) kanpinaren gunearekin lotuko duen anezka-zerbitzu bat egongo da.

-AURRE-ERRESERBADUN AUTOBUSAK-

Igoera antolatzeko eta jaialdira sartzeko puntako orduetako estresa saihesteko, antolatzaileek aurre-erreserba duten autobusen aparteko zerbitzu bat jarriko dute martxan aurten, modu esperimentalean. Bidaiaren kostua 1,5 € izango da, igotzeko bakarrik egongo da eskuragarri (Felipe Serrate kaletik), ostegunetik larunbatera 16:00etatik 23:00etara. Aldez aurretik erreserbatu beharko da, irteera baino 30 minutu lehenago, jaialdiaren webgunetik edo app-etik. Zerbitzu hori jada eskuragarri dago eta pertsona bakoitzak 4 tiket erosi ahal izango ditu gehienez.

METROKO ZERBITZU BEREZIAK

Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu ostegun gauean, hilak 7, 23:00etatik 03:00etara Kobetamendiko kontzertuetara joaten diren pertsonei etxeratzea errazteko.

Ostiral eta larunbatean metroak gau osoan zehar eskainiko du zerbitzua. Maiztasunak Metro Bilbaoren webgunean kontsultatu ahal izango dira, “Hurrengo trenak” atalean.

TAXIAK

08:00etatik 16:00etarataxiek bidaiariak utzi ahal izango dituzte esparruaren sarreratik gertu.

Ordu horretatik aurrera, jaialdiaren esparrura doazen taxiek Beyenako fabrika zaharraren inguruan prestatutako geraleku batean utziko dituzte bidaiariak.

OINEZKOEN PASABIDEA

Urtetik urtera, gero eta leku handiagoa hartzen ari da jai-esparrurako oinezkoentzako sarbidea. Jende pilaketak saihesteko modu alternatibo bat da.

Horrela, barrutira oinez sartu edo irten nahi dutenek Bilbo Intermodal – San Mames ingurutik egin dezakete, hemendik: Aita Donostia plaza – Masustegi estrata – Masustegi auzoa.

MUGIKORTASUN URRIKO PERTSONAK

Doako autobus-flota gehiena egokituta dago. Busek Beyena zaharraren parean geldialdia egiten dutenean, antolatzaileek zerbitzu berezi bat jarriko dute mugikortasun urriko pertsonentzat, geltoki horretatik kontzertu-esparruraino.

Esparruaren barruan PDF plataformak prestatuko dira kontzertuetarako sarbidea eta ikusgarritasuna errazteko, eta bainu egokituak prestatuko dira.

AUTOKARABANEN BEHIN-BEHINEKO APARKALEKUA BEC-EN

Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuak martxan jartzeko beharrezkoak diren ibilgailu eta tresnak hartzeko helburuarekin, Kobetamendiko autokarabanentzako udal harrera-gunea itxita egongo da ekainaren 29ko 12:00etatik uztailaren 22ko 13:00ak arte.

Bilboko Udalak autokarabanentzako doako aparkaleku-zerbitzua jarri du egun hauetan BECeko (Bilbao Exhibition Centre) biltegien kanpoko aparkalekuan, autokarabanisten aparkaleku-eskaerari erantzuteko. Aparkalekuak 24 orduko zaintza, ur-konexioa, eguneroko garbiketa, hondakinak kentzeko zerbitzua eta hustubidea ditu.

Garraio publikoaren bidez, Bilboko erdigunearekin komunikatuta dago autobusez (Bizkaibus Bilbao-Gurutzeta Barakaldo 3136 linea) eta Metro Bilbaorekin (Ansio geltokitik).

KANPINA ETA ESZENATOKIAK “CASHLESS” JAIALDI BATEAN

Jaialdiaren eremutik 3 kilometrora kokatuta dago, Bilboko aisialdirako esparru handienetako batean. Bilbao BBK Live jaialdiaren kanpalekua berdegune handi bat da, eta beharrezko zerbitzu guztiekin hornituta dago: ura, dutxak, komunak (ispiluekin), entxufeak, supermerkatua, armairuak eta janaria prestatzeko tokia. Kanpalekua asteazkenean (uztailaren 6an) irekiko da, 12:00etan, eta igandean (uztailaren 10ean) itxiko da, 15:00etan.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, baimendutako gune horretan soilik kanpatu ahal izango da, eta kanpinlariei eskatu die ez daitezela oinez joan kontzertu-gunetik kanpalekura, hau da, 24 orduko doako autobus-zerbitzua erabil dezatela mugitzeko, bereziki gauez. Era berean, gogorarazten da segurtasun arrazoiengatik ezin dela surik egin.

Jaialdiaren esparruaren ateak 17:00etan irekiko dira egunero, eta Bilbao BBK Live 2022ren musika zortzi agertokitan bilduko da Kobetamendin –horietako bat kanpinlarientzat bakarrik, Akelarre agertokia–.

Aurten ere Bilbao BBK Live cashless jaialdi bat izango da erabat, hau da, ez da esku-dirurik erabiliko. Publikoak jaialdiko ordainketa guztiak (merchandising-a, janaria eta edariak) eskumuturreko batekin egin ahal izango ditu, bertaratuek sarrera erosterakoan jasoko dituzten eskumuturreko adimendunetan integratutako teknologiari esker, ordainketa-sistema segurua bermatzen duena.

Eskumuturrekoa online kargatu daiteke, jaialdiaren aplikazioaren edo webgunearen bidez, baita modu fisikoan ere, esku-dirutan edo txartela erabiliz, Kobetamendiko esparruan erabilgarri jarriko diren eskumuturrekoak kargatzeko puntuetan. Kargatzeko puntuetan edo jaialdian erabiliko diren kobratzeko gailuen bidez saldoa kontsultatu ahal izango da.

Dirua online kargatu dutenei automatikoki itzuliko zaie soberan geratzen zaien zenbatekoa, eta gutxieneko kostu bat egongo da transferentzia bakoitzeko. Eskumuturrekoa jaialdiko postuetan kargatu dutenek esparruan bertan eskatu dezakete dirua itzultzeko, gutxieneko zenbatekorik gabe. Gutxieneko kostu bat egongo da transferentzia bakoitzeko. Gainera, jaialdia amaitu eta lau egun ostean itzulketak egiteko atari bat erabilgarri jarriko da. Ez da gutxieneko zenbatekorik ezarriko, baina transferentziak egiteagatik gutxieneko kostu bat aplikatuko da.

GARBIKETA

Bilbao BBK Live 2022an garbiketa eta hondakinen bilketa lanak egingo dira jai-esparru osoan, 07:00-08:00etatik 15:00etaraEgunero 43 langilek parte hartuko dute batez beste, 21 ibilgailuren laguntzarekin –kamioien eta ekortzeko makinenak–.

Garbiketa-maila egokiei eusteko, 478 edukiontzi instalatuko dira guztira: 1.100 litroko edukiontziak, kuboak eta igluak eta 6 m3-ko 6 erretilu. Garbiketa-operatiboak egunero hainbat bilketa egingo ditu kanpaldi-gunean, kontzertuen aurretik eta ondoren, eta errepaso sistematikoak egingo dira sarrera nagusian eta inguruetan, kanpin-guneko gune komunetan eta autobus-geltokietan, bai kontzertu-gunean, bai Bilbobuseko unitateak abiatuko diren guneetan.

“Basoa” agertokian garbiketa lanak guztiz eskuzkoak izango dira, zuhaitzen dentsitatea dela eta.

Gainera, kontzertu-egunetan, garbiketa-dispositibo berezi bat mantenduko da Altamira auzo osoan, oinez igotzen eta jaisten diren bertaratuen “aztarna” saihesteko. Jaialdia amaitu ondoren, garbiketa sakona egingo da Kobetamendi parkean, herritarrek erabil eta goza dezaten.

Talde berde bat arduratuko da, halaber, ingurunea garbi edukitzeaz eta Kobetamendiko parkea zaintzeaz, bai ikusleek, bai Bilboko herritarrek etorkizunean ere parkeaz gozatzen jarraitu ahal izan dezaten.

Era berean, eta kontzertuen esparruko operatiboa alde batera utzita, garbiketa zerbitzua berrantolatu egingo da hirian arreta behar duten puntuei erantzuteko, hala nola jendea jaialdira eramateko autobus-geltokiei eta San Mameseko zabalguneari.

JASANGARRITASUNA

2022an, Bilbao BBK Live jaialdiaren antolakuntzak hainbat egokitzapen-lan egin ditu Kobetamendi eta Arraiz parkeetan, ur-horniduraren eta saneamenduaren sarea hobetzeko, jaialdi jasangarriagoa lortzeko helburuarekin.

Aurreko edizioetan egin izan den bezala, eta jaialdiaren ingurumen-inpaktua murrizte aldera, beste neurri batzuk ere ezarriko dira, hala nola edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea, birziklatzeko edukiontzidun garbiguneak areagotzea eta aplikazio ofiziala sustatzea, hartara, papereko informazioa murrizteko eta cashless aukera sendotzeko. Azken horren bidez, “tocken” delakoa edo jaialdiko dirua ekoiztea saihesten da.

Bilbao BBK Livek ingurumen-kudeaketa integratua duten hornitzaileekin lan egiten du, eta laugarren urtez Erronka Garbia izeneko ziurtagiria eskuratu du. Horren bidez aintzatesten dira antolakuntzan eta diseinuan ingurumen arloko neurriak jasotzen dituzten ekitaldiak, horiek egiteak ingurumenean dakartzan balizko eragin kaltegarriak murrizteko. Une oro, jaialdiak Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Publikoarekin batera lan egin du. Ihobek Eusko Jaurlaritzari laguntzen dio ingurumen-politika garatzen eta ingurumen-jasangarritasunaren kultura hedatzen EAEn.

Jasangarritasunaren aldeko beste neurri batzuen artean, jaialdiak 0 kilometroko kontratazio-politika du, Bilbo eta Bizkaiko hornitzaileei lehentasuna emanez. 3.600 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan Bilbao BBK Live inguruan, eta horien % 72 bizkaitarrak dira. Jaialdiaren enpresa hornitzaileen artean, % 50ek Bizkaian dute egoitza.

Bilbao BBK Livek jendeari zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina bat izango du, eta, horren bidez, edalontzi berrerabilgarria eta esparru osoan hondakinak gaika biltzeko edukiontziak erabiltzera gonbidatuko du.

Jaialdiak bat egiten du Zierbena Sarea, Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek gure eremuko migratzaileentzako kanpadendak eta elikagaiak elkartasunez biltzeko antolatu duten ekimenarekin. Eskualdeko familia behartsuei ere emango zaie laguntza, gonbidapenen bidez bildutako eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak banatuko duen dohaintzari esker.

ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIALDIA

Ohikoa den bezala, Bilboko Udalak eta jaialdiaren antolakuntzak ahaleginak batu dituzte Eraso Sexisten aurkako Prebentzio eta Sentsibilizazio Kanpaina aurkezteko. “Ez beti da EZ . NO es NO” lelopean –Bilboko gizartean hedatua, Aste Nagusiko eraginagatik–, ekimenak errespetuan eta askatasunean oinarritutako portaerak eta harremanak sustatzea du helburu, baita Bilbao BBK Live jaialdian ere.

Aurreko urteetan bezala, informazio-gida bat prestatu da lau hizkuntzatan, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago eskuragarri; bertan, eraso sexistak identifikatzeari eta horien aurrean erantzun beharreko moduari buruzko informazioa jaso da. Gida digitalki eskuratu dezakegu, jaialdiaren webgunean eta aplikazioan deskargatu daiteke-eta. Bertan, eraso sexistak zer diren argitzen da neska zein mutilei zuzendutako mezu zuzenekin.

Gainera, Udalak gogorarazten duenez, doako APPa dago eskuragarri, Android eta iOS erabiltzaileentzat, “AgreStop/EraStop”. Tresna horrek aukera ematen du poliziari berehala abisatzeko, arrisku-egoera batean egonez gero edo erasoren bat jasan edo ikusiz gero. Horretarako, “larrialdi-botoia” sakatu, eta seinale bat igorriko zaio poliziari. Botoia aktibatzen duen pertsonaren kokapenaren berri ematen dio poliziari; edo, bestela, “laguntzaile” aukera ematen du, hau da, mugikorreko telefono-kontaktu bat hautatu, eta hark botoia sakatu duenaren etxerako bidea jarraitu ahal izango du mapa birtual baten bidez.

Bilboko Udalak gogorarazten du eraso sexistak salatu daitezkeela. Horrez gain, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko harremanen aldeko konpromiso aktiboa izateko deia egin die herritarrei.

Gainera, aurten, jaialdiak Bilboko Anitzak elkartearekin ere lan egingo du. Elkarte horrek LGTBIQ+ kolektibo osoaren berdintasuna lortzeko lan egiten du, eta jaialdian bertan egongo da, behar duenari aholkuak emateko.

SEGURTASUNA

Aurtengo edizioan, jaialdiaren segurtasuna indartuko da berriro, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Bilbao BBK Liveko segurtasuneko langileek koordinatutako operatibo berezi baten bidez, bertaratutakoen ongizatea bermatzeko, bai jai-esparruaren barruan, bai inguruetan.

Udaltzaingoak zonarako sarbideak eta sarrera zainduko ditu, delituak eta istiluak saihesteko, eta arreta berezia eskainiko die, halaber, iruzurrezko salmentari eta bertaratutako pertsonen bide-segurtasunari.

Bilboko Udalak esparrura ahalik eta lasterren joatea gomendatzen du –bereziki kanpinlarien kasuan– laguntza mailakatua errazteko eta itxarote-denborak laburtzeko, bai eta poltsak eta motxilak erregistratzea errazteko ere, hala eskatuz gero.

Era berean, udalak eskatzen du ahalik eta kasu handiena egin diezaiotela ekitaldiaren segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei.

KOORDINAZIO-ZENTROA, POSTU MEDIKOA ETA ANBULANTZIAK

Jaialdiaren barruan zein inguruan erantzun egokia ematen jarraitzeko, jaialdiko segurtasuna koordinatzeko zentro bat antolatu da. Bertan, segurtasuneko langileak, udaltzainak, Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun-langileak egongo dira. Koordinatzeko zentroa eta postu medikoa, berriz, autokarabanen aparkalekutik gertu egongo dira, eta kontzertu-esparruaren barruan postu mediko bat prestatuko da, bi gunetan banatuta: asistentzia medikoko gela eta eboluzio-gela.

Kontzertuek irauten duten bitartean, anbulantziak jarriko dira esparruaren eremu guztietan: agertoki nagusietan, erlaxatzeko gunearen inguruan eta postu medikoan. Horietako bat zerbitzuan egongo da eguneko 24 orduetan. Suhiltzaileen kamioi bat, ekipo tekniko eta giza talde osoarekin, prest egongo da edozein larrialditarako ekoizpen-eremuan. Kanpalekuan, halaber, 24 orduko segurtasuneko eta osasun-laguntzako langileak egongo dira.

“BILBO MAILAKO” JAIALDI BATERAKO AHOLKUAK ETA ARAUAK

  1. Gogoratu arropa eta oinetako erosoak eramatea. Tenperatura altuak izanez gero, ez ahaztu hidratatuta egotea. Edan ura sarri, eta erabili eguzkitako krema eguzkitik babesteko.
  2. Arretaz ibili zure objektu pertsonalekin. Kanpalekuan armairuak daude, baina poltsa edo motxila aldean badaramazu, ez galdu bistatik –adibidez, jar itzazu gorputzaren aurrealdean– eta ez gorde inoiz karterarik edo diru-zorrorik atzeko poltsikoetan.
  3. Gogoratu: EZ beti da EZ edozein hizkuntzatan. ERRESPETATU.
  4. Sarrera eskumuturrekoarekin aldatu BEHAR duzu, Kobetamendira igo AURRETIK. EZIN izango dira jaialdiaren esparruan trukatu, ezta hura gabe busetara igo ere.
  5. Erabili beti autobusak kanpalekutik kontzertu-esparrura joateko, baita alderantziz ere, bereziki gauean. 24 orduz daude martxan, eta, gainera, DOAKOAK dira.
  6. Erabat debekatuta dago mugatutako eremutik kanpo kanpatzea edo Bilbao BBK Livera objektu zorrotzekin, metalikoekin, kristalezkoekin, jaurtitzen direnekin, sukoiekin edo mingarriekin sartzea. Egin iezaiguzu kasu eta motxila arina ekarri Bilbao BBK Live jaialdira.
  7. Esparru osoan prestatutako paperontziak eta edukiontziak daude, mesedez, erabil itzazu. Kobetamendi gune natural pribilegiatua da, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu.
  8. Zaindu zaitez. Ez erosi edaririk edo janaririk osasun-kontrola igaro ez duten postuetan. Eta gogoratu, neurriz kontsumitu.
  9. Aritu elkarlanean antolakundeko langileekin eta egin jaramon haien esanei. Zure ongizateagatik da. Kanpalekuan eta esparru nagusian osasun-laguntza eta segurtasuneko langileak daude; beraz, laguntza behar baduzu, jar zaitez harremanetan haiekin. Larrialdietako telefono-zenbakia 112 da.
  10. Gozatu jaialdiaz eta hiriaz ahalik eta gehien. Bilbao BBK Live jaialdiak Bilboko kultura-, ostalaritza- eta aisialdi-eskaintzari buruzko informazioa du. Aprobetxatu!

OSASUN-KONTROLA

Osasun-kontrola guztia muntatu aurretik hasten da, izan ere, Osasun eta Kontsumo Arloak memoria sanitarioak ebaluatzen ditu, eta, behar izanez gero, horien zuzenketak proposatzen ditu. Era berean, erabilgarri dauden WCen kopurua eta ur korronterako sarbidea ebaluatuko dira, aurreikusitako edukieraren arabera.

Horrela, inaugurazioaren aurreko egunean, behin azpiegitura guztia muntatuta, Osasun eta Kontsumo Arloko teknikarien hiru ikuskaritza-taldek lehenengo ikuskapena egigo dute. Ikuskapen horretan, funtsean, egiaztatuko da elikagaiak eta edariak saltzen diren gune guztietan ur-puntuak, material egokiak, behar adinako edukiera duten hotz-aparatuak, manipulazio-eremuak eta abar daudela, bai eta WCen kopurua eta garbiketa-protokoloa egokiak direla ere. Ikuskapen horiek publikoarentzako salmenta-establezimenduetan eta VIP guneetan egiten dira, bai eta langile eta artistentzako prestatutako jantokietan ere.

Inaugurazioaren egunari begira, goizean beste ikuskapen bat egingo da, eskainiko diren elikagai eta edari guztiak egiaztatzeko: jatorriak, iraungitzeak, freskotasuna, kontserbazioa, etab. Ondoren, gutxienez beste ikuskapen bat egingo da.

Gainera, kanpalekua ere ikuskatu eta kontrolatuko da.

INFORMAZIO GEHIAGOJaialdiaren webgunearenFacebooken edo Twitterren bidez eta jaialdiaren doako aplikazioa deskargatuz ( Android eta Apple erabiltzaileentzat eskuragarri).