‘Bilbao Silver Lab’ arrakastaz amaitu da, Bilboko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten zazpi proiektu testatu ondoren

Martxoak 6

  • ‘Bilbao Silver Lab’ -ek lehen aldiz eskaini die herritarrei ingurune errealetan testak egiteko hiri-laborategi bat, adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei zuzendutako soluzio berritzaileekin.

  • 49 erakunde parte-hartzailek, inplikatutako 216 pertsonak eta banakako 29 mentoretza-saiok laburbiltzen dute Bilboko Udalak zuzendutako eta SSI Taldeak koordinatutako proiektua.

  • Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, itxiera-jardunaldian nabarmendu duenez, proiektu honek “erakutsi du hiriak zer nolako ahalmena duen hiri-laborategi gisa zilarrezko ekonomian testak egiteko”.

Bilbao Silver Lab’ proiektua, Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez zuzendua eta SSI Taldeak (Grupo Servicios Sociales Integrados Cooperativa – Gizarte Zerbitzu Integratuen Kooperatiba) koordinatua, arrakasta handiz amaitu da, Bilboko adinekoen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zazpi produktu eta zerbitzu Bilboko benetako inguruneetan testatu ondoren.

Beren zahartze naturalaren zikloan, adinekoen etxeko bizi-kalitatea luzatzeko erronkari erantzuten dioten zazpi proiektu izan dira. Horretarako, arreta berezia jarri da prebentzioan eta adinekoen eta haien zaintzaileen zaintzan (fisikoa zein mentala), hartara, ahal den neurrian, hauskortasuna eta/edo mendekotasuna atzeratzeko asmoz.

Zabalgune eraikinak ostegun goiz honetan hartu du ‘Bilbao Silver Lab’-i amaiera eman dion topaketa. Bertan, zilarrezko ekonomiaren esparruan probak egitearen beharra eta onurak nabarmendu dira, berrikuntzak egunerokoan duen benetako eragina bilatzeko, kasu honetan, hiriko adinekoena eta haiek zaintzen dituztenena.

49 erakunde parte-hartzailek, inplikatutako 216 pertsonak eta banakako 29 mentoretza-saiok laburbiltzen dute ‘Bilbao Silver Lab’ -ek izan duen irismena: “Lehenengo proiektu pilotu honek aukera bikaina eman digu laguntza profesionalarekin irtenbide berritzaileak probatzeko”, azpimarratu du Kontxi Claverrek Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, topaketari hasiera emateko Zabalguneko eraikinean egin den ekitaldian. “Bilbao Silver Labek erakutsi du hiriak baduela ahalmena zilarrezko ekonomiaren esparruan hiri-laborategi gisa probak egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure hiria adinekoei —kolektibo garrantzitsua osatzen dutenak eta arreta bereziarekin zaindu behar ditugunak— zuzendutako probak egiteko gune bihurtzea ahalbidetu duten eragile guztiei”.

SALUTA APP, CONECTAD@S ETA VAMOS A CUIDARNOS

Saluta Bizkaia enpresaren Saluta App aplikazioa adinekoen zaintzaileen ongizate psikologikoa hobetzeko diseinatu zen, eta proiektu irabazlea izanik 10.000 euro jaso zituen Bilbao Ekintzaren eskutik. Bilboko ingurune erreal batean probatu zen, sei hilabetez, erabiltzaile potentzialekin, iazko urtearen bigarren erdian. Saluta App-ek Bilboko adinekoak zaintzen dituztenen osasun mentala hobetzea du xede, eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu, hala nola erlaxatzeko ariketak, autoebaluazio-probak, eskarmentua duten profesionalen aholkuak, estresa, antsietatea eta depresioa arintzeko erlaxazio- eta konexio-teknikak…

Bestalde, honako hauek izan ziren Bilbao Silver Lab-en bi proposamen finalistak, hain zuzen ere SSI Ekin Silver Economy-ren aholkularitza- eta mentorizazio-zerbitzua eskuratu zutenak, 2024an talde-saio batean eta banakako sei saiotan parte hartuta, sei asteko pilotajearekin:

  • Alicia y Guillermo Fundazioaren Conectad@s-ek biztanleriaren zahartzeari heltzen dio, konektatutako komunitateak sortuz. Proiektu sozial eta teknologikoa da, eta telebista erabiltzen du adinekoarengana iristeko eta bideo-deiak, tailer interaktiboak, bideoteka, oroigarriak eta boluntariotza eskaintzeko.
  • Vamos a cuidarnos elkartearen Vamos a cuidarnos aplikazioak informazioa eta baliabideak ematen ditu adinekoen autonomia eta bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko beren ingurunean; interfaze erraz bat du, jarduerak, zerbitzuak, ongizatea, albisteak eta prestakuntza barne hartzen dituena.

Aipatutako proiektu irabazleaz eta bi proiektu finalistez gain (negozio-ideiaren perspektibak handitu dituzte probetan parte hartu ondoren), beste lau proiektuk aukera izan zuten Bilbon proba laburrak egiteko eta banakako aholkularitza jasotzeko, Bilbao Silver Lab-en esparruan:

  • Guataplan: adinekoek elkar ezagutzeko eta euren artean planak egin eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko aplikazioa.
  • aMAYAn: bizitzaren amaieran laguntzeko proiektu bat.
  • habitaTU: pertsonak bizi diren espazioen diseinua hobetzea helburu duen gida.
  • Yuj Bilbao: yoga egokituaren proiektua.

‘BILBAO SILVER LAB’

‘Bilbao Silver Lab’ proiektua Bilboko Udalak gidatzen du, Bilbao Ekintzaren bidez, eta SSI Taldeak koordinatzen du (Grupo Servicios Sociales Integrados Cooperativa-Gizarte Zerbitzu Integratu Kooperatiba Taldea). 2023ko azaroan hasi zuen bere ibilbidea, adinekoei zuzendutako silver produktuak edo zerbitzuak dituzten enpresa eta ekintzaileentzako testatze-inguruneak sustatzeko helburuarekin.

2024ko apirilean, deialdi bat egin zen erronkari erantzungo zion irtenbide bat aukeratzeko eta irtenbide hori Bilbon probatzeko. Iazko apirilean eta maiatzean erronkari erantzun zioten proiektuak jaso ziren, eta, proiektuok baloratu ondoren, horietako sei elevator pitch izeneko fasera igaro ziren. Fase horretan, Bilbao Silver Lab-eko talde eragileko lau ordezkarik osatutako epaimahai baten aurrean defendatu zituzten proiektuak.

SARE SOZIALAK: