Bilbok eta Suediak harremanak sendotu dituzte, hiri jasangarriak indartze aldera

Azaroak 22

  • Bien arteko lankidetza estutzeko eta hiri berde eta adimendunetarako trantsizioan jardunbide egokiak trukatzeko lan-topaketa baten esparruan.

  • Bilboko Udalean nazioarteko harremanen eta garapen ekonomikoaren ardura duten zinegotziek, Eider Inunciagak eta Xabier Ochandianok, hurrenez hurren, foroaren helburu nagusia “bi hirietako proiektuak eta estrategiak ezagutzen jarraitzea” dela adierazi dute.

Bilboko Udalak, Suediako Enbaxadarekin eta Business Sweden-ekin batera (Suediako enpresei laguntzeko eta aholkularitza emateko bulegoa), lan-topaketa bat egin du gaur, bi hirien arteko loturak estutzeko eta hiri berde eta adimendunetarako trantsizioan jardunbide egokiak trukatzeko. Horrekin batera, topaketaren beste helburuetako bat uriko enpresa- eta ekonomia-sarea sakon ezagutzea da, baita izan litezkeen harreman edo inbertsioei begira proiektu estrategikoak ezagutzea ere.

Topaketaren buru Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia eta Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzia izan dira, eta eurekin batera, Suediako industriaren eta erakundeen ordezkaritza batek parte hartu du, Business Sweden-en bidez, bai eta Bilbon finkatutako klusterretako enpresek ere, besteak beste, Gaiak, Aclimak, Mugikortasunak eta Eraikunek.

Bilboko Udalean nazioarteko harremanen eta garapen ekonomikoaren ardura duten zinegotziek, Eider Inunciagak eta Xabier Ochandianok, hurrenez hurren, eskerrak eman dizkiote enbaxadari, bi hirietako loturak estutzeko eta proiektuak eta estrategiak ezagutzeko foro hori egiteko Bilbo hautatu dutelako. Ildo horretan, Bilboko Udalak Zorrotzaurren – talentuaren eta ezagutzaren uhartea- dituen erronkak zeintzuk diren azaldu dute. Garapen-espazio bat da, eta aurreikusita dago ekimen ekonomikoak, prestakuntzakoak eta ikasketakoak gauzatzea, bai eta etxebizitzak egitea ere. “Bizitzeko, lan egiteko, ikasteko eta gozatzeko leku erakargarria, talentua atxiki eta erakarri ahal izateko“, zehaztu dute.

“Gaurko topaketan, Bilbok eta Suediak loturak estutzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, bi hirientzat interesgarriak diren hainbat eremutan aurrera egiteko. Beste behin ere, ikusi dugu gure hiri-eraldaketako ereduak Eskandinaviako ordezkaritza asko erakarri dituela azken urteotan. Topaketa horiei esker, gaur egungo hainbat gai jorratu ahal izan ditugu, lankidetzan jarraitzeko konpromisoarekin”, esan dute Inunciagak eta Ochandianok.

Bilbok Suediako zenbait hirirekin Smart City sektorean abangoardian dauden hirien profila partekatzen du, 2030erako asmo handiko jasangarritasun-agendekin. Industrian eta portuetan oinarritutako ekonomia-legatua izanda, guztiak bihurtu dira hiri metropolitar, herritarrentzat eta enpresa-sarearentzat erakargarri. Horregatik, gaurko topaketak erronka ekonomiko komunak trukatzeko aukera bikoitza ematen du, baina baita 2030 Agenda finkatzeko estrategiarena ere, bi hirien arteko jardunbide hobeetan oinarritutako inspirazio eta konponbide zehatzak emanez.

Izan ere, Suediak ibilbide luzea egin du hiriak eraldatzen, eta antzekotasun handiak ditu Bilborekin alderdi batzuetan. Adibidez, Stockholm Europako bigarren hiri jasangarriena da, European Green City indizearen arabera; eta Gotemburgo eta Helsingborg 2030erako klimaren aldetik neutroak izateko hautatu dituzte Europako 100 hirien artean.

SARE SOZIALAK: