Uztailak 5
-
Bilboko Udalak, Bilbao Convention Bureau zerbitzuaren bitartez, lau eguneko bidaia bat antolatu du, ekainaren 30etik uztailaren 3ra, hiribilduak bilerak, pizgarriei lotutako bidaiak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko dituen baliabideak ezagutarazteko.
Lau egunez, ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean, MICE sektoreko Frantziako ordezkariek Bilbo eta inguruak bisitatu dituzte, hiriaren puntu desberdinak, gastronomia, eta bilerak, pizgarriei lotutako bidaiak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko zerbitzuak ezagutzeko xedearekin. Taldea ekitaldi korporatiboak zein izaera desberdineko enpresen bilerak sustatu eta zuzentzen dituzten agenteek eta biltzarrak egin ohi dituzten sozietate zientifiko eta teknologikoetako ordezkariek osatu dute.
Bisita hau garrantzitsua izan da, izan ere, merkatu frantziarra Bilbon eragin handiena duten merkatuetako bat da, hurbiltasunagatik eta maila altuko gastronomiaz gozatzeari, paisaiei, kulturari eta kalitatezko zerbitzuei dagokienez daukagun afinitateagatik.
Bertan egon ziren bitartean Radisson Hotela ezagutzeko aukera izan zuten, eta bertan, parte hartzen zuten Frantziako eragileen eta bertako harrera-agentzien (adibidez, Romotur, GoBasquing, Paso a Paso, STI, W2M eta Basque Experiences) topaketa bat egin zen. Topaketa horren ostean, hiriaren mugarri nagusiak ezagutzeko jarduera bat egin zuten, besteak beste, gizarte-jasangarritasunerako ekimenekin.
Era berean, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao, Euskalduna Jauregia, San Mames eta bilerak egiteko hainbat hotel eta baliabide bisitatu zituzten. Modu ludikoagoan, ibilbide labur bat egin zuten itsasontzian itsasadarrean zehar, Kalealdiko jarduerez gozatu zuten eta pintxoen afari informal bat egin zuten Alde Zaharrean. Gure hiritik kanpo, hainbat jarduera eta bisita egin zituzten, hala nola Basoa esperientzia —ingurumen-jasangarritasunarekin lotuta—, Berroja upeltegia, Abrako itsas-kluba eta Zubi Esekia. Azken egunean, nola ez, Guggenheim Bilbao Museoa bisitatu zuten.
Eragileen balorazioa oso positiboa izan da, eta interes handia erakutsi dute tokiko agentzien proposamenekiko, bai egoitzei dagokienez (besteak beste, Euskalduna Jauregia, BEC, San Mames edo Bizkaia Aretoa), bai gure hiriko jatetxeei, zerbitzuei eta pizgarriei lotutako jardueren proposamenei dagokienez.
SARE SOZIALAK: