Bilbok Gazteen Enplegu Planean parte hartu duten ehun bat gazteei entzun die Bilbao Arenan antolatutako jardunaldi batean

Martxoak 6

  • “Bilbao Entzumenak” ekimenaren helburua da 2022/2023 aldirako Gazteen Enplegu Planean parte hartzen duten gazteei entzutea eta protagonismoa ematea, lan-merkatura sartzeko orduan dituzten beharrizanak, espektatibak eta zailtasunak sakonki ezagutzeko.

  • 2022-2023ko Bilboko Enplegu Plana” anbizio handiko programa bat da, zeinaren bitartez ekonomia suspertu nahi den eta hirian lanpostuak sortu. Bertan, gazteentzako plan espezifiko bat jaso da, 4,7 milioi eurokoa, eta 117 lanpostu berri sortu dira horren bitartez, aurreko deialdian baino 28 gehiago.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, Bilbao Entzumenak izeneko jardunaldia antolatu du 2022-2023ko Bilboko Gazteen Enplegu Planean parte hartu duten gazteei aktiboki entzuteko, eta, hala, enpleguaren esparruan dituzten beharrizanei, espektatibei eta zailtasunei heltzeko.

Ekimena Bilbao Arenan antolatu da, eta Gazteen Enplegu Planeko parte-hartzaileei protagonismoa emateko helburua du, informazioa eskuratu ahal izateko, eta, hori erabiliz, lan-merkatura sartzeko eta bertan geratzeko beren beharrizanak esparru publikotik asetzeko ekintzak definitzeko eta diseinatzeko.

Ehun bat parte-hartzaile bildu dira, eta aukera izan dute elkarrekin aritzeko, bai eta egun osoan zehar egindako zenbait dinamikaren bidez beren ikuspegiak partekatzeko. Jardunaldiko ekintzen artean, besteak beste, gaur egun gazteek lan-merkatuan dituzten hamar erronka aurkeztu dituzte, hala nola osasun mentala, belaunaldien arteko aldeak, globalizazioa, autoezagutza, soft skills direlakoak, enplegua bilatzeko tresnak, adimen artifiziala edota askotariko trantsizioak (soziala eta sanitarioa, ekologikoa eta ingurumenekoa eta teknologikoa zein digitala). Gai horiek guztiak jorratu dituzte parte-hartzea sustatzeko mahaietan.

GAZTEEN ENPLEGU-PLANAREN BOSGARREN DEIALDIA

Bilboko Udalaren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022/2023 aldirako Gazteen Enplegu Planean kokatutako ekimen bat da Bilbao Entzumenak. Horren helburua da Bilboko gazteen langabeziari modu espezifikoagoan heltzea eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzea.

Hain zuzen ere, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta langabezian egon behar dute, erdi-mailako zein goi-mailako titulazioa eduki eta Bilbon bizi. Ekitaldi honetarako Gazteen Enplegu Planak 4,7 milioi euroko aurrekontua du (joan den urtean 3,6 milioi euroko aurrekontua izan zuen), eta 117 lanpostu berri sortu ditu (aurreko deialdian 89 sortu zituen) 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioen bitartez, tokian-tokian bultzatuak eta Bilboko Udalak, bertako arloek eta udal-entitateek zuzenean eginak.

Gazteen Enplegu Planean askotariko profil profesionalak dituzten gazteak kontratatzea aurreikusi da, besteak beste, honako gai hauen gaineko prestakuntza dutenak: teknologia berriak, administrazioa, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza-baliabideak, web-proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura-programazioa, turismo-sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte-lana. Hala, Bilbao Entzumenak ekimenaren modukoen bitartez, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea ere sustatzen da.

SARE SOZIALAK: