Irailak 29
- Laguntzen xedea da kongresuetarako, batzarretarako, jardunaldietarako, pizgarri-bidaietarako, aurkezpenetarako eta azoketarako zerbitzuen sektorean merkataritza-harremanak eskuratzeko eta mantentzeko familiarizazio-bidaiak diruz laguntzea.
- Dirulaguntza ekonomiko horiek Covid-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioak arintze aldera Bilboko Udalak onartu duen Bilbao Aurrera Planaren parte dira.
Bilboko Udalak osasun-krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko neurriak martxan jartzen jarraitzen du Bilbao Aurrera premiazko ekintzen planaren barruan. Oraingo honetan, Bilbao Convention Bureau-ko kide izateko harpidetzaren 2020. urteko kuota osoa barkatuko zaie MICE (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) sektoreari lotutako turismo-enpresei, eta familiarizazio-topaketak antolatzeko laguntza zuzenak eskatu ahal izango dituzte. Laguntzen pakete horren aurrekontua, guztira, 140.000 euro da.
Sektorearen betiko jarduerara itzultzeko sustapen-jarduera sendotu beharra dagoela ikusita, Bilbon edo lurraldean ezarrita dauden tokiko eragileek dirulaguntza hori jaso ahal izango dute merkataritza-harremanak mantentzeko zein sustatzeko ekitaldiak eta familiarizazio-topaketak antolatzeko. Familiarizazio-bidaiak sektoreko eragileak eta preskriptoreak erakartzera bideratutako jardueraren barruan daude, eta helmugarekin harremanetan jartzeko eta azken bezeroak proposamenetan sartu ahal izateko egiten dira.
Honako hauek izango dira dirulaguntzen onuradunak, eta 15.000 euro bideratuko zaizkie: hartzeko bidaien agentziak (DMC), kongresuen antolatzaile profesionalak, hotelak, MICE ekitaldien egoitzak eta esparru horretan sustapen-jarduera bat duten entitateak. Diruz lagunduko diren jarduera guztiak 2020ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
ESKATZEKO ETA EMATEKO PROZEDURA
Dirulaguntzen deialdiari buruzko informazioa Bilbao Ekintza udal-sozietatearen webgunean deskargatu ahal izango da: www.bilbao.eus/BilbaoEkintza. Eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, bicb@bilbaoturismo.bilbao.eus helbidera bidali beharko dira eskabideak 2020ko abenduaren 10eko 13:00ak baino lehen.
Eskaera-eredua Bilbao Ekintzaren webguneko LAGUNTZAK atalean dago eskuragarri.
Eskaerak kronologikoki baloratuko dira, aurkeztutako hurrenkeraren arabera, eta ebazteko gehieneko epea hogei egunekoa izango dira, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
BILBAO AURRERA PLANA
Laguntzen pakete berri hau #BilbaoAurrera Planaren parte da, Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat, 15 milioi eurokoa, eta COVID-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat duena. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.