Bilbok prestigio handiko diseinuari buruzko “Design Research Society” kongresua hartuko du 2022ko ekainean

Martxoak 18

  • Hitzordua euskal unibertsitateekin eta tokiko eragileekin batera antolatu da, eta diseinuaren sektoreko nazioarteko erreferenteak bilduko dira hiribilduan, hitzaldiak, produktuen aurkezpenak, workshopak edo mentoring programak izango dituen hitzorduan.

  • Design Research Society diziplina anitzeko munduko sozietaterik zaharrena da, eta diseinuaren ikerketaz eta azterketaz arduratzen da esparru guztietan.

Design Research Society, DRS, sozietateak Bilbo hautatu du 2022ko udan diseinuari buruzko prestigio handiko biurteko kongresu bat antolatzeko. Horrela, sektorean erreferente diren profesionalak bilduko dira hiribilduan, bai eta nazioarteko zein tokiko akademikoak eta eragileak ere.

Lankidetza publiko-pribatuak babestutako hitzordu bat dugu; izan ere, udalak, euskal unibertsitateek eta tokiko diseinuaren mundua elkarrekin egin dute lan.

COVID-19aren pandemiak eragindako gaur egungo egoera gorabehera, Bilboko Udalak lanean jarraitzen du Bilbo nazioartean ospe handiena duten proiektu eta ekitaldiak hiribilduan gauzatzeko egoitza izan dadin. Hori horrela, DRS Bilbora etortzea lortu da, eta honako hauek eskainiko ditu bertan: ohiko hitzaldi akademiko eta zientifikoen programa, produktuen aurkezpena eta workshopak, eta, berritasun gisa, beste jarduera batzuk ere bai, hala nola unibertsitateko akademikoen hitzaldiak, egoitzak, mentoring-programak eta jarduera sozialak.

Aurtengo edizioko beste berrietako bat izango da hiribilduko toki enblematikoetan antolatuko dela. Horrez gain, garapen jasangarria izango du oinarri. Ingurumena zaintzeko, eta distantzia luzeetan sortzen den eraginari aurre egiteko, aurrez aurreko jarduerak eta jarduera birtualak uztartuko dira, bai eta bitarteko beste egoitza batzuk erabili ere, non kongresuaren jarduera batzuk antolatuko diren, baina une oro Bilborekin konektatuta.

Kongresuaren alderdi akademikoak DRSk eta Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatuko dituzte, batez ere Arkitektura Eskolak, euskal unibertsitate- eta ikasketa- ekosistemako beste eskola eta fakultate batzuekin elkarlanean.

DESIGN RESEARCH SOCIETY

Design Research Society sozietate zientifiko eta akademiko bat da, eta diseinuaren ikerketa garatzea eta sustatzea du xede. Gainera, 800 bazkide baino gehiago ditu. Bestalde, alor ugaritan, diseinuaren prozesua ikertzeko eta aztertzeko diziplina anitzeko udal-sozietaterik zaharrena da. Diseinuaren esparru guztietan ikerketa eta erudizioa sustatzeko eta bultzatzeko jarduera ugari garatzen ditu, besteak beste, argitalpenak editatzea, hitzaldiak eta sinposioak antolatzea eta ekitaldiak babestea.

Hain zuzen ere, 2022. urtean Bilbon antolatuko den nazioarteko biurteko konferentzia nabarmendu behar dugu. Kongresu honen aurreko edizioak Londres, Brisbane, Lisboa, Montreal edo Bangkok hirietan antolatu dira, besteak beste.

BILBO, DISEINUAREN HIRIA

Diseinuaren aldeko Bilboren apustua 2014. urtean goretsi zuen UNESCOk, eta horren ondorioz Hirien Sortzaileen Sarean sartu zuen. Hiriak lanean dihardu diseinua eta sormena hiri-eraldaketan ardatz egituratzaileak izan daitezen. Nolanahi ere, azken xedea ekonomia- eta gizarte-garapena sustatzea da.

Une honetan eta COVID-19aren egoera gorabehera, lanean jarraitzen dugu hirira kalitate zein prestigio handiko ekitaldi jasangarriak erakartzeko, behin pandemia igarota antolatu ahal izateko.