Bilbok sormen- eta kultura-industrien sektorea bultzatu nahi du 300.000 euroko dirulaguntza-partida batekin

Urriak 6

  • Bilboko sormen- eta kultura-sektoreari laguntzea du helburu, hiria dinamizatzen duten eta herritarren partaidetza modu seguru eta arduratsuan sustatzen duten proiektuak diruz lagunduz.
  • Proiektuak urriaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira, esteka honetan eskuragarri dagoen eskaera-eredua betez: esteka.
  • Dirulaguntza ekonomiko horiek Bilboko Udalak onartu duen Bilbao Aurrera Planaren parte dira, hau da, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko plana.

Bilboko Udalak sormen- eta kultura-sektoreen aldeko apustuari eutsi dio, eta, horretarako, sektore horretara bideratutako beste partida bat emango die Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez. Hiriaren dinamizazioa modu seguru eta jasangarrian sustatzen duten proiektuen deialdiak 300.000 euroko aurrekontua izango du.

Aurkeztutako proiektuak espazio publikoetan garatu beharko dira 2021eko martxoaren 31 baino lehen, eta sormenetik gaur egungo testuinguruari dagozkion gaiei heldu beharko zaie, gizarte-garapenaren eta garapen jasangarriaren helburuei erantzuteko. Era berean, proiektuak doakoak izan beharko dira herritarrentzat, eta edozein kultura- zein sormen-esparruren barruan egon, hala nola partaidetza-proposamen artistikoak, esku-hartze grafikoak eta instalazio iragankorrak, izaera performatiboa edo informatiboa duten ibilbide gidatuak, tailerrak edo publikoarekin interakzioa sustatzen duen edozein jarduera.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Proiektuak pertsona fisiko zein juridikoek sustatu ahal izango dituzte, baldin eta pertsona horiek Bilboko sormen- eta kultura-sektoreetakoak badira eta ETE, mikroETE, autonomo, elkarte edo fundazioen forma juridikoa badute. Sektore horien barruan sartzen dira arkitekturarekin, arte eszenikoekin, ikusizko arteekin, artisautzarekin, ikus-entzunezkoekin, eduki digitalekin, diseinuarekin, modarekin, musikarekin, publizitatearekin eta marketinarekin eta bideojokoekin lotutako jarduerak.

Proiektuak urriaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira, Bilbao Ekintzaren webguneko LAGUNTZAK atalean dagoen eskabide-eredua betez. Halaber, kontsulta eta zalantza guztiak honako helbide honetan egin ahal izango dira: sectores@bilbaoekintza.bilbao.eus

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, proiektuak baloratu eta ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira posta elektroniko bidez.

PLAN BILBAO AURRERA

Laguntzen pakete berri hau #BilbaoAurrera Planaren parte da, Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat, 15 milioi eurokoa, eta COVID-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat duena. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.