Azaroak 12
- ‘Bilbao Balioen Hiria – Bilbao Ciudad de Valores‘ izeneko udal-ekimena berriki hautatu du UCLGk erakundearen “Local4Action Hub” plataformaren proposamenetako bat zuzentzeko proiektu gisa.
- Bilbo Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak ordezkatuko du gaur Bureau Exekutiboan. Bureau Exekutiboa modu birtualean egingo da.
Bilbok modu aktiboan parte hartzen du Bureau Exekutiboan, UCLGren (United Cities and Local Governments) Munduko Kontseiluaren esparruan, hots, munduko tokiko eta eskualdeko gobernuen erakunderik handienean. Bureau Exekutiboak, oraingoan modu birtualean egingo denak, bost kontinenteetako tokiko eta eskualdeko gobernuetako ordezkari instituzionalak bilduko ditu bi egunez.
Bilboko Udala Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak ordezkatuko du, eta Bilbao Balioen Hiria – Bilbao Ciudad de Valores deritzon proiektu estrategikoa sendotuko du gaur arratsaldean. Proiektu hori UCLGk hautatu duen ekimen bat da, “Local4Action Hub” izeneko plataformaren proposamenetako bat zuzentzea xede duena.
Bilboko Udalak Hub hori gidatuko du, eta horren helburua balioetan oinarritutako gobernantza-sistema sortzea da; horretarako, hiriaren eta bertako herritarren balioen ezagutza sistemikoa abiaraziko du, balio partekatuak kontsultatuz eta kapitalizatuz. Lan horren helburua munduko programekiko loturak indartzea da, eta 17 baliotan oinarritzen da. Balio horiek, aldi berean, garapen iraunkorrerako 17 helburuak islatzen dituzte.
Hiribilduak Buenos Aires, Madril edo Erroma bezalako hiriekin partekatuko du lidergoa; hain zuzen ere, hiri horiek 2050erako karbono neutrala, metropoli-korridore berdeak eta hirientzako kultura bezalako gaiei buruzko esperientziak eta ezagutzak partekatuko dituzte, hurrenez hurren.
“Local4Action Hub” UCLGren ekimen berri berezia da, kideen eginera eta esperientzien artean garapen iraunkorrari buruzko estrategia sendotzea xede duena. Aukera desberdina eskaintzen du esperientzia baliotsuak elkarrekin konektatu eta toki arloan garatzen diren soluzioak gehiago hedarazteko bideak irekitze aldera.
UCLGren EZTABAIDAK ETA PROPOSAMENAK
UCLGren Munduko Kontseiluan, “Nazioarteko udal- eta eskualde-mugimenduaren eginkizuna COVID garaian” izenekoan, eztabaida politikoak egiten dira UCLGren Dekalogoak COVID-19 pandemiaren ondorengo munduarentzat funtsezkotzat jo zituen gaiei buruz: desberdintasunak, berreskurapen berdea eta zerbitzu publikoen finantzaketa.
Beste alde batetik, UCLGren Bureau Exekutiboa erakundearen Munduko Kontseiluaren proposamenei hasiera emateaz eta erabakiak gauzatzeaz arduratzen da, eta nazioarteko erakunde horren kudeaketa administratiboaz ere arduratzen da, nazioarteko foro nagusietan tokiko eta eskualdeko gobernuen bozeramaile gisa jarduten baitu.