Bilboko Udalak 1.647 eskaera jaso ditu orain arte, ostalaritzan 1,3 milioi euro baino gehiago banatuko dituzten laguntza zuzenetarako

Urtarrila 25

  • Ostalaritzarako laguntza zuzenak eskuratzeko epea urtarrilaren 31n amaituko da. Orain arte 1.647 eskaera jaso dituzte; hau da, udalak, guztira, 1,3 milioi euro ordainduko ditu hilabete honetan bertan.

  • Udalak, halaber, Bilboko bonuen bitartez, 1,8 milioi euro baino gehiago transferitu dizkie merkataritza- eta kultura-establezimenduei. Trukatzeko epea apirilaren 30ean amaituko bada ere, dagoeneko merkataritza-bonuen % 85 eta kultura-bonuen % 72 kontsumitu dituzte herritarrek.

Bilboko Udalak orain arte 1.647 eskaera jaso ditu Covid-19 birusak kaltetutako ostalaritzaren sektorearen laguntza zuzenak izapidetzeko. Zenbatekoa, guztira, 1,3 milioi euro da, eta hilabete honen amaieran ordainduko da. Udalak gogoratu nahi du eskaerak aurkezteko epea irekita dagoela oraindik eta urtarrilaren 31n amaituko dela; hori dela eta, eskaerak webgunearen bitartez aurkeztera animatu nahi ditu sektoreko profesionalak: www.ayudashosteleriabilbao.eus. Programak, guztira, 3,3 milioi euroko aurrekontua du.

Laguntzak bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek eskaintzen dituztenekin. #BilbaoAurrera2020 Planaren 15 milioi euroekin bat egiten duen aparteko beste neurri bat da. Plan hori, hain zuzen ere, udalak pandemiaren ondorioei aurre egiteko talka-programa bat da.

Zenbatekoak

Jasoko dituzten zenbatekoak —1.000 eta 1.500 euro artean— establezimenduan lan egiten duten pertsonen kopuruaren arabera aldatuko dira:

  • 1-3 langile dituzten establezimenduak: 1.000 euro.
  • 4-10 langile dituzten establezimenduak: 1.250 euro.
  • 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 1.500 euro.

Era berean, Bilbon establezimendu bat baino gehiago izanez gero, laguntza bana eskatu ahal izango da establezimendu bakoitzeko.

Sukaldaritzari lotutako establezimenduek parte hartu dezakete programan (jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko beste establezimendu batzuk, baldin eta jarduera jendeari irekitako establezimendu finkoetan egiten badute eta lokalean bertan kontsumitzeko jatekoak eta edariak modu profesionalean eskaintzen badituzte), bai eta ostatuek eta catering-enpresek ere. Horrez gain, diskotekak eta jai-aretoak sartu dira multzoan. Kanpoan geratu dira, ordea, turismoari lotutako etxebizitzak eta janari eta edariak etxeetara eramaten dituzten enpresak.

Eskaerak aurkezteko webguneaz gain (www.ayudashosteleriabilbao.eus), udalak zalantzak galdetzeko eta informazioa lortzeko zerbitzu bat eskaintzen du posta elektroniko honen bitartez: ayudashosteleriabilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus, edo 944205357 telefono-zenbakira deituz, 09:00etatik 14:00etara.

Establezimenduei 1,8 miloi euro baino Gehiago ordaindu zaizkie Bilboko bonuetan

Bilboko Bonuei dagokienez, zeina Bilbao Aurrera 2020 Planaren neurri garrantzitsuenetako bat den, merkataritza- eta kultura- bonu guztiak eskuratu ostean (82.488 bonu), udalak dagoeneko 1,8 milioi euro baino gehiago transferitu dizkie establezimenduei. Trukatzeko azken eguna apirilaren 30a izan arren, herritarrek merkataritza-bonuen % 85 eta kultura-bonuen % 72 kontsumitu dituzte jada.

Webgunean (www.bonobilbao.eus) eskuragarri dago oraindik bonuak dituzten establezimenduak zein diren jakiteko informazio guztia. Bestalde, kontsulta orokorretarako mezu elektroniko bat gaitu da: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus.

Gogoan izan behar dugu kanpainari paperean edo passbook (mugikorra) formatuan atxikitako establezimenduetan egiten dela trukea eta NAN bakoitzeko, gehienez ere, 20 bonu eskatu daitezkeela, bai eta, gehienez ere, 4 erosketa-tiket egon daitezkeela ere.

Programa horren berritasunetako bat da hiriko barruti guzti-guztietan zabaldu dela eta udalak diruz laguntzen duela bonu bakoitzaren kostuaren erdia. Gainera, bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio batzuek ematen dituztenekin.