Bilboko Udalak eta Google Cloud-ek elkarlan-akordio bat izenpetu dute talentuak identifikatzeko eta hiribilduan ekintzailetza sustatzeko irisgarritasunaren bidez

Urriak 24

  • Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Google Cloud EMEAren (Europa, Ekialde Ertaina eta Afrika) Sektore Publikoko zuzendaria den Olivier Desquessesek elkarlanerako akordio bat sinatu dute Bilboko hiri-inguruaren irisgarritasuna hobetzen lagunduko duten ideia eta konponbide teknologiko berritzaileak diseinatzeko.

  • Bilbo Irisgarria izena du ekimenak, eta helburu nagusia du talentua identifikatzea eta atzematea eta hiribilduko ekintzailetza-ekosistema eta ekosistema berritzailea sustatzea.

  • Deialdi ireki bat egin da diziplina anitzeko sei talde aukeratzeko , informatika, software-garapena, gizarte-heziketa, enpresa-zientziak, matematikak eta diseinu grafikoa bezalako profil irekietako profesionalez, ikertzailez, teknologoez eta ikaslez osatuta egongo direnak, besteak beste.

  • Proiektu irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 2.000 eurokoa. Izena emateko epea gaur irekiko da eta azaroaren 5era arte iraungo du esteka honetan.

Bilboko Udalak eta Google Cloud-k talentua identifikatzea eta atzematea eta hiribilduko ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea helburu duen lankidetzako akordio bat izenpetu dute. Ekimen horrek, “Bilbo Irisgarria” izena duenak, helburu gisa du hiritarren, turisten eta bisitarien mesedetan Bilboko hiri-inguruaren irisgarritasuna hobetzen lagunduko duten ideia eta konponbide teknologikoak eta berritzaileak sortzea.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Google Cloud EMEAren (Europa, Ekialde Ertaina eta Afrika) Sektore Publikoko zuzendariak), Olivier Desquessesek, izenpetu dute akordioa, “Open Call” delako deialdi irekiaren bidez diziplina tekniko eta sozialetako profesionalak, ikertzaileak, teknologoak eta ikasleak bilduko dituena.

Sinatzeko ekitaldian izan dira Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Gorka Martinez Salcedo, INNOLAB Bilbaoren presidentea, antolaketa-taldeko kide izanik eta Vanessa Peinó, Google Cloud Espainiaren Sektore Publikoko arduraduna.

Bilboko Udalari dagokionez, ekimen honek garapen ekonomikoa eta enplegua sortzea sustatuko ditu ekonomia digitalaren sektore estrategikoan, ekosistema ekintzailea eta berritzailea aplikazioak sortzera eta garatzera bultzatuko du eta hiriko gazteen talentua sustatuko du.

 

IREKI DA IZENA EMATEKO EPEA

Deialdia gaur hasiko da eta prozesuan parte hartuko duten sei taldeak aukeratuko dira, eta ekimena azaroaren 11n Zabalguneko eraikinean antolatuko den aurkezpenarekin jarriko da martxan. Lehenengo topaketa horren ostean, Google Cloud-ek eta proiektuko beste parte-hartzaile garrantzitsu batzuek bi saio antolatuko dituzte: tailer tekniko bat eta mentoretza-saio bat. Bukatzeko, abenduaren 16an amaierako ekitaldi bat egingo da. Bertan parte-hartzaileek konponbideen prototipoak aurkeztuko dituzte, jakinaraziko da proiektu irabazlea eta bigarren postuan geratu dena zeintzuk diren eta 5.000 eta 2.000 euroko sari bana emango zaie, hurrenez hurren.

Izena emateko epea azaroaren 5era arte egongo da irekita esteka honetan. Informazio gehiago: coordinacion@ilb.eus.

 

DIZIPLINA ANITZEKO TALDEAK

Parte hartzen duten taldeak 2 eta 8 pertsona artekoak izan beharko dira, eta diziplina anitzetako kideak izan beharko dituzte: informatikariak, software-garatzaileak, gizarte-hezitzaileak, enpresariak, matematikariak edota diseinatzaile grafikoak, besteak beste.

Proiektuan parte hartzen dutenek , beste zenbait gairen artean, adituen eskutik Googlen teknologia ezagutuko dute eta hartaz baliatuko dira, udalaren diziplina anitzetako mentoretza jasoko dute eta zuzenean ezagutuko dute mugikortasun urria duten Bilboko zenbait pertsonen esperientzia.

Bilbao Irisgarria ekimenak INNOLAB, Bilbao berrikuntza irekiko plataforma, du koordinazioan eta EHUren, Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen lankidetza izango du, baita Fekoor (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) elkartearena eta beste zenbait parte-hartzaile garrantzitsurena ere: IMQ, Inkolan eta BBK, adibidez.