Bilboko Udalak laguntza ekonomikoen epea ireki du 97 ekintzailek euren enpresa-proiektuak garatu eta abian jar ditzaten

Urriak 18

  • Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, Lanbideren entitate laguntzaile gisa, laguntza-pakete bat aktibatu du dagoeneko, negozio-ideia bat hasi edo enpresa-proiektu bat abian jarri nahi duten langabeentzat.

  • Guztira, zuzeneko 97 laguntza ekonomiko izango dira, eta epea azaroaren 9an amaituko da ekintzaile berrientzat, eta azaroaren 23an negozio-plan bat dutenentzat.

  • Interesdunak harremanetan jarri beharko dira Bilbao Ekintzaren Ekintzailetza Zerbitzuarekin (Zabalgune plaza 11), 94 420 53 60 telefono-zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

Bilboko Udalak prozesu bat abiatu du enpresa-ideia bat garatzen hasi nahi duten langabeei eta proiektuak dituzten eta abian jartzeko fasean dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntza ekonomikoen eskaerak jasotzeko.

Guztira 97 laguntzako sorta bat da, eta epeak eta baldintzak ezberdinak dira bi modalitateetarako: lehenengo kasuan, ekintzailetzarako gogoa duten 85 pertsona sartu ahal izango dira. Epea azaroaren 9an amaituko da, 13:00etan. Bigarrenean, azaroaren 23ra arte (hau ere 13:00ak arte), 12 pertsonak eska ditzakete enpresa-jarduerak hasteko laguntzak.

Eskaera guztiak BILBAO EKINTZA udal sozietatearen bidez bidali eta izapidetu beharko dira, LANBIDEren entitate laguntzailea den aldetik, Ekintzailetza Zerbitzuarekin harremanetan jarrita (Zabalgune plaza, 11), 94 420 53 60 telefono-zenbakira deituz edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikora idatziz.

Prozesu hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen deialdiaren barruan sartzen da (2023-06-02ko EHAA, 104. zk.), lehia askeko erregimenean.

ENPRESA-IDEIEN GARAPENA

Negozio-ideiak aztertu eta garatzeko laguntza eskuratzen duten 85 ekintzaileek, gainera, Bilbao Ekintzaren ekintzailetza-zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza jarraitua izango dute, gutxienez bi hilabetez.

Jaso beharreko zenbatekoei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, 1.000 eta 1.300 euro artekoa. Horietatik, 28 laguntza 30 urtetik beherakoentzat gordeta daude (12 gizonentzat, 16 emakumeentzat) eta 57 laguntza, berriz, 30 urte edo gehiagokoentzat (22 gizonentzat, 35 emakumeentzat).

Laguntza horiek jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da:

  • Bilbon enpresa-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
  • Langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
  • Azken urtean EJZn edo langile autonomoen araubide berezian altan egon ez izana.
  • Bilbao Ekintza ekintzailetza babesteko zerbitzuaren aholkularitza- eta laguntza-prozesuan egotea, eta entitateak proposatzen dituen jarduketa guztietara joateko konpromisoa hartzea.

ENPRESA-JARDUERA BERRIEN HASIERA

Laguntza horiek negozio-plan bat garatuta duten eta enpresa-jarduera bat abian jartzeko bidean aurrera egin nahi duten pertsonentzat dira. Guztira, 12 pertsonak eskuratu dezakete laguntza, enpresa-proiektua hasteko behar den aholkularitza jasoz, gutxienez hiru hilabetez.

Kasu horretan, laguntzek 1.500 edo 1.950 euroko balioa izango dute. 30 urtetik beherako bost pertsonarentzat (2 gizonentzat eta 3 emakumerentzat) eta 30 urtetik gorako zazpi pertsonarentzat (3 gizonentzat eta 4 emakumerentzat) izango dira.

Ordainketak bi zatitan egingo dira: % 50, dirulaguntza onartzean, eta, bigarren ordainketa, beste % 50, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartutakoan.

Baldintzak:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
  • Langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
  • Azken urtean EJZn edo langile autonomoen araubide berezian altan egon ez izana.
  • Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea.
  • Bilbao Ekintza ekintzailetza-zerbitzuaren aholkularitza- eta laguntza-prozesuan egotea.
  • Aholkularitza-prozesua amaitu eta 3 hilabeteko epean hartu beharko dute alta ekonomia-jardueren gaineko zergan.
  • Enpresa-jarduerak Bilbon izan beharko ditu egoitza soziala eta fiskala.

UDAL LAGUNTZA ETA AHOLKULARITZA

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, hainbat laguntza eskaintzen ditu ideia ekintzaileak garatzeko eta enpresa-ekimen berriak abian jartzeko. Laguntza horiek bere ekintzailetza-zerbitzu bereziaren bitartez bideratzen ditu, eta 2017tik negozio eta startup berriak sortzeko eta sendotzeko beharrezko laguntza ematen du. Laguntza hori are gehiago indartu da, Zabalgune plazan instalazio handiagoak jarriz.

Horri gehitu behar zaio hura osatzen duen profesional-taldeak 20 urte inguruko ibilbidea duela ekintzailetzaren arloan, eta 2.000 enpresa baino gehiago sortzen lagundu duela.

SARE SOZIALAK: