Bilboko Udalak lantalde bat aktibatu du berrikuntza irekiko proiektuekin Covid-19aren ondorioz adineko pertsonek pairatzen duten ahuleziaren erronkari aurre egiteko

Otsailak 12

  • Bilbao Aurrera 2020 Planean jaso den neurrietako bat da, eta lankidetzako berrikuntza irekiaren prozesuak sustatu nahi dira horrekin, COVID-19ak eragindako egoeraren erronkei aurre egiteko eta, aldi berean, ekintzailetza babesteko

  • Kasu honetan, hauxe izango da erronka: pandemiaren ondorioz ADINEKOEK duten ahulezia funtzionala eta harreman-ahulezia murrizteko programa bat diseinatzea. EHUko ikertzaile talde bat, ekintzaileek eta enpresa adituek hartuko dute parte, SSI Taldeak, esaterako.

Bilbao Aurrera 2020 Planean sartutako ekintzen barruan, azken hilabeteetan, udala lanean aritu da lankidetzako berrikuntza irekiaren prozesuak sustatzea proposatzen duten neurriak martxan jartzeko. Horren bitartez, COVID-19ak eragindako egoeraren erronkak konpondu nahi dira, eta aldi berean ekintzailetza babestu.

Ekimenaren bidez, konpromiso soziala indartzen duten zenbait egoera ebazteaz gain, enpresa-ikuspegia bultzatu nahi da.

Ildo horretatik, udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, lantalde oso zehatz bat aktibatu du, non erakunde publikoak, unibertsitatea, enpresak eta ekintzaileak bilduko diren. PROIEKTUA garatzeaz arduratuko dira, Covid-19aren birusak ADINEKOEngan sortutako ahulezia funtzionala eta harreman-ahulezia murrizten saiatzeko.

NEGOZIO-AUKERA BERRIAK

Lantaldean, besteak beste, Grupo Servicios Sociales Integrados S.Coop taldea (SSI) egongo da. Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du ekimen sozialaren munduan, eta zahartzearen ekosistemarekin laguntzeko xedea du. Era berean, Silver Economy Taldea (SET) komunitateko kide diren enpresa ekintzaile, eragile eta pertsonen sare oso batek parte hartuko du proiektuan. SSI Taldearen ekimen bat da, zeinaren bitartez zilarrezko ekonomiaren esparruan negozio-aukera berriak eta sinergiak sortu nahi diren. Bestalde, EHUko Ageing On ikertzaile taldeak ere parte hartu du.

MugiAdin izena du proiektuak, eta, funtsean, honako hau lortu nahi da: adinekoak hurbileko inguruan eta modu seguruan jardunean egon daitezen, bai eta orain mugatuta dituzten zaletasunak eta ohitura osasungarriak egin ditzaten ere, besteak beste, dantzak, kultura-txangoak edo prestakuntza. Horretarako, lantaldeak esperientzia profesionala eskainiko dio ekimenari, #ZilarrezkoEkonomiari lotutako erronkari itxura emateko.

FASEAK

Bilbao Aurrera Planaren neurri honek hainbat fase izango ditu. Lehenengo fasean, erronka definitu eta talde ekintzailea osatuko da; bigarren fasean, proposamena diseinatuko da eragile adituen laguntzarekin, eta, hirugarren fasean, prototipo bat prestatuko da esperientzia pilotu batekin. Amaitzeko, garatutako prozesua ebaluatuko da, eta merkatuan eta ekonomian zein finantzan duen bideragarritasuna aztertuko da.

Une honetan, lantaldea eta erronka dagoeneko finkatuta dagoenean, proiektuaren definizioa lantzen ari dira. Ondoren, proba pilotu bat abiaraziko da, enpresa-negozio gisa duen bideragarritasuna ikusteko.

Bilboko Udaleko arduradunen asmoa zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzako irtenbideak bilatzea da, bai eta tokiko ekintzailetza- eta enpresa-ehunerako bultzadaren eragilea izan ere.

#BilbaoAurrera