Covid-19aren ondorioei aurre egiteko talka-neurrien 15 milioi euroko beste plan bat abiarazteko erabakia hartu du Bilbok

Urtarrila 29

  • Bilbao Aurrera 2021 Planak 15 milioi euro baino zertxobait gehiago izango ditu salbuespenezko 43 neurri aplikatzeko. Nagusiki urteko lehenengo seihilekoan aplikatuko dira gehienak. Aurreko ekitaldian pandemia piztu zenean abiarazitako estrategiari jarraikiz, Bilboko Udalak COVID-19agatik gehien kaltetutako sektoreei lagundu nahi izan die krisialditik ahalik eta arinen suspertzeko proiektu estrategikoak landuz.

  • Gaur aurkeztu dute dokumentu ofiziala, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatu ostean: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), gobernu-taldearen aldetik, eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP.

  • Kohesio soziala eta pertsonak dira ardatz estrategikoak, bai eta hirian ekonomia eta enplegua zein kultura berraktibatzea ere.

Bilboko Udalak aparteko beste plan bat martxan jartzea onetsi du gaur. Bertan, Covid-19ak gure hiriari eragin dizkion ondorioei aurre egiten jarraitzeko talka-neurriak zehaztu dira. Plan Bilbao Aurrera 2021 du izena, eta iaz, pandemia mundu osoan zabaldu zenean, bultzatu zen planaren —“Bilbao Aurrera 2020”— jarraipena da.

Oraingo dokumentuan, aurrekoan bezala, ekintza-sorta oso bat dago (batzuk errepikatu egiten dira eta batzuk indartu dira), eta lehentasunezko helburua hirian kohesio soziala eta kultura, ekonomia zein enplegua berraktibatzea izango da, birusak gehien zigortu dituen sektoreak baitira.

Guztira, aparteko 43 NEURRI bilduko ditu, 15 MILIOI EURO (15.106.875 euro) baino zertxobait gehiago duen aurrekontuarekin, 2020. urteko 15 milioi euroen antzekoa, baina nagusiki aurtengo LEHENENGO SEIHILEKOAN kontzentratuko dela kontuan hartuta. Ekimen horiekin batera, aparteko laguntza zuzenen deialdi gehiago abiarazi ahal izango dira, beste administrazio batzuen neurriekiko osagarriak, pandemiaren bilakaeraren eta sektore ekonomiko zehatz batzuetan duen eraginaren arabera.

Udaleko gobernu-taldeak prestatuta, eta gauzatze-maila oso altu eta positiboa izan duen aurreko planaren emaitza onak lortzeko jarraibideei jarraikiz, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin batera osatu eta adostu da testu berria, bai eta zuzenean kaltetuak izan diren sektore eta alorrekin ere (merkataritza, ostalaritza, kultura eta turismoa, besteak beste).

BILBAO AURRERA 2021 PLANA” izeneko dokumentu osoa gaur ofizialki aurkeztu da udaletxeko Areto Arabiarrean, alderdi guzti-guztiek sinatu ondoren: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), gobernu-taldearen aldetik, eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP.

ARDATZ NAGUSIAK

Erakunde-sinaduraren ostean, Juan Mari Aburto alkateak plan berri hori idaztearen beharra azaldu du: «txertoa dela eta, gaur egungo egoera, osasunari dagokionez, itxaropentsuagoa izan baliteke ere, pandemiaren bilakaerak erakutsi digu normaltasunera itzultzea oraindik oso zaila izango dela eta ziurgabetasun-uneak izango ditugula. Gainera, kalte handia pairatuko duten sektoreak ditugu: ostalaritza, turismoa, merkataritza eta aisialdi- eta kultura-jarduerak».

Ekintzen programa hau, alkatearen hitzetan, Bilbao Aurrera 2020 Planaren jarraipena da, baina indartutako neurriekin; «izan ere, Covid-ak zigortzen jarraitzen gaitu, eta udal honek eskura dituen tresna guztiak erabili nahi ditu krisi honetatik ahalik eta arinen irteteko, baina hiriarentzat estrategikoak diren proiektuetan lan egiteari utzi gabe».

Planak 15 milioi euro baino zertxobait gehiago du, eta ekarpen hori udalak egin du zuzenean. Aurrekontuak, berriz ere, HIRI ESPARRU ZEHATZETAra joko du, hau da, kaltetuenetara:

  • Kohesio soziala 4,2 milioi eurorekin;
  • ekonomia eta enplegua 9,8 milioi euro baino gehiagorekin
  • eta kultura 1 milioi euro baino gehiagorekin.

Guztira, 43 neurri espezifiko abiaraziko dira; Juan Mari Aburtok zehaztu duenez 2021eko lehenengo seihilekoan aplikatuko dira. Dena den, neurri batzuk eragin globalagoa izango dute urte osoan zehar luzatuko diren zerga-neurriak izango direlako edo, bestela, epe ertainean eragin positiboa izango duten sektore ekonomikoei zuzendutako ekintzak izango direlako.

BESTE EKINTZA BATZUK

Alkateak gogoratu digu ekintza horiei guztiei beste batzuk gehituko zaizkiela, eta, planean jasota egon ez arren, oso garrantzitsuak izango dira, besteak beste, GARBIKETA, MUGIKORTASUNA, ESPAZIO PUBLIKOA ETA HEZKUNTZA. 2020. urtean alor horiek guztiak landu dira, baina orain «mantendu edo indartuko dira, betiere, pandemiaren bilakaeraren arabera eta kasuan kasu ekarri ditzakeen ondorioen arabera».

Jarduketa horien adibide zehatzak dira, besteak beste, hezkuntza-ekipamenduetatik eta adinekoen egoitzetatik hurbil dauden hiri-inguruetan egoteko eremu seguruak sortzea eta ikastetxeak desinfektatzeko lanen aparteko ekintzak mantentzea alarma-egoerak aktibo jarraitzen duen bitartean.

Bilbao Aurrera 2021 Planaren neurri guzti-guztietarako printzipio orokor batzuk hartu dira abiapuntu: Malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna aldatzen doan eta beti aurreikusi ezin den egoera batean, pandemiaren presioagatik ostalaritzarako laguntza zuzenen deialdiarekin egin zen bezala.

Baliabideetan eragin handiagoa bilatzea. Inbertsioaren eta gastuaren arteko orekaPERTSONEN premiei erreparatuz, baina hiriarentzat estrategikoak diren inbertsioak bermatzeko ahalegina alde batera utzi gabe. DIGITALIZAZIOA, bai udalean, bai Bilboko gizarte osoari dagokionez. Beste erakunde eta hiri batzuekin lankidetzan aritzea eta parte hartuz egitea (publiko-publikoa eta publiko-pribatua).

 –NEURRIEN XEHAKAPENA

 1.- KOHESIO SOZIALERAKO NEURRIAK: PERTSONAK (4.243.875 €)

Neurrien multzo horren bitartez, “ezkutu sozial” bat erabili nahi da krisiagatik bereziki kaltetuak izan diren eta arreta zein laguntza espezifikoa behar duten pertsona guztientzako. 2020. urtean bezala, 4 bloketan egituratuko dira neurriak:

  • Diru-sarrerarik ez edukitzea
  • Zaurgarritasun-egoeran dauden adinekoak
  • Bazterkeria-egoeran dauden pertsonak
  • Familia eta haurtzaroa

DIRU-SARRERARIK EZ EDUKITZEA:

Aldizkakoak ez diren Udal Laguntza Berezien Programa berezia. Udalaren % 100eko finantzaketarekin, diru-sarrerarik ez duten edo koronabirusagatik diru-sarrerak murriztuta dituzten baina gizarte-larrialdiko laguntzak jasotzeko betekizunak betetzen ez dituzten pertsonei lagundu nahi zaie. Pertsona horiek elikadurarako eta etxebizitzak mantentzeko oinarrizko premiei aurre egiteko prestazio ekonomiko bat jasoko dute. Aurrekontua: 425.000 €.

Horrez gain, lanean jarraituko dugu arrakala digitala txikitzeko, eta, horretarako, Bilboko wifi sarea zabalduko da auzorik periferikoenetara, irizpide soziala lehenetsiz (arrakala digital handiagoa duten auzoetan). Aurrekontua: 105.000 €.

ZAURGARRITASUN-EGOERAN DAUDEN ADINEKOAK:

Adinekoei laguntzeko udal-programaren, Urrats bat gehiago, zuzkidura ekonomikoa handituko da. (Aurrekontua: 325.000 €, iazko 150.000 euroekin alderatuta), eta Etxebizitza Komunitarioaren Funtsean lan egiten jarraituko dugu, beste ostatu bat behar duten adineko guztiei laguntza emateko, etxebizitza komunitario batean sartzeko edo bizitzeko beste zentroren batean sartzeko eskatuz, isolamendua eta mendekotasunera igarotzea prebenitzeko. Aurrekontua: 1.607.875 €, (2020. urtean 560.000 euro izan ziren).

  BAZTERKERIA-EGOERAN DAUDEN PERTSONAK:

Etxerik gabeko pertsonak hartzeko funts berezia, beste erakunde batzuekin batera sortua, etxerik gabeko pertsonei aldi baterako ostatua bermatu ahal izateko sortu da (janaria barne). Horrela, eskumena duten administrazioek aukera izango dute krisi honen ondorioz sortutako eta diagnostikatutako profilen aniztasunera egokitzen diren baliabide sozial espezifikoak sortzeko. Funts horren bidez, hiriko ostatuei laguntzeaz gain (aterpetxeak, ostatuak eta pentsioak), turismo-mugimenduen beherakadak ekarritako erreserben murrizketari aurre egiten lagunduko dio. Aurrekontua: 1.075.000 €.

FAMILIA ETA HAURTZAROA:

Bloke honetan sartu dira, besteak beste, haur eta gazteentzako begiraleekin jarduerak egitea indartzeko neurriak, bereziki, aire zabalean egitekoak. Auzoetako kirol-espazioetan egingo dira, begiraleek gidatuta: pilotalekuak, kirol-kantxak, parkeak eta gerriko berdearen ibilbideak. Aurrekontua: 100.000 €.

Horrez gain, arreta bermatuko zaie etxegabetze-arriskuan dauden familiei. Xedea da etxegabetzeen ondorioz edo pandemiaren ondorioz ziur asko etxegabetuko dituztelako etxebizitzarik gabe geratu diren familiei ostatua eta hezkuntzako zein gizarteko esku-hartzea ematea. Neurri horren bidez, ordainketei aurre egiten lagundu nahi zaie familiei, etxea utzarazi ez diezaieten. Aurrekontua: 526.000 €.

Udal-pisuetan dauden eta genero-indarkeriaren biktima diren emakume guztiei baliabide ekonomikoak bermatzea, bai eta haiekin bizi diren eta mendekotasuna duten pertsonei ere. Horren bitartez, dagoeneko existitzen diren genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako programak egokitu eta indartu nahi dira, horrelakorik behar izanez gero, betiere, erakundeekin lankidetzan. Horrela, konfinamenduak larriagotu dituen eta esku-hartze psikosoziala edo gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea behar duten familia barruko gatazkak eta babesgabetasuna hauteman eta arreta eman ahal izango da. Aurrekontua: 80.000 € (aurreko ekitaldiko 50.000 euroekin alderatuta).

Harrera-pisuetan dauden emakume guztiei laguntza ekonomikoen izapideak eta prozedurak erraztea eta zenbatekoa aurreratzea.

2.- EKONOMIAREN ETA ENPLEGUAREN ALORREKO NEURRIAK (9.839.000 €)

Kapitulu honetan, Bilbao Aurrera 2021 Planak indartzeko ekintzen sorta bat izango du, Ogasunetik zein EkonomiaMerkataritza eta Enplegu Sustapenetik bultzatuak.

OGASUNAren kasuan, funtsean, mugikortasun-murrizketengatik zigortuen izan diren enpresei zuzendutako zerga-pizgarriak dira, hau da, udal-kutxei, guztira, 2 milioi euroko diru-sarrerak ekartzen dizkietenak:

  • Lokalak irekitzeagatik eta ezartzeagatik eta jardueren eta instalazioen zerbitzuak emateagatik sortzen den tasa: % 30 murriztuko dira, betiere, tasa 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra sortu bada. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 42.000 €.
  • Mahaiak, mahaitxoak, aulkiak, karpak, lorontziak, itzalkinak edo antzeko instalazioak erabiltzeko udal-jabari publikoaren erabilera pribatiboari eta aprobetxamendu bereziari dagokion tasa. 2021eko ekitaldiko ordainketatik salbuetsita egotea. Era berean, ordaintzetik salbuetsita egongo dira ekitaldi honetan aurreko okupazioak egiteko ematen diren lizentzia eta baimenei dagozkien tasak. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 950.000 €.
  • Erakusleiho, beira-arrasa, aurrealde, olana, markesina eta errotuluekin udal-jabari bereziaren erabilera pribatiboari eta aprobetxamendu bereziari dagokion tasa. 2021eko ekitaldiari dagokion urteko kuota ordaintzetik salbuetsita egotea. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 213.000 €.
  • Autotaxi lizentzia erabiltzeari dagokion tasa. 2021eko ekitaldiko ordainketatik salbuetsita egotea. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 21.000 €.
  • Zaborrak biltzeko zerbitzua emateari dagokion tasa. Zaborrak biltzeko zerbitzua emateari dagokion tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren 6. artikuluaren 2. tarifaren zenbatekoa % 95 murriztea 2021eko ekitaldian. 270 eguneko aldian aplikatuko zaie ostalaritza-jatetxe eta ostatuko jarduerengatik zergen tasa ordaindu behar duten zergadunei. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 783.000 €.
  • Bestalde, are gehiago emango da neurrirako ordainketaren abantailen berri, zeinak ordaintzeko malgutasuna ematen duen. Horrez gain, zerga-neurri berriak jakinaraziko dira, are gehiago oraindik.

EKONOMIA ETA ENPLEGUA SUSPERTZEKO neurriak:

Hauxe da helburua: hiriko merkatari, autonomo, mikroETE eta ekintzaileei krisialdiari aurre egiteko zerbitzu espezifikoak eta laguntzak ematea, hirian kontsumo zuzena bultzatzea, hiribildua hurbileko inguruan sustatzea eta enplegua suspertzen laguntzea.

  • COVID-19ari lotutako Aholkularitza Integraleko Zerbitzua, gure hiriko enpresei aholkularitza eskaintzeko leihatila bakar gisa. Behar den beste denbora luzatuko da, eta informazio-eduki digitalak garatuko dira laguntzen zein dirulaguntzen inguruko informazio orokorrarekin eta egoera kudeatzeko moduei buruzko informazioarekin. Aurrekontua: 30.000 €.
  • Merkataritza-lokalen alokairua ordaintzeari buruzko hitzarmenak lortzeko bitartekaritza-zerbitzua. Aurrekontua: 10.000 €.
  • Gaikuntza digitaleko, berrikuntzako, lehiakortasuna hobetzeko eta merkaturatzeko tresnak sortzeko zerbitzua saltoki, mikroETE eta autonomoentzat, eta mentoring aurreratua COVID-19ak eragindako egoeran jarduera berriz suspertzen laguntzeko. 2020. urtean garatutako neurri hori, saltoki txikiak digitalizatzeko mentoring ekintzekin indartuko da orain. Aurrekontua: 200.000 €.
  • Kuotak murriztea Auzofactory eta ekintzailetzako beste udal-espazio batzuetan. % 50eko hobaria espazio horretan dauden enpresa eta ekintzaileentzako 2021eko lehenengo seihilekoko kuotetan. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 25.000 €.
  • Laguntza espezifikoa MICE sektoreari (azokak, kongresuak eta hitzaldiak). Bilbao Convention Bureau-ko kide izateko kuotaren salbuespena 2021eko lehenengo seihilekoan, eta sektoreko proiektuak babesteko beste neurri batzuk aplikatzea. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago eta gastua sustapen-ekintzetan): 100.000 €.
  • BILBOKO BONUAKMerkataritzan, ostalaritzan eta kulturan kontsumitzea sustatzeko eta turismoa erakartzeko neurriarekin jarraituko dugu. 2020ko azken hiruhilekoan garatutako merkataritza eta kulturako bonuen esperientziak eragin handia izan du, eta horrekin jarraitu nahi da, hobekuntzak ezarriz. 2020ko ekitaldirako aurreikusitako turismo eta ostalaritzako bonuak onetsita eta teknologikoki garatuta daude jada, baina 2021eko ekitaldian zehar aktibatuko dira, helburuak guztiz bete ahal izateko, egutegiak eta ezarpena pandemiaren bilakaeraren arabera egokitzeko.

2021eko bonuen aurrekontua: guztira, 3 milioi euro

Merkataritzako bonuak:1.000.000 €.

Kulturako bonuak: 400.000 €

Ostalaritzako eta jatetxeetako bonuak: 1.000.000 €.

Turismo-bonuak: 600.000 €.

  • TURISMOaren alorrean: Pandemiaren bilakaerara egokitzeko, turismo-mugimenduekin bat datozen neurriak garatuko dira, barnekoak zein nazioartekoak izan. Besteak beste: Hurbileko merkatuetan sustatzeko ekintzak, eta alderantzizko sustapena touroperadoreekin eta bidaia-antolatzaileekin. Sustapen digitala indartzea. Aurrekontua: 225.000 €.
  • Merkataritzako eta OSTALARITZAKO elkarte-ehunaLaguntza tekniko eta ekonomikoak Bilboko zona-elkarteetarako eta sektoreetako beste eragile ekonomiko batzuentzat, eusteko, kudeatzeko eta sustatzeko. Aurrekontua % 50 handitzea eremuetako merkatarien elkarteentzako eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari laguntza gehiago emateko. Aurrekontua: 180.000 €.
  • ENPLEGUA: 2,5 milioi euro

Enpleguko Plan Berezia COVID-19ak kaltetutako pertsonentzako. Honako neurri hauek barne hartuko ditu:

Enplegu Plana 2021-2022 (Aurrekontua: 1.000.000 €). Gazteentzako Enplegu Plana 2021-2022. (Aurrekontua: 1.000.000 €). Gizarteratzeko eta Laneratzeko Plan Berezietarako 2021-2022 laguntza, bereziki zaurgarriak diren eta egoeragatik kaltetuak izan diren kolektiboei zuzendua eta gizarte-entitateek sustatuta. (Aurrekontua: 250.000 €). Enplegua bultzatzea eta sustatze, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzan.

  • Hobariak eta salbuespenak Bilboko Udal Etxebizitzen merkataritza-lokalen alokairu-kuotetan. Lehenengo seihilekoan errentamenduaren % 50eko hobaria aplikatu zaie ostalaritza-jarduerei eta turismo-sektoreko jarduerei. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago): 150.000 €.
  • Etxebizitzak zaharberritzeko obra txikietarako laguntzen programa berezia. Adinekoentzako edo mugikortasun urriko pertsonentzako beste ildo espezifiko bat garatuko da, beren kabuz bizitzeko aukera emango dieten zaharberritze-obrak egiteko. Bi ildo horiek Bilboko barruti guztietan aplikatuko dira. Aurrekontua: 800.000 €.
  • Salbuespenak eta murrizketak udal-emakiden bitartez garatzen diren jarduera ekonomikoen kanona ordaintzeko orduan. Aurrekontu zenbatetsia (diru-sarrera gutxiago): 160.000 €.
  • Terrazekin espazio publikoaren okupazioa handitzeko irizpideak malgutzea. Aldi baterako eta salbuespen gisa. Terrazei espazio handiago bat edukitzeko aukera emateko irizpideak malgutuko dira, eta, horrela, lokala martxan eduki ahal izango dute normaltasunera itzultzeko emandako neurri guztiak betez. Hori guztia auzokide, oinezko eta terrazen arteko oreka bermatuta. Aurrekontua (diru-sarrera gutxiago, lehen aparkaleku arautuekin okupatzen zen espazioa orain terrazak handitzeko erabili delako): 250.000 €.
  • Tokiko enpresei kontratazio publikoa eskuratzeko erraztasunak ematea. Udal-konpromisoa indartzea, klausula sozialak gehituz eta kontratuak ekonomia sozial eta solidariorako formulekin erreserbatuz, bai eta erosketa publiko berritzailea erraztu ere. Aurrekontua: 700.000 € (2021eko ekitaldi osorako).
  • Horrez gain, Bilbao Aurrera Planaren neurri espezifiko bat ez bada ere, garapenerako lankidetzarako udal-konpromisoa nabarmendu behar dugu, urteko 3.098.425 euroko aurrekontuarekin. Horrek enplegua mantenduko du.

3.- KULTURAREN SEKTOREAREN NEURRIAK (1.024.000 €)

Salbuespen gisa, honako neurri hauek proposatu dira:

  • Kultura-bonua (Bilboko bonuen apartatuan gehitu da, 400.000 euroko aurrekontuarekin)
  • Sormen- eta kultura-proiektuen poltsa: Jarduerak zuzenak antolatuko dira eta ekimenak babestuko dira, sormen- eta kultura-industrien sektorea barne hartuta. Sormen- eta kultura-proiektuetarako poltsa bakarra proposatu du, zeina edozein motatako kultura-jardueratara eta pertsona juridikotara irekita egongo den, eraginkorragoa izan dadin. Aurrekontua: 500.000 €.
  • Artista bisualak” proiektua. Bilbao Arteren bitartez, Bilboko artista bisualen makroerakusketa bat antolatuko da, bertan, COVID-19aren eraginaren ikuspegi artistikoa eskaini dezaten. Aurrekontua: 50.000 €.
  • Tokiko ikus-entzunezko ekoizpenaren sektoreari laguntzea, hiribildua sustatzeko ikus-entzunezko funts bat sortuz. Aurrekontua: 50.000 €.
  • Aparteko laguntza Ekoizpen Eszenikoko Harrobia Berrikuntza Zentroari. Laguntza horri esker, arte eszenikoen tokiko konpainiek inolako kosturik gabe egin ahal izango dituzte entseguak 2021. urtean. Aurrekontua: 24.000 €.
  • Programazioaren gaur egungo egitura mantentzea, tokikoa den horretan oso oinarritua, eta, beharrezkoa izanez gero, pandemiaren bilakaerara egokitu.
  • Udaleko kultura-ekipamenduen konpromisoa tokiko kultura-eragileekin. Beharrezkotzat eta egingarritzat jotzen dugu Arloak zein tresna-entitateek (Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Bilbao Arte) programazioetan tokiko eragileak lehenesten jarraitu dezaten.
  • Kultura bermeekin. Udaleko teknikariek (Kultura, Espazio Publikoa, Babes Zibila eta beste arlo batzuk) tokiko kultura- eta gizarte-entitateei emango diete laguntza, eta jarduerak diseinatzen lagunduko diete salbuespenezko segurtasun-berme guztiekin egin daitezen, bai espazio irekietan, bai itxietan. Horretarako, proiektu bakoitzari egokitutako protokoloak garatuko dituzte.

Neurri horiekin batera, Kultura Arloaren DIRULAGUNTZAK eskainiko zaizkie hiribilduko kultura-elkarteei, 2021eko aurrekontu orokorrean finkatuta, 885.000 euroko zenbatekoarekin.

BILBAO AURRERA 2020REN BALANTZEA

Bilbao Aurrera 2020 Planaren azken ebaluazioa egiteke badago ere, gauzatze-maila oso altua izan dela aurreratu dezakegu, bai eta garatutako ekintzek hiriko pertsonengan eta enpresetan eragin positiboa izan dutela ere. Jakin badakigu udal-jarduketak, finantza-gaitasunengatik zein eskumen-mailagatik, eragin mugatua izango duela, derrigorrean.

Egikaritze-maila hori bereziki altua izan da talka-neurri horien kasuan, batik bat gizartearen alorrean eta laguntza zuzenen kasuan edo zerga-arloari lotutako salbuespen zein hobarietan. Gainerako kasuetan, hau da, mugikortasun-murrizketengatik gehien kaltetutako sektore ekonomikoei laguntza emateari lotutako ekintzen kasuetan, egikaritze-maila ere altua izan da, baina egoera horiek eragina izan dute neurri batzuen aplikazio-erritmoan, eta eragin hori 2021. urteko lehenengo hilabeteetan ere ikusi ahal izango dugu.

Bilbao Aurrera 2020 Planaren dokumentuan, 54 neurri jaso dira 15 milioi euroko aurrekontuarekin.