Maiatzak 23
-
Zabalguneko eraikinak Bilbao Zero2 proiektuaren laugarren saioa hartu du, zeinaren helburua baita lankidetza estrategikoak sustatzea espezializazio handiko enpresa, unibertsitate eta teknologoekin, hartara, Bilboko Udalari lagun diezaioten hiriko erronka berriei aurre egiten eta hiriaren eraikuntzari jarraipena ematen.
Bilboko Udalak sustatutako BILBAO ZERO2, berrikuntza-prozesuak atzo bertan egin zuen laugarren Think Tank ekimena Zabalguneko eraikinean.
BILBAO ZERO2 proiektuaren helburua da espezializazio handiko enpresekin, unibertsitateekin eta teknologoekin lankidetzak sustatzea, hartara, udalari erronka berrien aurrean hiria eraikitzen jarrai dezan laguntzeko.
Otsailean egin zen hirugarren Think Tank saioaren ostean, non lantalde bakoitzaren kick off bilerei eman zitzaien hasiera, orain arte egindako aurrerapenak aurkeztu dira gaurko jardunaldian, bai eta proiektuak definitzeko erabilitako metodologia ere.
Proiektua osatzen duten lau klusterretako (ERAIKUNE – Eraikuntzako Euskadiko Klusterra, Euskadiko Energia Klusterra, ACLIMA – Euskadiko Ingurumen Klusterra eta MLC ITS – Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra) ordezkariek dinamizatuko dute lantaldea, non Bilboko Udaleko arloek, lau sektoreetako enpresa pribatuek eta teknologo eta ikertzaileek parte hartuko duten, Innolab Bilbaoren aholkularitzarekin.
Honako gai hauen inguruko erronkak ari dira lantzen: energia-kontsumo eraginkorra, eraikinen birgaitzea, hondakinen kudeaketa, hiri-berriztatzea eta -berroneratzea, proiektu estrategikoen plangintza eta kudeaketa, hiri-energia berriztagarriaren sorrera, Smart Operation: azpiegituren-gorabeheren kudeaketa eta mantentze-lanak, datuaren kudeaketa eta jasangarritasuna / aztarna erreala.
ETORKIZUNEKO BILBO
BILBAO ZERO2 proiektuak hiru urteko indarraldia izango du, eta, aldi horretan, lan-saioak egingo dira, udal-erronkak aurkeztu eta identifikatzeko, eta, ondoren, teknologia eta zerbitzu aurreratuek irtenbiderako palanka gisa eskain ditzaketen aukerak identifikatzeko. Testuinguru horretan, hiribilduaren benetako beharrak izango dira aztertuko diren arazoak, Bilboko Udaleko udal arloek aldez aurretik definitutakoak.
Besteak beste, honako arlo hauek landuko dira: energia garbia eta eraginkortasun energetikoa, mugikortasun elektrikoa, ekonomia zirkularra, uraren zikloa, ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzea, auzo garaietarako irisgarritasuna hobetzea, eta abar.
Erronkei dagokienez, udal-arloek dagoeneko badituzte jorratu beharreko gai ugari eta askotarikoak, besteak beste: hirian energia berriztagarriak sortzea; energia-kontsumoa murriztea; eraikuntza adimenduna, eta udalaren kirol-instalazioetan eraginkortasunaren arloko jarduketak egitea.