Maiatzak 20
-
Garbiketa Zerbitzuko txandak indartuko dira, baita Udaltzaingoko eta Babes Zibileko guardiak ere; azken kasu horretan, lurrean eta ibaian, bietan egongo dira.
-
Egunean zehar Bilbora etortzen diren edo urian zehar batetik bestera joan nahi duten pertsona guztiei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, ibilgailu pribatua erabili beharrean.
Datorren zapatuan, maiatzak 25, UEFAren Women ‘s Champions League-ko finala jokatuko da Bilbon, eta horrek herritarrei eragingo die, hainbat eremutan.
Horregatik, dispositibo koordinatu bat izateko lanean dihardute azken asteetan Udaleko sail batzuk: Segurtasuna, Mugikortasuna, Zerbitzuak, Espazio Publikoa… Gainera, komunikazioa indartu da, herritarrek ekitaldi horrek sortuko dituen endredoen berri izan dezaten.
Dispositibo horretan aparkaleku-erreserbak aurreikusi dira. Horrek eragina izango du, batez ere, Abando eta Indautxu auzoetan, baita San Mames inguruan ere, 18:00etatik aurrera partidua han jokatuko da-eta.
Ingurune horretan, Ligako partiduetan egiten diren aparkaleku-erreserba berberak aurreikusi dira, baina ohi baino lehen hasiko dira; izan ere, eremu horiek libre geratu beharko dute bezperan, barikuan, hilak 24, bi taldeek joko-zelaian entrenatuko dutelako. Hain zuzen ere, barikuko 09:00etatik kale hauetan ezin izango da aparkatu: Felipe Serrate – Sabino Arana eta Ventosa bidearen artean –, Luis Briñas – Felipe Serrate eta Juan Antonio Zunzunegui artean –, Urkixo zumarkalea – Sabino Arana eta Luis Briñas artean – eta Ventosa bidea– Olabeaga aldapa eta Felipe Serrate artean –.
Uriko beste gune batzuetan ere jendetza handia izatea aurreikusten da. Bartzelona Futbol Club taldeak eta Olympique Lyonnais taldeak jokatuko dute finala eta euren zaleak, hurrenez hurren, Casilda Iturrizar parkean eta Indautxu plazan elkartuko dira. Bi puntu horietan, poliziaren zaintza egongo da, eta, zaleek galtzada ere hartzen badute, uneka trafiko-etenak egitea aurreikusita dago. Era berean, seinalista-talde egongo da inguru horien eta futbol-zelaiaren artean, zaleek joan-etorriak errazteko.
Zaleen elkarguneak 10:00etatik 21:30era egongo dira irekita. Indautxu plazan ez da aparkaleku-erreserbarik aurreikusi; José Anselmo Clavé pasealekuko (Casilda Iturrizar parkean) aparkalekuak, ordea, okupatu egingo dira.
Eta talde bien zaleen autobusak egongo diren eremuan ere kenduko dira aparkalekuak. Bartzelona Futbol Club taldearena Clavé pasealekua, Abandoibarra eta Itsasmuseoa izango dira; Olympique Lyonnais taldearena, Trenbideko etorbidea –inguru horretan aparkaleku batzuk kendu beharko dira–.
Zelaiaren inguruko trafiko-mozketen ordutegiak jende kopuruaren, oinezkoen fluxuaren (partidua hasi aurretik) eta partiduaren iraupenaren araberakoak izango dira.
Egunean zehar Bilbora etortzen diren edo urian zehar batetik bestera joan nahi duten pertsona guztiei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, ibilgailu pribatua erabili beharrean.
Era berean, zelaira joateko asmoa duten pertsonei garaiz joateko gomendatzen zaie, jende-pilaketak saihesteko eta partiduaren aurretik egingo den ekitaldiaz gozatu ahal izateko.
UEFA Women’s Champions League-eko sponsor ofizialen aktibazio gunea San Mames inguruan egongo da, eta musika eta adin guztietarako doako jarduerak eskainiko dira bertan, larunbatean 10:00etatik 17:30etara. Partidaren amaiera-txistua jo eta 45 minutura, aktibazio gune hau berriro irekiko da 22:00ak arte. UWCLren denda ofiziala ere, San Mameseko zabalgunean bertan egongo da, ostiralean 17:00etatik aurrera eta larunbatean 10:00etatik aurrera zabalik egonik. Itsasmuseo inguruan, ostiralean 11:00etatik 22:00etara eta larunbatean 10:00etatik 17:00etara, zelai puzgarri bat eta plataforma flotagarri bat jarriko dira ibaiaren gainean.
Informazio gehiago: https://final2024bilbao.com/guia-util
GARBIKETA ETA HONDAKINEN KUDEAKETA
Horrelako ekitaldi jendetsuetan ohi denez, Bilboko Udalak ahalegin berezia egingo du garbiketan eta hondakinak batzen, bermatzearren, hala, uria egoera ezin hobean egongo dela partidua jokatu baino lehenago, jokatu bitartean eta ondoren.
Kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuak lanerako txandak, ekintzak eta lana bera antolatu ditu, ekitaldia ahalik eta jasangarriena izan dadin ingurumenarentzat eta Garapen Jasangarriaren Helburuen araberakoa izan dadin.
Hala, garbiketa-operatibo berezi bat planifikatu da, San Mames ingururako ez ezik, zaleen elkarguneetarako eta Itsasmuseoaren inguruetarako ere; azken honetan, ibaiaren gainean plataforma flotagarri bat eta zelai bat (puzgarria) jarriko dira-eta. Operatibo berezi horretan arituko dira 57 langile, hondakin-mota desberdinak batzeko 4 kamioi, espaloiak ekortzeko makinak, urez garbitzen duten makinak…Zapatuko hiru txandatan eta domeka goizeko txandan ariko dira lanean; garbiketa-operatiboa amaitutzat joko da orduan.
164 edukiontzi eta hondakinak bereizita jasotzeko ontzi bereziak jarriko dira; horietako 48 San Mames inguruan jarriko dira, beira eta ontziak behar bezala bereizteko.
Halandaze, Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko Sailak gogorarazten du kontsumo arduratsua egin behar dela eta hondakin bakoitza (ontziak eta beira) dagokion zaborrontzian utzi behar dela, jatorrian birziklatzea errazte aldera eta jaia ingurumenaren aldetik jasangarria izan dadin eta hala, Bilbok nazioarte-mailan merezi duen irudia emateko.
OSTALARITZAKO ORDUTEGIAK LUZATZEA
Bilboko Udalak erabaki du maiatzaren 25ean (zapatua) ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia bi orduz luzatzea, UEFA Women’s Champions League-ko finala dela eta.
Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak uriko ekitaldi eta jai handien kariaz egindako eskariari emandako erantzuna da neurri hori
Ordutegia ostalaritzako lokal guztientzat luzatuko da, salbu eta “egunekoentzat”, “osagarrientzat” eta terrazentzat, ohiko ordutegia dutelako. Establezimenduen kanpoaldean edariak kontsumitzeko ordutegia ere ez da luzatuko.
SARE SOZIALAK: