Ekintzaileei zuzendutako “Negozio aukera berriak Bilbon” jardunaldiak antolatuko ditu Bilboko Udalak

Otsailak 11

  • Bilbao Ekintza udal-sozietatearen BIG Bilbao Ekintzailetza Zentroak hitzaldi birtualak antolatuko ditu otsailaren 17an eta 18an. Bertan, Álex Txikonen lekukotza entzun ahal izango dugu, eta mahainguru, networking eta hitzaldietan parte hartu.

  • Saioetan, pandemiaren ostean hiribilduan sortu diren negozio-aukera berriak landuko dira, eta arreta berezia jarriko da enpresa txiki eta ertainei zuzendutako Europako laguntzetan, jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten negozio-aukeretan eta transformazio digitalean.

  • Berritzaileak izan nahi duten edo beren negozioak berrasmatu nahi dituzten enpresek eta ekintzaileek esteka horretan eman dezakete izena.

Otsailaren 17an eta 18an, Bilboko Udalak, BIG Bilbao ekintzailetza-zentroaren bitartez, “Negozio-aukera berriak Bilbon” jardunaldiak antolatuko ditu, ekintzaileei zuzenduak, bai eta berritzaile izan edo berrasmatu nahi duten enpresei ere.

Bi egun horietan, adituak birtualki bilduko dira beren esperientzia partekatzeko. Besteak beste, Álex Txikon izango da bertan, eta jardunaldiei emango die hasiera “Altuera kontua” hitzaldiarekin. Era berean, Consultora Zorraquino enpresako Miguel Zorraquino, Emprendedores aldizkariko Alejandro Vesga Aran eta Enfokamer Euskadiko Merkataritza Behatokiko Jorge Francisco Martín bilduko dira “Covid-19ak sortutako aukera-nitxoak” mahainguruan. Bertan, Covid-19aren ondorioz sortutako aldaketa berriak azalduko dizkiete parte-hartzaileei.

Ondoren, CDI Consultants-eko Román Ruiz arduratuko da Europatik iristen diren enpresa txiki eta ertainetarako laguntza ekonomien berri emateaz, “Nola finantzatu dezaket nire negozio-ideia?” hitzaldiarekin. Lehenengo eguna Ana Mezoren (Ihobe – Basque Design Hub) hitzaldiarekin amaituko da, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra aukera izateari dagokionez sortzen diren negozio-aukerei buruzkoa

Otsailaren 18an, osteguna, “Transformazio digitala versus gaitasun digitala” saioarekin hasiko da jardunaldia. Bertan Sergio de la Casa eta Luz de León sektore digitaleko adituek parte hartuko dute “Ozeko Aztia edo transformazio digitalaren gezur handia” eta “OKR metodologia eta transformazio-prozesuan duen zeregina” hitzaldiekin, hurrenez hurren, transformazio digitalaren prozesua arintzeari buruzkoak. “Negozio-aukera berriak Bilbon” amaitzeko, networking saio bat antolatuko da, non hurbiltasuna, komunitatea, sinergiak eta lankidetzak sortuko diren ideia-negozio bat duten parte-hartzaile eta enpresen artean.

Jardunaldiekin Bilboko Udalak ekintzailetzaren aldeko apustua egin nahi du, jarduera eta enplegua sortzeko gai den enpresa-ehuna sustatzen duen tresna gisa, eta, gainera, BIG Bilbao zentroa sendotu nahi du, ekintzailetzaren munduko erreferentzia gisa.

IZENA EMATEKO METODOA

Ekintzailetzari ekin nahi dioten Bilboko pertsona guztiek, bai eta berritzaile izan edo beren burua berrasmatu nahi duten guztiek, bi saio horietan parte hartu ahal izango dute, zoom bidezko webinar batean eta esteka honetan izena emanez. Bestalde, zuzenean ikusi ahal izango dira jardunaldiak Bilbao Ekintzaren Youtube kanalaren bitartez.