Urriak 24
-
“Etengabeko aldaketek gaitasun berritzaile eta eraldatzaile aparta eta iraunkorra eskatzen dute, eta hori administrazio publikoetatik bultzatu behar dugu”, baieztatu du Juan Mari Aburtok Bizkaia Aretoan ospatu den ekitaldian.
-
Eurocities Europako hirien sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroa aste honetan lehen aldiz ospatzen ari da Bilbon eta Europako hirietako 100 ordezkari baino gehiago eta EBko arduradunak biltzen ditu Hiribilduan.
Eurocities Europako hirien sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroa atzo arratsaldean hasi zen Iberdrola Dorrean harrera ofiziala egin ondoren; Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak, foroaren lan-jardunaldien aurreko irekiera ofizialean parte hartu du gaur.
Ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan ospatu da eta berarekin egon da, beste agintari batzuen artean, André Sobczak, Eurocities Sareko idazkari nagusia. Bertan izan dira, halaber, Eider Inunciaga, Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak arloko Zinegotzia eta Kontxi Claver, Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotzia.
Eurocities Sarearen Garapen Ekonomikorako 2024 Foroak Europako hiri nagusietako 100 ordezkari baino gehiago eta Europar Batasuneko arduradunak biltzen ari da aste honetan, lehen aldiz Bilbon, “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean.
Alkateak bere irekiera-hitzaldian adierazi duenez, “gure hirietan aurrekaririk ez duten aldaketen lekuko gara, klima-aldaketatik edo ingurumen-degradaziotik gizarte-desberdintasuneraino eta ezegonkortasun ekonomikoetaraino; administrazio publikoetatik bultzatu beharreko gaitasun berritzaile eta eraldatzaile aparta eta etengabea beharrezko egiten duten aldaketak”, esan du. Juan Mari Aburtok, halaber, herritarren, sektore pribatuaren, akademikoaren eta gainerako gobernu mailen eskutik sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu du. “Eurocities-ek sare hau osatzen dugun hirien interesak batzen dituen plataforma moduan egindako lana eskertu nahi dut”.
ZORROTZAURRE ADIBIDE MODUAN
“Funtsezkoa da hiri-trantsizioen finantzaketari buruzko eztabaidarekin eta posizionamenduarekin jarraitzea”, azpimarratu du bere esku-hartzean. Gainera, Aburtok Zorrotzaurreko eredua ere azaldu du, “bizitzeko, bisitatzeko eta lan egiteko diseinatutako espazioaren adibide argia delako; ezagutza, talentua, berrikuntza eta hiri-irtenbide jasangarriak sortzen dituen uhartea, hiriko gainerako lekuetan ere aplikatu daitekeena”.
“Ez dugu Garapen Jasangarrirako Helburuen ikuspegi inplizituetatik jasangarria ez den hazkunderik planteatu nahi, ezta planteatu behar ere”, esan du 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuei dagokienez. “Eredu berriak bilatu behar ditugu politika publikoak diseinatzeko eta ezartzeko, eta hori gobernantza kolaboratiboaren bidez egin behar dugu, hainbat eragile sozial eta ekonomiko inplikatuz, ordezkari politikoak herritarrengana hurbiltzea lortzen duten espazio publikoak demokratizatuz”, nabarmendu du Bilboko Alkateak Europar Batasuneko 100 arduradun baino gehiagoren eta besteak beste Bartzelona, Belgrad, Berlin, Cardiff, Florentzia, Madril, Manchester, Milan, Nantes, Oporto, Oslo, Pisa edo Praga hirietako liderren aurrean. “Egin dezagun lan, baina ez bakarrik egun hauetan Bilbon, baizik eta urteko egun guztietan, gure hiriak gero eta jasangarriagoak, inklusiboagoak, oparoagoak eta bikainagoak izan daitezen lortzeko”.
EUROCITIES, EUROPAKO HIRI HANDIEN KOMUNITATEA
Eurocities hiriek elkarrekin egiten dute lan hiri horietako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzen dituzte herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten gaiei dagokienez, adibidez klima-aldaketa, energia-egokitzapena, mugikortasun jasangarria, hiri-zahartzea, lankidetza, migrazioa eta integrazioa. Eurocities Sareak tokiko gobernuei ere laguntzen die Europar Batasunak aldarrikatzen dituen politikak praktikan jartzen, eta Batasunaren finantzaketa-aukerak lantzen ditu.
SARE SOZIALAK: