2025eko Merkataritzako Plan Estrategikoan gauzatutako ekintzen lehenengo balantzea aurkeztu du Bilboko Alkateak

Urtarrila 13

  • Bilboko Merkataritza Foroaren bigarren bileran, merkataritzaren sektoreko, elkarte-ehuneko eta udal-arloetako 50 ordezkari baino gehiago bildu dira, besteak beste. Bertan, 2022. urterako aurreikusitako neurrien betetze-mailaren berri izan dute, eta 2023. urtean jorratuko diren ekintzak aurkeztu dira.

  • Udalak eta sektoreko eragileek elkarrekin prestatu dute 2025eko Merkataritzako Plan Estrategikoa, eta hiribilduko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea eta sendotzea du xede.

Juan Mari Aburto alkateak zuzendu du Bilboko Merkataritza Foroaren gaurko bilera, zeinak 2025eko Merkataritzako Plan Estrategikoan jasotako ekintzak betetzen direla bermatzeko helburu nagusia duen. Plana, hain zuzen ere, udalak eta sektoreko eragileek elkarrekin prestatu duten ibilbide-orria dugu, eta sektoreak hirian duen garrantzia hobetu eta sendotu nahi da horrekin.

Bileran —eratu zenetik bigarrena— 2021-2022 aldian abiarazitako jarduketa guztiak berrikusi dira, eta Planaren lehenengo etapa honetan 70 programa baino gehiago itxi direla zenbatu da.

Orain, 2025. urteari begira, Foroko kideek —udala eta udal-ordezkaritza duten talde politikoakMerkataritza Ganbera, Cecobi-Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioa, Bilbao Dendak, merkataritzako auzo-elkarteak, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia— beste erronka batzuk aurkeztu dituzte aurtengo urteari ekiteko, hala nola aldi berean gai zehatzak jorratuko dituzten bilera teknikoak antolatzea. Aztertuko diren proiektuen artean, hiri guztietako merkataritzari eragiten ari diren arazo batzuk planteatu dira, lonja hutsen arazoa edo salgaien/produktuen banaketa eta logistika, esaterako.

BALANTZE POSITIBOA

Gaurko hitzordua Radisson hotelaren instalazioetan izan da, eta Bilboko alkateak, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianorekin batera, modu positiboan kalifikatu ditu Plan Estrategikoaren lehenengo etapan ekindako ekintza guztiak: «Dena den, horiek aktibatzen jarraitu behar dugu 2025. urtera arte aurreikusitakoekin batera».

«Ez dago formula magikorik —zehaztu du— atsedenik gabe eta elkarrekin lan egitea baino ez, hau da, erakundeak, merkataritzarekin zerikusia duten entitateak eta establezimenduak batera. Ekiteko prestatu, inplikatu eta irtenbideak modu koordinatuan bilatu, konponbideak lortzeko eta sektorea hobetzeko».

Bigarren topaketa honetan, foroa 2021eko uztailean eratu ondoren eta 2022ko ekaineko lehenengo bileraren ostean, 2022. urterako aurreikusitako ekintzen betetze-maila eman da ezagutzera. Juan Mari Aburtok aitortu du merkataritzaren egoera zaila dela, eta foroko kide guztiak animatu ditu Bilboko merkataritzaren orainaren eta etorkizunaren alde lan egiten jarraitzera. Hori oinarri hartuta, solasaldiak izan dira bertaratu direnen artean, 2023. urtean gauzatuko diren lerro batzuk hobetzeko asmoz.

PLAN ESTRATEGIKOA 4 ARDATZETAN

2025eko Bilboko Plan Estrategikoa lau lan-ardatz nagusitan egituratu zen, eta, aldi berean, 33 ekintza-lerro ditu jasota, 2025. urtera arte egitekoak. 2021. urtean martxan jarri zenetik eta amaitu arte, sektorearen egiturazko birmoldaketa jorratzen ari dira, bai eta sustapena ere. Horri, halaber, pandemiak eragindako krisia edo Ukrainiako gerra gehitu behar zaizkio.

Hauek dira lau ardatzak: hiria, merkataritza-negozioen garapena, hiri-espazioaren dinamizazioa eta lankidetza publiko pribatua, kudeaketa kolaboratibo eraginkorraren oinarrizko ardatz gisa. Hiri-eredu komertzial ordenatu, erakargarri eta iraunkor bat eraikitzeko egiten da lan. Eredu hori bat etorriko da hiri-apustu instituzional batekin, zeinak marka multinazional handien erakargarritasuna eta tokiko merkataritzaren faktore bereizgarria integratuko baitu; eta horrek, aldi berean, hurbiltasun-eskaintza handia ekarriko du, auzoetan bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta gozamena bermatzeko. Planak sektorea modernizatzea du oinarri, digitalizazioaren eta pixkanaka gaztetzeko estimulazioaren bidez.

Dagoeneko gauzatu diren neurriei dagokionez, honako programa pilotu hauen berri eman da, besteak beste: Alde Zaharrean hutsik dauden lonjak berraktibatzea; lokal horiek ezartzeko alokairuen plana eta pizgarri-planasaltokiak mezularitza profesionaletarako tresnen arabera egokitzea; Rodriguez Arias (Abando eta Indautxu arteko merkataritza-artekari berria) edo Maria Diaz Haroko (Kale Nagusia Basurtu eta Rekalde auzoekin lotzeko merkataritza-artekari osagarria) kaleetako lanak; auzoak eta erdigunea lotuko dituen igogailu berriak instalatzeaturismoa kudeatzeko Biotip proiektua; hornidura-azoketan energia-kostuak murrizteko laguntzen plana, eta zamalanetarako eremu eta baldintzak edo TAO eremuak aztertzea.

Merkataritza-sektorea hiriko handiena da jarduera- eta langile-kopuruari dagokionez. Plan Estrategikoaren bitartez, aktiboki eta merkataritzatik abiatuta, hiri propioaren eta erakargarriaren irudi eta kontakizun bat eraikitzen lagundu nahi da, Bilbo hiri-ekonomiaren Euskal Herriko eta Estatuko erreferente gisa kokatuko duena, merkataritza, kultura eta aisialdia erakarpen turistikoa aberastearen alde integratzearen bitartez.

SARE SOZIALAK: