Urriak 14
-
Higiezinak, azpiegiturak eta aktiboak estandarizatzeko eta baloratzeko lanetan liderra den RICS erakunde profesionalak antolatutako foroa lehen aldiz egingo da hirian, eta sektoreko 300 profesional bilduko ditu.
-
Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbao-n egingo da ekitaldia, non eraikitako ingurumen-sektoreko adituek ideiak partekatuko dituzten eta konponbide berritzaileak emango dizkieten hiriei eta eraikitako beste ingurune batzuei eragiten dieten premiazko erronkei.
-
Astelehen goiz honetan, Juan Mari Aburto Alkatea mundu-mailan erreferenteak diren eta Bilborekin lotura estua duten higiezinen sektoreko hiru sustatzailerekin bildu da: Adolfo Ramírez, Carlos Ruiz-Garma eta Javier Ochoa.
Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, bihar, urriaren 15ean, inauguratuko du World Built Environment European Summit 2024 biltzarra. RICS (Royal Institute of Chartered Surveyors) erakundeak antolatu du, zeina munduko liderra baita lurzoruen, higiezinen eta azpiegituren balorazioa, kudeaketa eta garapena sustatzeko eta estandarizatzeko lanetan, eta Bilboko Udalaren laguntza ere jaso du Invest in Bilbao-ren bitartez.
Hiriak lehen aldiz hartuko du ekitaldi hau, jasangarritasunaren ikuspegitik hiri-inguruneak berroneratzeko esparruan erreferentziazko hitzordua izateko helburuarekin.
World Built Environment European Summit 2024 biltzarra Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbao-n egingo da eta hiri-garapenaren eta higiezinen industriaren sektoreko 300 profesional bilduko ditu, bai eta maila goreneko nazioarteko 30 hizlari baino gehiago ere.
Iaz Venezian egindako Europako lehen eskualde-edizioak izandako arrakastaren ondoren, RICS erakunde ospetsuak Bilboren aldeko apustua egin du, Europan urtero egiten den biltzar nagusiari jarraipena emateko. Helburua da gaur egun hiriek jasangarritasunaren ikuspegitik dituzten funtsezko erronken inguruko eztabaida sustatzea, eta inplikatutako eragileak kontzientziatzea, besteak beste, alderdi hauek duten garrantziaren inguruan: ESG irizpideak sozialki arduratsua den inbertsiorako (ingurumen-, gizarte- eta gobernu korporatiboko faktoreak), higiezinen sektorearen deskarbonizazioa, jasangarritasuna higiezinen inbertsio-estrategietan txertatzea, klima-aldaketarekiko erresilienteak diren hirien kontzeptua edo tradizioaren eta berrikuntzaren arteko batasuna higiezinen ikuspegian, euskal eredua adibidetzat hartuta, besteak beste. Hirian hasitako lanaren erakusgarri, Asier Abaunza Udaleko Obrak, Hiri-plangintza eta Proiektu Estrategikoetako Zinegotziak ere parte hartuko du biltzarrean.
Foroa astelehen arratsalde honetan hasiko da, Zorrotzaurre ezagutzeko bisita tekniko batekin, aukera handiko espazioa baita. Bertan, bertatik bertara ezagutu ahal izango dute eremu horren garapena, gaur egun hiri-berroneratzearen eta birmoldaketa ekonomikoaren adierazgarri baita, non jasangarritasunak berebiziko garrantzia baitu.
Aukera paregabea da Bilbok hiri-berroneratzearen eredu eta inbertsio jasangarriak egiteko hiri gisa duen konpromisoa in situ helarazteko. Izan ere, higiezinen inbertsiorako helmuga onenaren saria (Best Real Estate Investment Destination) eman diote berriki Bilbori World Class District Awards 2024 sarietan, Zorrotzaurren hiria berroneratzeko lanaren inguruan aurkeztutako hautagaitzari esker.
ALDEZ AURREKO BILERA HIGIEZINEN SUSTATZAILEEKIN
World Built Environment European Summit 2024 biltzarra abiarazi baino lehen, Juan Mari Aburto Alkateak bilera bat izan du astelehen goizean nazioarteko real estate sektoreko hiru preskriptorerekin, Bilborekin lotura estua dutenak:
- Adolfo Ramírez Escudero, CBRE Espainia multinazional estatubatuarraren presidentea da 2013tik eta CBRE Latinoamerikaren arduraduna iaztik. Finantzetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.
- Carlos Ruiz-Garma, Europa hegoalderako Cross Border higiezinen inbertsioen zuzendaria da Savills higiezinen aholkularitzan eta inbertsioen enbaxadorea eta RICS Kontseiluko kidea Espainian. Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.
- Javier Ochoa Bilbon jaio zen, eta gaur egun Luxury Commercial RE/MAX España nazioarteko higiezinen enpresa zuzentzen du. Espainia eta Latinoamerikarako RICS enbaxadorea da, baita European World Regional Board (EWRB) erakundeko kidea ere.
Hirigintzaren garapenari dagokionez Bilboren egoera lehen eskutik partekatzeaz gain, garapenerako aukerak eta hirigintza- eta higiezin-arloko etorkizuneko lan-ildoak identifikatzeko asmoz, Bilboko Alkate Juan Mari Aburto, Adolfo Ramírez, Carlos Ruiz-Garma eta Javier Ochoak, Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotzi Kontxi Claverrekin batera, hiri-inguruneetako joera berriak ere aipatu dituzte eraikuntzari, mugikortasunari, energia-eraginkortasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Bileran, halaber, gogoeta egin dute Bilbok real estate sektorean dituen balioei eta markari buruz, bai eta inbertsioak erakartzeko eta lankidetza publiko-pribatua indartzeko aukerei buruz ere, hiribildua Europa mailan erreferente izan dadin.
SARE SOZIALAK: