Abenduak 22
-
Una vida no tan simple, HBO Patria telesailaren zuzendarikide Félix Viscarreten azken filma, filmatzeko zinema-set bat izango da berriro Bilbo
-
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bilbao Bizkaia Film Commission-en aholkularitza du filmaketa berri honek
Bilbo Felix Viscarret zuzendariaren azken filmaren eszenatoki bihurtu da egun hauetan. Zehazki, Una vida no tan simple lana filmatu da bertan, amatasunari eta aitatasunari buruzko komedia bat, non Miki Esparbék, Alex Garcíak, Olaya Calderak eta Ana Polvorosak parte hartzen duten. Filmaketa berri honek Bilbao Bizkaia Film Commission-en aholkularitza du, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ikus-entzunezko proiektuen arreta, kudeaketa eta erakarpen zerbitzua.
Viscarret, berriki HBOren Patria telesaileko zuzendarikide-lanetan aritua, Bilboko Udaletxean izan zen atzo, esku artean duen lana filmatzeko. Bertan izan ziren, besteak beste, Miki Esparbé eta Olaya Caldera aktoreak, baita filmaren ekoizle Iker Ganuza ere. Azken horrek Akelarre filma ekoitzi zuen, hain zuzen ere, 2021eko Goya sarietan bost sari eskuratu zituen lana.
Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok harrera egin zien guztiei, eta lan-topaketa bat izan zuten filmaketari buruz eta Bilbok zinemaren munduan dituen aukerei buruz; izan ere, hiriak gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu eta gero eta erakargarriagoa bihurtzen ari da.
Duela pare bat hilabete, Félix Viscarret eta bere lantaldea Juan Mari Aburto alkatearekin izan ziren, eta solasaldi horri esker sortu zen Bilboko Udaletxean bertan filmatzeko aukera.
Viscarretek (Iruña, 1975) 2007. urtean debutatu zuen Bajo las estrellas lanarekin. Horren atzetik, Cuatro estaciones en La Habana eta Fernando Aranbururen eleberrian oinarritutako Patria telesaila egin ditu. Orain, No mires a los ojos lana filmatzeko lanak amaitu berri ditu.
Una vida no tan simple bere bosgarren filma izango da eta datorren urtean estreinatuko da. “Lamia” eta “A Contracorriente Films” ekoitzi dute.
UNA VIDA NO TAN SIMPLE
“Horretarako prestatuegi sentitu gabe guraso bihurtu diren eta bizitza profesionala eta bizitza haurrekin uztartzea eskatzen duten etxeko hondamendi txikietan murgiltzen diren pertsonak” dira filmaren argumentua. “Ezin dute ahots hori isildu esaten dienean, dauden lekuan daudela, funtsean dena gaizki egiten ari direla”, dio Felix Viscarretek, gidoia umorez ere idatzi duenak.
“Gau batean sentitu nuen guraso batzuen irudia lotan zeuden seme-alabak garraiatzen, hiriko oinezkoen pasabideak gurutzatzen, ordu horietan hutsik, edozein borroka pertsonal justifikatzeko gai zen irudi indartsu eta hunkigarria izan zitekeela”, gehitu du Viscarretek.