Martxoak 31
-
Udalak berriz atera ditu Bilbao Bonuak, uriko merkataritza eta kulturaren sektorera bideratuak, Covidaren Ondorioen Aurkako Neurrien Bilbao 2022 Planaren barruan. Lehenengo fasean, apiriletik aurrera, merkataritzara zuzendutakoak aktibatuko dira. 63.000 bonu baino gehiago aterako dira eta bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, erdia Udalak jarrita.
-
Aldi berean, Udalak beste bonu-programa bat jarriko du martxan, bizikletaren erabilera sustatzeko.
Udalak abian jarri du Bilbao Bonuen programa, Covidaren Ondorioen Aurkako Neurrien Bilbao 2022 Planaren barruan dauden neurrietako bat betez; plan hori udal-ordezkaritza duten talde guztiekin adostu zen (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP). Gogoratuko duzuenez, programa horren helburu nagusia da sustatzea herritarrek kontsumi dezatela pandemiaren eragin handiena izan duten sektoreetan. Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko Udalak abiarazitako ekintzarik berritzaileenetako bat da honako hau eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko Planen barruan egin da.
Oraingo honetan, 1,5 milioi euroko balioarekin, Udalak MERKATARITZAKO bonuak aterako ditu. Bonu horiek apirilean jarriko dira salgai, eta ondoren, KULTURA sektorekoak etorriko dira, bigarren etapa batean, udazkenean.
Merkataritzako bonuen kasuan, 63.000 bonu baino gehiago dira, eta, aurreko aldietan bezala, www.bonobilbao.eus plataforman eta sarrerak saltzeko aukera eskaintzen duten Kutxabankeko kutxazainetan erosi beharko dira. Berriz ere, bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, eta Udalak erdia jarriko du (15 € udalak eta 15 € herritarrek). Bonu horietako batzuk establezimenduetan bertan eskuratzeko gordeko dira, 65 urtetik gorako pertsonentzat, arrakala digitala saihesteko helburuarekin.
MERKATARITZAKO BONUEN DATA NAGUSIAK
Programaren data garrantzitsuei dagokienez, datorren astelehenean, apirilak 4, saltokiak kanpainari atxikitzeko webgunea aktibatuko da (www.bonobilbao.eus).
Herritarrek bonuak erosteko epea maiatzaren 4an hasi eta ekainaren 30ean amaituko da.
BILBAO BIZIKLETA BONUAK
Aldi berean, berrikuntza gisa, Udalak beste bonu-pakete bat jarriko du martxan, urian bizikletaren erabilera sustatzeko eta, aldi berean, Bilboko bizikleta-dendetan erosketak egiteko.
Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren bitartez, eta 2019-2023 Agintaldiko Planean ezarritakoaren ildotik, gainera, kutsadura akustikoa murriztu eta irisgarritasun eta berroneratze urbano handiagoa lortu nahi dira, bai eta ekonomia eta enplegua suspertu ere.
Bonu horiek bi motatakoak izango dira:
- BIZIKLETA ELEKTRIKOAK erosteko: 400 euroko bonuak (erdia Udalak jarriko du: 200 € erosleak/200 € Udalak).
- Era guztietako Bizikleten mantentze-lanak eta konponketak egiteko: 50 euroko balioa duten bonuak (erdia Udalak jarriko du: 25 € erosleak/25 € Udalak).
80.000 euroko aurrekontuarekin, modalitate hau Bilboko herritarrei eta saltokiei zuzenduta dago. Datei dagokienez, establezimenduak atxikitzeko eguna, merkataritza bonuak bezala, apirilaren 4an hasiko da eta hau ere plataforma honetan egin beharko da: www.bonobilbao.eus.
Bonuak maiatzaren 11tik urriaren 31ra bitartean egongo dira salgai.