Apirilak 4
-
Gaur (astelehena) hasiko da epea establezimenduek bat egiteko MERKATARITZARI eta BIZIKLETEI zuzendutako Bilbao Bonuen kanpainarekin, www.bonobilbao.eus web-plataformaren bitartez.
-
BIZIKLETA BONUEN kasuan, lehenengo aldia da Udalak modalitate hori aktibatuko duena, urian garraiobide hori sustatzeko helburuarekin.
Gaurtik hasita (apirilak 4, astelehena), Bilbao Bonuen programa aktibatuko du Udalak, eta epea zabalduko du merkataritza- eta bizikleta-establezimenduek ekimenarekin bat egiteko, www.bonobilbao.eus plataforman.
Sartzeko eta erosteko mekanismo bera dute programa biek, eta filosofia berdina ere bai: kontsumo zuzena sustatzea pandemiak gehien eragindako sektoreetan, eta, aldi berean, uriaren ekonomia berraktibatzea. Ordea, lerro desberdinei jarraitzen diete.
MERKATARITZAKO BONUEN
MERKATARITZAKO BONUEN kasuan, 63.000 ale baino gehiago aterako dira, 1 milioi euroko aurrekontuarekin; eta, aurreko aldietan bezala, www.bonobilbao.eus plataforman eta sarrerak saltzeko aukera eskaintzen duten Kutxabankeko kutxazainetan erosi beharko dira.
Gaur (apirilak 4, astelehena) izango da lehen data: egun horretatik aurrera, establezimenduek sistemara atxiki beharko dute, eta horretarako epea zabalik egongo da ekainaren 30era arte (kanpaina amaitu arte). Aldi horretan zehar, lineako informazio-hitzaldiak eskainiko dira, merkatariek edozein motatako kontsultak egiteko aukera izan dezaten.
UDALAK ERDIA DIRUZ LAGUNDUKO DU
Bonuak salgai egongo dira maiatzaren 4tik ekainaren 30era arte, edo ale guztiak agortu arte. Eta lehen egunetik bertatik erabili ahalko dira. Berriz ere, bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, eta Udalak erdia jarriko du (15 € Udalak, eta 15 € herritarrek). Arrakala digitala saihesteko, bonu horietako batzuk establezimenduetan bertan eskuratzeko gordeko dira, 65 urtetik gorako pertsonentzat.
Aurreko urteetan bezala, bonuak modu ekitatiboan banatuko dira uriko barruti guztietan. Txikizkako beste merkataritza-establezimendu guztiek egin ahalko dute bat kanpainarekin. NAN bakoitzarekin 5 bonu eskuratu ahalko dira; eta 4 erabili ahalko dira, kopuru bera edo altuagoa duen tiket bakoitzeko.
BIZIKLETA BONUA
Nobedade moduan, Bilbao Bonuak programaren barruan, Udalak kanpaina paralelo bat jarri du martxan, plataforma berean, urian bizikleta erabiltzea eta sektore horretako establezimenduetan erostea sustatzeko.
Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren bitartez, eta 2019-2023 Agintaldiko Planean ezarritakoaren ildotik, kutsadura akustikoa murriztu, eta irisgarritasun eta hiri-berroneratze handiagoa lortu nahi dira, bai eta ekonomia eta enplegua suspertu ere.
Lehen aldiz aktibatuko da kanpaina hori Bilbon, eta hura ere gaur (astelehena) hasiko da, establezimenduek www.bonobilbao.eus plataforman atxikitzeko epea zabalduta (apirilaren 30era arte egongo da zabalik). Herritarrek, bestalde, maiatzaren 11tik urriaren 31ra arteko (edo bonuak agortu arteko) epea izango dute txartelak eskuratu eta trukatzeko.
Beste batzuetan ez bezala, eta kanpainaren funtsezko helburuari jarraituta, kanpaina bilbotarrentzat bakarrik izango da. Gainera, bonuak establezimenduetan bertan eskuratu eta trukatu beharko dituzte herritarrek —ez webgunean—, NANa aurkeztuta.
Mota bi egongo dira:
- BIZIKLETA ELEKTRIKOAK erosteko: 400 euroko bonuak (erdia Udalak jarriko du). (200 € erosleak/200 € Udalak).
- Edozein motatako bizikletetan MANTENTZE- eta KONPONTZE-LANAK egiteko: 50 euroko balioa duten bonuak (erdia Udalak jarriko du). (25 € erosleak/25 € Udalak).
Aurrekontua, guztira, 80.000 eurokoa da. Kontsumitzaile bakoitzeko, muga izango da NAN eta tiket bakoitzeko 1 bonu, erosketen kasuan, eta 2 bonu, mantentze- eta konponketa-lanen kasuan. Establezimenduei dagokienez, bakoitzari 30 bonu emango zaizkio bizikleta elektrikoak erostera datozen bezeroentzat, eta mantentze- eta konponketa-lanetan ez da mugarik egongo.
► ESTABLEZIMENDUEI ETA HERRITARREI ARRETA EMATEKO ETA KONTSULTEI ERANTZUTEKO:
Helbide eletronikoa: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus /
Telefonoa: 94 420 53 95