Bilboko Udala diseinuaren arloko hiru profesionalen bila dabil “5X5” programaren bidez Euskadiko enpresa txiki eta ertainen erronkei erantzuteko

Uztailak 16

  • Programa erabat berritzailea da, Flandriako Designregio Kortrijk (DKR) erakundearen metodologian oinarritua, eta euskal enpresek planteatutako diseinu-beharrei erantzun nahi die. Deialdi honetan parte hartzeko epea uztailaren 29an amaituko da.

  • Diseinuaren arloko Bilboko profesionalei zuzenduta dago, eta ETEen erronkei erantzuten lagunduko dute urtebetez, produktu edo zerbitzu baten prototipo berritzaile bat garatuz. “5×5 Bilbao” programa 2025ean amaituko da, egindako prototipoen erakusketa batekin.

Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, diseinuaren arloko uriko hiru profesional hautatzeko deialdia egin du. Profesional horiek 3 euskal enpresak planteatutako erronkei erantzun beharko diete. “5X5 Bilbao” programaz ari gara. Proiektu erabat berritzailea da, Udalaren eta Flandriako Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren Bilbon abian jarri dena. Metodologia horren bidez, diseinua eta diseinuaren arloko profesionalak ekoizpen-katean txertatu nahi dira. Esan beharra dago metodologia hori arrakastaz garatu dela azken bi hamarkada hauetan Kortrijkeko 80 enpresatan baino gehiagotan. Duela bi urte, lehen aldiz, Lituaniako Kaunas hirira zabaldu zen -emaitza positiboekin- eta orain Bilbora dator.

Bilbora egokitutako akordioan, Bilbao Ekintzak eta Designregio Kortrijk elkarteak, EIDEren (Euskal Diseinuaren Elkartea) lankidetzarekin, Bilboko hiru profesionalak aukeratuko dituzte, urtebetez hiru ETEri lagunduko dietenak diseinuaren arloko erronka bati erantzuteko. Programaren barruan Kortrijkeko diseinatzaile bi ere egongo dira, beste bi euskal enpresatan, produktu edo zerbitzu bat garatzen edo birdiseinatzen. Guztira 5 profesional eta 5 ETE, prototipo bat egiteko helburuarekin. Prototipo hori erakusketa batean aurkeztuko da, 2025eko udazkenean, programa amaitzen denean.

NORK HAR DEZAKE PARTE

Diseinuaren arloko edozein profesionalek (autonomoak, enpresa txiki edo ertainak) parte hartu ahal izango du, baldin eta egoitza soziala edo gutxienez lantoki bat Bilbon badu eta gutxienez 5 urteko esperientzia badu.

Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 29an amaituko da, 11:00etan, eta hautagaitzak helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: sectores@bilbaoekintza.bilbao.eus

Parte hartzeko inprimakia, oinarriak eta deialdi honetako testu osoa Bilbao Ekintzaren webgunean daude eskuragarri: https://www.bilbaoekintza.eus/proyectos.

Besteak beste, hautatutako pertsonak enpresa eta/edo sektore berriekin harremanetan jarri ahal izango dira, eta 12 hilabetez lankidetzan jardun ahal izango dute ETE batekin, premia berriak bilatzeko eta diseinuaren bidez irtenbide berritzaileak ikertzeko; gaitasunak indartu ahal izango dituzte, eta ikusgarritasuna eta hedapena izan; eta, azkenik, 10.000 euroko (BEZa barne) kontraprestazio ekonomikoa jasoko dute.

EUSKADIKO ETEen ERRONKAK BILBOKO HIRU PROFESIONALENTZAT

Programa hau abian jartzeko, Bilbao Ekintza udal-sozietateak, kluster elkarte batzuekin eta, bereziki, EIDErekin (Euskal Diseinuaren Elkartea) lankidetzan, diseinuaren metodologiak erabiliz produktu/zerbitzu berri bat edo funtsezko berrikuntza bat garatzeko interesa izan dezaketen enpresak bilatu eta hautatu ditu.

Premia horietan oinarrituta, enpresa horiek erronka espezifikoak planteatu dituzte, eta Bilboko hiru profesionalek horiei erantzun beharko diete. Hauek dira:

  1. 1.- Ingurumen-bioteknologiaren sektoreko produktu eko-berritzaile bat berriz diseinatzea. Helburuak: hobekuntza estetikoa lortzea hiri-ingurunean integratzeko eta jasangarritasuna hobetzea material berriak aukeratuz eta material horiek mantenduz erabiltzaile-esperientzia erraztea.
  2. 2.- Garbiketa profesionaleko produktu-lerro berri bat diseinatzea. Helburua: jasangarritasunaren eremuan, posizionamendua hobetzea, enbalaje mota berri bat (packaging) eta merkaturatzeko estrategia egokia erabiliz.
  3. 3.- Mugikortasun pertsonalari lotutako laguntza-produktu bat berriro diseinatzea. Helburua: eraginkortasun ekologikoa eta ekonomikoa hobetzea, osagaiak, materialak eta prozesuak optimizatuz tokiko ekoizpena bultzatzeko.

DISEINUA ENPRESETARA ERAMATEA

Bilboko Udalaren eta Designregio Kortrijk DKR erakundearen arteko lankidetzaren lehentasunezko xedea honako helburu hauek lortzea da: enpresei diseinuaren arloko profesionalekin modu egituratuan eta sistematizatuan lan egiteko aukera emango dieten metodologiak ematea; diseinuaren eta enpresaren arteko harremana nabarmentzen duten ageriko emaitzak eskaintzea; diseinuaren kultura eta diseinu-prozesua sustatzea, enpresa-ehunean balio erantsi gisa; eta diseinuaren arloan berritzaileak diren beste hiri batzuekin, kasu honetan Kortrijkekin, harremanak estutzea eta sinergiak sortzea.

BILBO, DISEINUAREN HIRIA, UNESCOK AITORTUA

UNESCOk 2004an sortu zuen Hiri Sortzaileen Sarea, sormena garapen ekonomiko jasangarrirako funtsezko faktoretzat jotzen duten hirien arteko nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuarekin.  Sare horretako hiriek elkarrekin lan egiten dute sormena eta industria kulturala izan daitezen tokiko garapen-planen lehentasunezko ardatz.

2014an, UNESCOk “Hiri sortzailea” izendatu zuen Bilbo, “Diseinuaren hiria” kategorian.   Talde horretan, besteak beste, Berlin, Buenos Aires, Pekín, Montreal, Singapur eta Helsinki ere badaude. Kortrijk ere UNESCOren Hiri Sortzaileen Sareko kide da 2017tik.

Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, Belgikako Flandriako Kortrijk eskualdekoa. Sormena, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko proiektuak kudeatzen ditu, eta enpresen, diseinatzaileen, hezkuntzaren eta espazio publikoaren arloko erakundeen sare bat osatzen du.  2005ean sortu zen, udal arteko lankidetza bati esker, Leiedalen, Voka West-Flanders-eko Merkataritza Ganberaren, Kortrijkeko Udalaren, Howest Unibertsitatearen eta Kortrijk Xpo-ren artekoa, hain zuzen ere.

SARE SOZIALAK: