Bilboko Udalak diru-laguntza bat eman dio Bizkaiko ostalaritza elkarteari, covid-19ak bilbon eragin dituen ondorioei aurre egiteko

Ekainak 25

  • Diru-laguntza, gaur udalbatzarrean onartu dena eta 74.000 eurokoa, #BILBAOAURRERA premiazko neurrien planaren barruan dago, COVID-19aren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko.

Bilbok pausoak ematen jarraitzen du COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, batez ere pandemiak gehien astindu dituen sektoreetan. #BilbaoAurrera premiazko ekintzen planaren barruan azken asteetan abian jarritako hainbat neurriren ondoren, gaur Udalaren Osoko Bilkurak Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari 74.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du.

Laguntza hori Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez emango da. Sozietate horren talde teknikoa ere aholkularitza integraleko lana egiten ari da, leihatila bakar gisa, erakunde-esparru desberdinek abian jarritako laguntza mota guztiei dagokienez.

Ostalaritza Elkarteari emandako laguntza horrekin batera, eta aipatutako #BilbaoAurrera planaren barruan, maiatzeko azken osoko bilkuran onartu zen, halaber, Bilboko eskualdeko merkataritza-elkarteentzako diru-laguntza izendunak %100 handitzea, 276.000 €-ra iritsiz.

Neurri horrekin, MERKATARITZA ETA OSTALARITZA JARDUERAri eragiteko aparteko neurriak sustatu nahi dira, BILBOKO AUZOETAKO kontsumoa sustatu eta eragiteko.

BILBAO AURRERA PLANA

#BilbaoAurrera Plana gizarte-, ekonomia- eta kultura-larrialdietarako programa da, 15 milioi euro ditu, eta 50 neurri baino gehiago COVID-19ak pertsonengan eta enpresetan eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dute Plan hori.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, laster abian izango diren zuzeneko laguntzak onartu dira ETE, mikroenpresa eta autonomoentzat, Covid-19aren aurkako segurtasun-protokoloek eragindako gastuei aurre egiteko eta babesteko materiala erosteko, guztira 500.000 euro. Enpresentzako pizgarri fiskalak jarri dira abian, zerga eta tasetan murrizketa eta hobari aukera zabalarekin, bai eta Merkataritza eta Ostalaritza elkarteentzako laguntzak ere. Pizgarri horiek 3 milioi euroko eragin ekonomikoa izango dute.