Bilboko Udalak 2.718.600€ bideratuko ditu ekintzaileentzat, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin

Uztailak 10

  • EGIF-ak Bilbao Ekinean programaren %40 finantzatzen du eta 1.087.440 euroko ekarpena egingo du datozen 5 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Europako Gizarte Funtsa Plus programaren esparruan.

  • Bilbao Ekintza udal-sozietateak bultzatutako proiektuak aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko du, Hiribilduko enpresa berrien berrikuntza, lehiakortasuna eta iraunkortasuna sustatuz.

  • Bilbon ekiteko interesa duten guztiei zuzenduta dago proiektua, gazteak, emakumeak eta migratzaileak lehenetsiz.

Bilboko Udalak 1.087.440€ jasoko ditu Europako Gizarte FuntsetikBilbao Ekinean proiektura bideratzeko, 2024-2029 aldirako Bilbao Ekintza udal-sozietatearen ekintzailetza-zerbitzuak bultzatutako proiektua izanik. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Europako Gizarte Funtsa Plus programaren esparruan Bilboko Udalak kalitatezko autoenplegua sendotzearen eta Hiribilduan enpresak sortzearen aldeko apustua egin du beste behin ere.

Guztira 2.718.600 euroko aurrekontua du eta Europako Gizarte Funtsak aurrekontu horren %40 (1.087.440€) finantzatzen du. Babes horrekin Udalak negozio berriak eta ekonomiaren motorra izango den hiri erakargarria lortzeko lanean jarraituko du, aukera gehiagorekin eta kalitatezko enpleguarekin.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu arloko Zinegotzi Xabier Ochandianok azaldu duen bezala, Bilbao Ekinean esparru-programak, ekitaldi honetatik 2029ra bitartean enpresak sortzeko eta sendotzeko prozesu osoa hartzen du. Betebehar hori fase guztietan laguntza espezializatua ematen duten laguntza-egituren bidez egiten du, ekintzailearen eta haren enpresa-proiektuaren sektorearen gaitasun-profilera egokituta: ideia garatzea, negozio-plana definitzea eta diseinatzea, negozio berriak abian jartzea eta enpresa berri horien bizitzako lehen etapak.

Modu horretan, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen ekintzailetza-zerbitzuak enpresa berriek hasierako oztopoak gainditzeko oinarri sendoa izan dezaten egingo du lan, negozio berri horien arrakastarako eta hazkunde jasangarrirako aukerak handituz eta, aldi berean, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren aldeko apustua eginez.

Bilbao Ekinean ekimenaren hartzaileak Bilbon ekiteko interesa duten pertsona guztiak dira, langabetuak edo enplegatuak, eta lehentasuna ematen die gazteei, emakumeei eta migratzaileei.

Bilbao Ekintzak honako helburu hauek planteatzen ditu EGIF-ek kofinantzatutako proiektu honen esparruan:

  • NEGOZIO-BIDERAGARRITASUNAREN analisiaren balioaz kontzientziatzea eta, horrela, balizko porrotaren inpaktua eta arriskua minimizatzen saiatzea, banakako laguntza, prestakuntza eta aholkularitza eskainiz.
  • EMAKUMEEN ETA GAZTEEN ENPRESA-EKIMENAK sustatzea, haien jarreren eta balioen adibide izango diren ekintzailetza-ereduak ikusaraziz.
  • BELAUNALDI-ERRELEBOA bultzatzea ekintzailetza-palanka gisa, berariazko aholkularitza eskainiz.
  • PORROTAREN BELDURRA NORMALIZATZEA, ikaskuntza-ikuspegi batetik eta inspirazio-testigantzen bidez balioa emanez.
  • KOLABORATZAILEEN SARE EGONKORRA sortzea hainbat eremutako erakundeekin (finantzetakoak, unibertsitateak…), ekintzailetza-prozesuei laguntzeko.
  • Oinarri teknologikoa duen EKINTZAILETZA BERRITZAILEAREN, aukera-sektoreetako proiektuen eta eredu jasangarri eta kolaboratiboen aldeko apustua egitea.

Bilbao Ekinean ekimenaren inpaktua, batez ere, funtsezko hiru alderditan jasoko da:

  1. ENPLEGAGARRITASUNEAN ETA KALITATEZKO ENPLEGUAN duen inpaktua: proiektuak enplegu-tasa eta bizi-maila handitzen laguntzen du, bai parte-hartzaileen kasuan, beren enplegua sortuz, bai etorkizuneko negozioak ekar ditzakeen kontratazioen bidez. Enpresa-kudeaketaren arloko trebakuntzak enpresak eraginkortasunez kudeatzeko beharrezko gaitasunak emango ditu, eta, horri esker, Bilbon enpresa lehiakorragoak eta jasangarriagoak sortu ahal izango dira.
  2. TOKIKO EKONOMIAN duen inpaktua: enpresa berriak sortzeak hazkunde ekonomikoa sortzen laguntzen du. Hori batez ere enpleguaren sorkuntzari, kapital-inbertsioek dakarten aberastasun ekonomikoaren ekarpenen bidez, esker gertatzen da, baina, era berean, kapital-inbertsioen dinamizazioan, proiektatzen den irudian laguntzen du eta ezaugarri horiek guztiek komunitate-nortasuna indartzen dute, bai eta turismoa sustatu ere.
  3. JASANGARRITASUNEAN duen inpaktua: proiektu honen helburuetako bat, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren esparruei erreparatuta, Bilbon enpresa jasangarriak sortzea da, betiere Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) eta 2030 Agenda aintzat hartuta.

EUROPAKO GIZARTE FUNTSA

Europako Gizarte Funtsa (EGIF) Europak enplegua sortzen laguntzeko, pertsonei lanpostu hobeak lortzen laguntzeko eta EB-eko herritar guztientzat lan-aukera bidezkoagoak bermatzeko erabiltzen duen tresna nagusia da. Funtsaren finantzaketari dagokionez 10.000 milioi eurokoa da urtean, eta milioika europarren lan-aukerak hobetzen ditu, bereziki lana aurkitzeko zailtasunak dituztenenak.

Europako Batzordeak eta EB-ko Estatu kideek batera ezartzen dituzte Europako Gizarte Funtsaren lehentasunak eta beren baliabideei ematen zaien erabilera erabakitzen dute. Horietako bat besteren kontura lan egiten duten pertsonen egokitzeko gaitasuna bultzatzea da, langile horiei gaitasun berriak eskuratzen lagunduz, bai eta enpresena ere, lan egiteko modu berriak sustatuz.

EGIF-ren beste ekintza batzuk enplegurako sarbidea hobetzean oinarritzen dira, ikasle gazteei lan-mundurako trantsizioan lagunduz edo kualifikazio txikieneko pertsonei lan-ikuspegiak hobetzeko prestakuntza emanez. Era berean, funtsak zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei lana aurkitzen laguntzen die. Neurri honek gizarte-inklusioa indartzen laguntzen du, kalitatezko enpleguak funtsezko zeregina betetzen baitu gizarteratzean eta eguneroko bizitzan.

SARE SOZIALAK: