Urtarrila 31
-
Bilbori ohorezko akzezita eman diote Barne Merkataritzaren Sari Nazionaletan, udalen atalean.
Bilbo Barne Merkataritzako Sari Nazionaletan saritu dute, Udalen kategorian; hain zuzen ere, ohorezko akzesita eman diote udalek merkataritzako hiri-berrikuntzaren arloan egindako lanagatik. Sari bereziak dira, urtero ematen dituenak Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioak.
Kategoria horren barruan, sari nagusia Madrilgo Udalari eman diote, eta hurrengoa Bilbo izan da. Ministerioak adierazi bezala, edizio honetan nabarmentzekoa izan da aurkeztutako hautagaien kalitatea.
Bilboren kasuan, besteak beste, honako alderdi hauek baloratu dituzte: merkataritza-jarduera eta erosketen turismoa sustatzeko abian jarritako jarduerak; merkataritza arloko ekintzailetza bultzatzea; sektorearen digitalizazioa bultzatzea; merkataritza-gune garrantzitsuetako irisgarritasuna hobetzeko espazio publikoan egin diren esku-hartzeak; eta hutsik dauden merkataritza-lokalak berriro aktibatzeko ekimenak. Ildo horretan, Merkataritzako Plan Estrategikoa nabarmendu dute, tokiko merkataritza, berrikuntza, jasangarritasuna eta merkataritza-eskaintzaren kalitatea garatzeko gidalerroekin. Baita Merkataritza Foroa bultzatzea ere. Foro horretan merkataritzaren arloko politika publikoen inguruan zerbait esateko duten uriko eragile guztiek parte hartzen dute.
Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziak adierazi duenez, “sari horiek sektorean egiten ari den lanari aitortza egiten diote, hiri guztietan –Bilbo ez da salbuespen- bizi ditugun aldaketa arin-arinetara egokitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak aktibatzeko. Neurri horietako bat da jabetzea oso garrantzitsua dela uriko merkataritzako saltokietan, gertuko dendetan erostea, kalitatedun merkataritza baita eta uriari aurrerabidea, ekonomia eta bizia ematen baitiote”.
Udalei ematen diren Sari Nazionalaz gain, Ministerioak beste bi ere ematen ditu: Saltoki Txikientzako Sari Nazionala eta Saltoki Irekietarako Sari Nazionala.
SARE SOZIALAK: