Bilboko Udalak hiribilduaren ekonomia-garapenaren alde modu altruistan lan egin duten 20 mentore omendu ditu

Uztailak 1

  • Bilboko Alkateak Mentoring Bilbao programaren XV. edizioaren aintzatespen-ekitaldia gidatu du; bertan, ibilbide profesional garrantzitsua duten 20 mentore omendu dituzte hiriko enpresen eta saltokien alde egindako lanarengatik.

  • “Miresgarria da Bilboren ekonomia-hazkundearen alde eta eskuzabaltasunez beren ezagutza eta esperientzia eskaintzen dituzten mentoreak egotea”, eskertu du Juan Mari Aburtok.

  • 2023/2024 urteetako edizio honetan, 2008an proiektua martxan jarri zenetik mentorizatu direnen eskaera gehien jaso dira, eta 16 mentorek esperientzia errepikatu dute.

Bilboko Udalak gaur egin du Mentoring Bilbaoprogramaren XV. edizioaren omenaldi-ekitaldia. Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtokhogei mentoreren ekarpen eskuzabala eskertu du, zeintzuek zortzi hilabetetan zehar beren esperientziak eta egiteko moduak hiribilduko beste enpresa, saltoki eta startup-en eskura jarri dituzten.

Ekitaldi horrekin bukatu da urrian hasi zen 2023/2024 urteetako edizioa; ekitaldia Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin dute, eta profesionalei hausnarketa estrategikoak egiten ari diren hiriko enpresen eta saltokien alde eman duten ezagutza aitortu zaie.

Mentoring Bilbao programak harremanetan jartzen ditu ibilbide profesional garrantzitsua duten profesionalak (mentoreak) eta enpresa-jarduerak Bilbon garatzen ari diren enpresak eta pertsonak (mentorizatuak). “Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, ezagutzen transferentzia eta sinergia programa honen helburua gure hiriko enpresen eta saltokien etorkizunari laguntzea da”, esan du Bilboko Alkateak. “Miresgarria da Bilboren ekonomia-hazkundearen alde eta eskuzabaltasunez beren ezagutzak eta balioak eskaintzen dituzten pertsonak egotea”.

Hamabosgarren edizio honetan orain arteko mentorizatuen eskaera gehien jaso dira, zehazki, 70 eskaera, eta azkenean, mentoreek eta mentorizatuek osatutako hogei bikote sortu dira.

Gainera, 2023/2024 urteetako edizioan parte hartu duten hogei mentoreetatik hamaseik esperientzia errepikatu dute, eta lau berriak izan dira: “Mentore batzuek zortzi edizio daramatzate jarraian laguntzen, eta hori ez da ohikoa bestelako mentoring programetan, eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu. Gure ustez, proiektuaren egoera osasuntsuaren emaitza da eta, gainera, ibilbide profesional arrakastatsu eta zabala duten mentore berriak ere gehitu dira”.

Juan Mari Aburtok zuzenean aitortu du hogei mentoreen konpromisoa, eta bakoitzari lanpara oso berezi bat oparitu die. Lanpararen oinarria kautxuz egina dago eta teknologia magnetikoari esker, bonbilla igotzen da eta oinarriaren gainean lebitatzen du. “Jakin badakigu zuen laguntzarekin Bilboko enpresa-proiektu askok aurrera egin dutela eta orain hobeak direla. Argi dugu zuek bezalako pertsonek Bilbo argitzen duzuela, eta hausnarketa estrategikoak egiten ari diren negozio askoren itsasargia zarete”.

Mentoring Bilbao programa 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udalak, apustu argia eginez mentoring tresnak nazioartean zuen eraginaren alde, eta ordutik aurrera egin diren hamabost edizioetan guztira 215 saltokik eta enpresek beren lehiakortasuna hobetu dute 100 mentore parte-hartzaileren laguntzarekin.

ESPERIENTZIAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA

Urritik aurrera eta zortzi hilabeteetan zehar mentoreak eta mentorizatuak elkarrekin bildu izan dira aurrez aurre eta online, esperientziak, gomendioak eta informazioa partekatzeko. Entzute aktiboan oinarritutako topaketa horien helburua parte-hartzaileen profesionalizazioa hobetzea izan da eta, horretarako, esperientzian oinarritutako ikaskuntza aplikatu da, etengabe ideia berriak gehitzen joan dira eta negozioak hedatzen lagunduko dieten kontaktu-sareak sortu dituzte.

Mentorizatu gisa parte hartu duten enpresa guztiek gutxienez hiru urteko ibilbidea dute eta beharrezkoa da hausnarketa estrategikoko aldian murgilduta egotea. Gainera, askotariko sektoreetan lan egiten dute, besteak beste, diseinu grafikoa, moda, teknologia, arkitektura, barne-diseinua, osasuna, arreta sozio-sanitarioa, aholkularitza eta ingeniaritza eta merkataritza.

Nazioartean oso hedatuta dagoen metodoa da mentoring delakoa; formula eraginkorra da enpresa-proiektu berriak promozionatzeko eta askotariko sektoreetako profesionalek garapen-mailarik handiena lortzeko. Hala, esperientzia handia duten profesionalak beren trebetasun profesionalak hobetu nahi dituztenekin harremanetan jartzen dira.

BILBAO MENTORING CONFERENCE-N VII. EDIZIOA

Bilbao Mentoring Conference-n VII. edizioa urriaren 25ean izango da Euskalduna Jauregian. Bilboko Udalak urtean behin antolatzen duen kongresua da eta, bertan, Mentoring Bilbao programarekin batera, mentoring-ari balioa ematen zaio Bilboko eta inguruko saltokien eta enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta, modu horretan, hiriaren ekonomia-garapena sustatzeko tresna gisa.

Mentoring Bilbao programari buruzko informazio gehiago, hemen: https://www.bilbaoekintza.eus/empresa/programa-mentoring-bilbao

SARE SOZIALAK: