Maiatzak 20
-
Azken hilabeteetan prESStatzen ekimenaren lehenengo edizioa garatu da, ekonomia sozialari eta solidarioari buruzko enpresa-proiektuak sortzeko eta abian jartzeko programa bat, Bilboko Udalak sektorea bultzatzeko egindako apustuaren esparruan.
-
Bilboko Udalak REAS Euskadiren laguntzarekin sustatu du prESStatzen ekimena, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Ekonopoloaren esparruan; hau da, espazioa ekonomia eraldatzaile horren eta ekonomia sozialaren eta kooperatiboaren garapenerako eta ekintzailetzarako ereduaren erreferente izatea lortu nahi du
Bilboko Udalak, REAS Euskadiren laguntzarekin, prestakuntza- eta laguntza-programa bat garatu du, eta, hain zuzen ere, proiektu kolektibo bati ekin nahi dioten pertsonei, jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteei edo ekonomia sozial eta solidarioaren ereduen bidean jardun nahi duten enpresei dago zuzenduta.
Programak bi fase izango ditu: lehenengo fasean prestakuntza- eta networking-saioak egingo dira, eta bigarrenean laguntza pertsonalizaturako ibilbide bat. PrESStatzen ekimena garatzeko, lau hilabetez buru-belarri egon dira lanean, eta ekintzaileek ekonomia sozial eta solidarioaren esparruan ekintzaile izateko askotariko alor garrantzitsuen inguruko prestakuntza jasotzeko aukera izan dute.
ENPRESA-PROIEKTUEN “DEMO DAY”
Programari amaiera emateko, ekintzaileek proiektuak ikusgai jartzeko aukera izan dute “Demo Day” izeneko ekitaldian, non, gainera, ekintzailetza-prozesuetan babesa ematen espezializatua den epaimahai baten feedbackak entzun ahal izan dituzten, erakunde publikoetatik zein hezkuntzaren alorretik etorritako kideen ahoetatik, hain zuzen ere..
Aurkeztutako proiektuen artean, besteak beste, emakume ekintzaile ugari egon direla nabarmendu behar da; zehazki, proiektuen % 77 izan dira emakumeen ekimenak. Bestalde, proiektuen % 30 migratzaileek zuzenduak dira. Amaitzeko, taldearen belaunaldi-artekotasuna nabarmendu beharra dago, 26 eta 57 urte bitarteko ekintzaileak bildu baitira.
Aurkeztutako proiektuek hartzen dituzten sektoreei dagokienez, aniztasun ugari dago: kirola, komunikazioa, esparru artistikoari lotutako hiru proiektu, elikadura-proiektu bat, migrazio-prozesuetan laguntzeko proposamen bat eta finken administraziorako azken proiektu bat.
Helburu bi ditu prESStatzen programak: alde batetik, sentsibilizazioa, prestakuntza eta tresnak ematea ekonomia sozial eta solidarioaren ereduetatik proiektuak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei eta entitateei; eta, bestetik, ekonomia sozial eta solidarioaren proiektuak osatu eta martxan jartzea ekintzaile zein entitateei laguntza pertsonalizatua emanez.
EKONOPOLO, BILBOKO EKONOMIA SOZIAL ETA SOLIDARIOAREN POLOA
PrESStatzen ekimena Ekonopolo proiektuaren esparruaren barruan gauzatu da. San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz. Era berean, ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.
2022. urtean garatuko diren jarduketak egiteko, jarduteko bi ardatz nagusi bideratuko dira: ekonomia sozial eta solidarioan ekitea eta Ekonopoloren proiekzio soziala.