Bilboko Udalak 30 urtetik beherako langabeentzako programa bat bultzatu du Otxarkoagan, adineko pertsonei lagun egiteko helburuz

Otsailak 19

  • Langabezian dauden eta ikasketarik ez duten edo oinarrizko ikasketak dituzten 30 urtera arteko hamar gazterentzat da; hasieran prestakuntza bat eskainiko zaie adineko pertsonei lagun egiteari buruz, eta gero sei hilabeteko kontratua egingo zaie.

  • ZUREKIN belaunaldi arteko proiektua Bilbao Ekintzak bultzatzen du, batez ere Otxarkoagan bizi diren pertsonentzat, eta Lanbidek eta Europako Gizarte Fondoak finantzatzen dute.

Bilboko Udalak ZUREKIN belaunaldi arteko proiektua bultzatzen du Bilbao Ekintzaren bitartez. Otxarkoagan bizi diren eta 30 urte bete ez dituzten hamar gazte langaberentzat da, adineko pertsonei lagun egiteko. Aldez aurretik prestakuntza-prozesu bat eskainiko zaie, eta gero 6 hilabetez kontratatuko dituzte. Proiektu osoan zehar lan-orientazioa eskainiko zaie.

Ekimen hau Lanbidek eta Europako Gizarte Fondoak finantzatzen dute eta, “Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Arreta lehenetsia duten kolektiboak” izeneko proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdiaren barruan dago. Tendel elkarteak kudeatuko du.

LANGABEZIAN ETA IKASKETARIK GABE

Programa hau 30 urtetik beherako hamar gazte langabeturentzat da, ikasketarik ez edo oinarrizko ikasketak dituztenak, sektore soziosanitarioaren alorreko prestakuntzarik gabekoak, ahal dela Otxarkoagako auzoan bizi direnak.

Proiektuak, hasieran, 120 orduko prestakuntza ematen du adineko pertsonei lagun egiteari buruz. Gero 6 hilabeteko kontratua egiten zaie lansaioaren % 75ean, eta proiektu osoan zehar lan-orientazioa ematen zaie.

Parte-hartzaileen hasierako aukeraketa Lanbideren bitartez egiten da. Helburuak hauek dira: enplegagarritasuna hobetzea; zaintzaren eremuan prestakuntza eta lan-esperientzia eskuratzea; gerora laneratzea aktibatzea, lagun egitearen eta lan-orientazioaren bidez; komunitatean modu aktiboan parte hartzea sustatzea; ezagutzak eta esperientziak trukatzea, eta belaunaldi arteko ikaskuntza garatzea.

NAHI EZ DEN BAKARDADEA MURRIZTEA

Adineko pertsonentzat, bestalde, proiektu honen bidez “nahi ez den bakardadearen” sentimendua murriztu nahi da. Autonomia pertsonala areagotzeko baliabideak eta laguntza eman gura zaizkie, komunitatean modu aktiboan parte har dezatela sustatu, eta ezagutzak eta esperientziak trukatu, betiere belaunaldi arteko ikaskuntzaren testuinguruan.

Ekimen honetan parte hartu gura duten pertsonek Lanbideren web-orrian eman dezakete izenawww.lanbide.eus, arreta soziosanitarioko langileen lan-eskaintzan. Kodea: 162024001452

Informazio gehiago:

SARE SOZIALAK: