Bilboko Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako saltokien kanpoko itxura hobetzeko

Urtarrila 9

  • Laguntzen programa horretan parte hartu nahi duten saltokiek eskabidea telematikoki zein aurrez aurre egin ahal izango dute, martxoaren 31ra arte edo aurrekontua agortu arte

  • Egitasmoa Zubirik 2021-2025 Planaren baitan dago, eta Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako saltokien kanpoaldea birgaitzea eta hobetzea da helburu nagusia.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, dirulaguntzen programa bat jarri du martxan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako beheko solairuetako saltokien kanpoaldea birgaitzeko eta hobetzeko helburuarekin.

Programan parte hartzen duten saltokiek aukera izango dute babes daitekeen aurrekontuaren % 90 ordaintzeko dirulaguntzak eskuratzeko, gehienez ere 6.000 eurokoak. Dirulaguntzok bateragarriak izango dira beste entitate batzuek araututakoekin, betiere jasotako dirulaguntzen guztizkoak ez badu babes daitekeen aurrekontuaren % 100 gainditzen.

Dirulaguntzak martxoaren 31ra arte edo aurrekontua agortu arte eskatu ahal izango dira, telematikoki, beharrezko dokumentazioa honako helbide honetara bidalita: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus; edota Bilbao Ekintzaren bulegoetan aurrez aurre (Nafarroa kalea, 5, 1. solairua).

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau bidali beharko da:

  • Eskaera inprimakia, deialdiaren ereduarekin bat etorriz.
  • Jabetzako eskriturak.
  • Alokatutako negozioen kasuan, errentamendu-kontratua aurkeztuko da.
  • Jardueraren aurretiazko komunikazioa edo pareko dokumentua.
  • Itxitako lokalen kasuan, jabetzako eskrituraren kopia.
  • Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin eta Bilboko Udalarekin ordainketak egunean izateari buruzko ziurtagiri eguneratuak, baldin eta eskatzailea Bilbao Ekintzak datuak egiaztatzearen aurka ageri bada.
  • Obretarako lizentzia.
  • Obraren aurrekontua.

Honako hauek izan ahalko dira laguntzen programaren onuradun: pertsona fisikoak eta juridikoak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, baldin eta mikro enpresa, enpresa txiki edo ertain izaera badute eta beheko solairuko lokalean garatzen den edo garatuko den jardueraren titularrak badira, obrak, instalazioak edo jarduketak egingo diren lokalekoak hain justu ere, baita alokatutako lokalen jabeak ere. Kasu horretan, bai lokalen jabeek, bai alokatzaileek, eskatu ahalko dituzte dirulaguntzak, betiere jabeak onartzen badu.

Honako hauek dira programako dirulaguntzekin ordaindu ahalko diren hobekuntzarako elementuak:

  • Erakusleihoak, altzariak eta dekorazioa barne.
  • Errotuluak eta bestelako kanpo-elementuak.
  • Erakusleihoen kanpo-argiztapena.
  • Pertsianak ordeztea (itsuen ordez, kalatuak).
  • Kanpoaldeko obra eta erreforma txikiak, igeltserotza/arotzeria eta pintura.
  • Saltokiaren fatxada birmoldatzea edo erreformatzea.
  • Irisgarritasuna.
  • Antzeko beste batzuk.

ZUBIRIK 2021-2025 PLANA

Dirulaguntzen programa hori Zubirik 2021-2025 Planaren barruan dago, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala hobetzeko, dinamizatzeko eta birgaitzeko helburua duena. Hala, Bilboko Udalak jarraipena eman dio aurreko Auzokizuna 2017-2020 Planari. Plan horrek zenbait jarduketa hartzen zituen barne, honako sei arlo hauetan antolatuta: gizarteratze eta bizikidetza arloetan esku-hartzea, familiei laguntzea, gizartearen eta komunitatearen zein kulturaren dinamizazioa, jarduera ekonomikoa eta enplegua, ingurunean esku hartzea eta positiboki kokatzea.

Bilboko Udalak, Zubirik 2021-2025 Planaren bidez, sei eremu horietan lanean jarraitzeaz gain, beste elementu bat gehitu du, auzo horietan bizi diren pertsonak jarduketen eta egitasmoen ardatz nagusitzat dituena. Horrela, plan horrek garatu beharreko 36 neurri osagarri identifikatu ditu, guztiak Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzera bideratuak.

SARE SOZIALAK: