Abenduak 16
-
Terraza proiektua, mahaiak erreserbatzeko eta ostalaritza erreserba hobetzekoa; App myDentist, urruneko laguntza odontologikoa eskaintzeko aplikazioa, eta Astindu, kooperatibetan prozesuak hobetzeko plataforma digitala. Horiek izan dira Bilboko Ekintzailetza Digitala lehiaketan saritutako hiru ekimenak.
-
Ekimen horren helburua da enpleguaren sorkuntza eta jarduera ekonomikoa sustatuko dituzten enpresa ekimenak erakartzea Bilbora, hiriarentzat estrategikoa den ekonomia digitalaren sektorean.
-
Lehiaketak hiru sari ekonomiko izan ditu, 6.000, 4.000 eta 2.000 eurokoak, hurrenez hurren; horrez gain, esparru teknologikoan eta digitalean aholkularitza eta prestakuntza eskainiko zaie lehiaketara aurkeztu diren ekimen guztiei.
Jorge Taubmann eta Diego Lasagabasterren Terraza proiektuak, Iraitz Cordero, Andrea Arana, Alberto Ortiz-Vigon, Paula Capparelli eta Raquel Gomezen App myDentist aplikazioak eta Dorleta Urrutiaren Astindu plataformak jaso zuten atzo, Zabalgune eraikinean, eremu digitalean ekintzailetza sustatzeko Bilboko Udalaren aintzatespena. Horiek izan ziren, azaroan jaso ziren hamazazpi ekimenen artean, epaimahai profesional baten baloraziorik onena jaso zuten hiru ekimenenak.
Lehenengo saria Terraza proiektuak jaso zuen, ostalaritza establezimenduen eta terrazen okupazio mailari buruzko datuak denbora errealean lortzeko sistemak. Gainera, mugikorrarentzako aplikazio bat ere badu, zeinaren bidez bezeroek mahaiak erreserbatu ditzaketen, eta ostalaritzako lokalek euren publizitatea kudeatu dezaketen.
Bestalde, App myDentistek bigarren saria jaso zuen. Proiektua aho-hortzen osasuna prebenitzeko tele-odontologiako telefono mugikorrentzako aplikazio bat da. Doako autodiagnostikoa eta urruneko asistentzia izateko aukera ematen du.
Azkenik, Astindu proiektuak hirugarren saria jaso zuen. Proiektua sozietate kooperatiboen negozio prozesu adimenduen automatizaziorako plataforma digital bat da.
Aurkeztutako hamazazpi hautagaitzek Bilbon start up berri bat sortzeko proiektuak dituzte, duela urtebete baino gutxiago start up bat abian jarri dute edo hirian garatu beharreko eremu digitalari lotutako barne ekintzailetzako proiektu berri bat duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira.
Bilboko Ekintzailetza Digitala lehiaketak hiru sari ekonomiko ditu: 6.000, 4.000 eta 2.000 eurokoak. Horrez gain, aurkezten diren proiektu guztiek aholkularitza eta prestakuntza espezializatua jasotzeko aukera izango dute, esparru teknologiko eta digitaletan, guztiak ere BIG Bilbao udal ekintzailetza zentroan eskainiko dira.
BILBOKO EKINTZAILETZA DIGITALA LEHIEKAETAREN hirugarren edizio honen bidez, Bilboko Udalak ekonomia digitalaren baitako enpresak erakartzea, sortzea eta haztea lortu nahi du, hiribilduarentzat sektore estrategikoa baita.
Ekimen horren bidez, hautatutako enpresa proiektuei laguntza, aholkularitza eta prestakuntza eman nahi die Udalak, ingurune lehiakor batean eraginkortasunez garatzeko beharrezkoak dituzten trebetasun eta ezagutzekin merkaturatu ahal izateko.
Europar Batasunak, Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Euskal Autonomia Erkidegorako Programa Eragilearen bitartez, % 50ean finantzatuko du Bilboko Ekintzailetza Digitalaren lehiaketa.