Ekainak 21
-
Hainbat hilabetetan zehar egin da lan Euskadiko turismo-gidarien eta hartzaileen elkarteekin batera, eta sortu den dokumentuak Bilboko herritarren eguneroko bizitzaren eta bisitarien arteko oreka sustatzea du helburu.
-
Bilboko Udalak turismo jasangarriarekin duen konpromisoaren markoan, eskuliburuak xede du ere bai hiribilduko espazio publikoa eta baliabide turistikoak babestea.
-
“Eskuliburu honekin batera doan konpromisoa izenpetzea aurrerapauso nabarmena da Bilbo kalitatezko helmuga turistiko gisa garatzeko eta babesteko”, Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotzi Xabier Ochandianok azaldu duenez.
Bilboko Udalak ‘Bilboko Bide Publikoan Bisita Gidatuak Egiteko Jardunbide Egokien Eskuliburua’ aurkeztu du. Dokumentuak jaso egiten du azken hilabeteotan zehar Euskadiko gidari turistikoen eta hartzaileen elkarteekin batera egin den lana, eta eskuragarri dago lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
ASOARTE (Euskadiko Turismo Hartzaileen Agentzien Elkartea), ATRAE (Euskadiko Turismo Agentzia Hartzaileak), AEAVE Euskadi (Euskadiko Bidaia Agentzien Enpresa Elkartea) eta Apit Euskadi (Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Gidarien Elkartea) erakundeen izenean, Carmen Romok, Chelo Escabiasek, Enrique Hernáezek eta Aitor Delgadok, hurrenez hurren, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotzi Xabier Ochandianorekin batera sinatu dute jardunbide egokien eskuliburura atxikitzeko konpromisoa; Eskuliburuan ezarritako ildoekin bat egiten duten eragile guztiei prestigioa eta legitimazioa ematea du xede.
Gidak jasotzen dituen ekintzak, funtsean, honako hauetara daude bideratuta: Bilboko herritarren eguneroko bizitzaren eta bisitarien arteko orekari eustera; hiriko turismo-baliabideak eta espazio publikoa zaintzera; hiriko mugikortasunaren efizientziaren, segurtasunaren eta irisgarritasunaren bermeak izatera eta gidari profesionalen profesionaltasunari balioa ematera. Xabier Ochandianok esan duenez, “jardunbide egokien eskuliburu hau lehenengo urrats garrantzitsua da Bilbo gehiago zaintzeko eta gure hiria kalitatezko turismo-helmuga bateratu eta orekatu gisa tratatzeko“.
30 LAGUN BAINO GUTXIAGOKO TALDEAK ETA IRRATI-GIDAK
Dokumentuak hamabi puntu eta konpromiso jasotzen ditu, horien artean hauek:
Jende pilaketak saihestea, taldeko parte-hartzaileen kopurua gehienez 30 pertsonara mugatuz, bisitatzen den espazioaren arabera tamaina egokituz, eta gidatutako zerbitzuaren kalitatea hobetuz; Bilboko zarataren eta bibrazioen ondoriozko kutsadura akustikoa murriztea, soinua anplifikatzeko gailuen erabilera saihestuz eta, ahal dela, irrati-gida sistemak erabiliz; taldeei azalpenak emateko geldialdiak eragozpenak minimizatzen dituzten espazioetan egitea; bisita gidatuen hasierako, amaierako eta geralekuetako puntuak behar bezala aukeratzea, eraikinetarako eta merkataritza-lokaletarako sarrerak blokeatzea saihestuz; zirkulazio-arauak ezagutzea, arreta berezia eskainiz bidaiarien bilketa eta jaitsiera puntuei.
Bilboko Udalak autobusez iristen diren bisitariak biltzeko eta jaisteko guneak sortzeko ardura zainduko du, turismo-fluxuen kontzentrazioak saihesteko. Halaber, turismo gidarien kolektiboak Udalaren eta bisita gidatuetako profesionalen artean ezar daitezkeen bisiten komunikazio- eta erregistro-sistemen erabilera sustatuko du.
Irrati-gidak erabiltzeko, Xabier Ochandianok aurreratu du Bilboko Udalaren aldetik laguntza-plan bat egongo dela datorren udazkenetik aktibatuta, eta gastuak gain hartuko dituela 2024ko urtarriletik.
Bilbon guztiz borondatezkoa da eskuliburu horri atxikitzea; izan ere, Zinegotziak azaldu duenez, hiriak gaur egun erregistratzen duen turismoaren bolumena orekaren parametroen barnean dago. “Turismoaren bolumena ez da arazotsua Bilbon; gure xedea da kalitatezkoa izatea, jasangarria eta orekatua; urteotan zehar landu izan ditugun gakoak dira, sektorearekin berarekin adostutako eta landutako Bilbao/Bizkaia Turismo Estrategian dihardugulako”.
Eskuliburu berria beste urrats bat da tokiko profesional eta enpresen kolektiboari prestigioa eman eta legitimatzeko, Helmuga Turistiko Adimenduna ziurtagiriarekin bat egiten baitu. Ziurtagiri horren helburua da helmugen lehiakortasuna eta egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea, bost jarduera-eremutan eraginez: gobernantza, berrikuntza, teknologia, iraunkortasuna eta irisgarritasuna.
Helmuga Turistiko Adimenduna ziurtagiria lortu eta Global Destination Sustainability indizearen esparruan mundu mailako batez besteko zazpigarren hiri onena bihurtu ondoren, “Bilboko Udalak aurrera egiten jarraitzen du turismo jasangarria, kalitatezkoa, turismo orekatua eta zaindua lortzeko gure hirian. Adostasunez landutako eskuliburu honek bilbotarren eta bisitatzen gaituzten turisten arteko elkarbizitza indartu nahi du“, amaitu du Xabier Ochandianok.
‘Bilboko Bide Publikoan Bisita Gidatuak Egiteko Jardunbide Egokien Eskuliburua’ deskargatzeko esteka: https://www.bilbaoturismo.net/
SARE SOZIALAK: