Bilboko Udalak 2023an sortu diren 160 enpresak aintzatetsi ditu “XX. Bilbo Ekinean Galan”

Ekainak 18

  • Negozio berrietan egin den inbertsioa 4.704.160,08 eurokoa izan da, azken 7 urteetako zenbatekorik handiena.

  • “Bilbo Ekinean Galaren” hogeigarren edizioak agerian utzi du joera nagusia kaudimenarekin eta arrakasta-bermeekin ekitea dela.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu arloko zinegotziak, “Bilbo Ekinean Galaren” hogeigarren edizioaren buru izan da gaur arratsaldean Azkuna Zentroan. Ekitaldian Bilbao Ekintza udal-sozietatearen Ekintzailetza Zentroaren aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuarekin hiribilduan 2023an 160 enpresa sortu dituzten ekintzaileak aintzatetsi dira.

Xabier Ochandiano eta Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak, 160 “Bilboko baldosa” eman dituzte, hiria garatzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko  duten konpromisoagatik Bilboko Udalak jarrera eta asmo ekintzailea saritzeko ematen duen oroigarria.

Azken ekitaldian kudeatutako enpresen kopurua azpimarratu ondoren, Ochandianok nabarmendu du une honetan Bilboko Udalaren helburua dela “sozietate berrien iraupena areagotzea. Bilbao Ekintzako gure talde osoak ondotxo daki edozein ideiak ez duela balio; horregatik, batzuk baztertu egin behar dira, beste batzuk aldatu… eta, askotan, prestakuntza eta aholkularitza indibidualizatu eta pertsonalizatua eskaini behar da, haien arrakasta nolabait ziurtatzeko eta aktibo jarraitzeko”.

Ildo horretan adierazi duenez, Bilboko Udalaren ekintzailetza-baliabide guztiak “Zabalgune Eraikinean zentralizatu ditugu, ideien motor bihurtzeko, proiektu-fabrika horretan, non, azterketa- eta heltze-prozesu egokiaren ondoren, enpresa kaudimendunak eta aktibo mantentzeko bermeak dituzten enpresa berriak ateratzea nahi dugun. Izan ere, zuen arrakastaren mende dago hiri honen, zuen hiriaren, arrakasta”.

INBERTSIOA ETA SEKTOREAK

160 enpresa horietan egindako inbertsioa 4.704.160 eurokoa izan da, azken zazpi urteetako guztizko inbertsiorik handiena, 2022an egin zen inbertsioa baino 530.689€ handiagoa eta 2021ekoa baino askoz handiagoa (2.735.206 €) eta horrek arrakasta-berme handiagoak eta apustu fidagarriagoak eragiten ditu sortutako negozioetan. Besteren finantzaketa 2.368.650 eurokoa izan da (guztizkoaren %50,35).

Negozio berrien ia erdiak, zehatzago esanda %48,75, emakumeek sortutako enpresak izan ziren, eta %31,25 migratzaileek sortutakoak (2022an baino %7 gehiago). 160 enpresa hauek 209 enplegu sortu zituzten hiribilduan iaz.

Kokapenari dagokionez enpresa berriak batez ere Abandon (% 24,37), Ibaiondon (%20) eta Deustun (%15) kokatu ziren. Era berean, enpresak sortu ziren Basurtu-Zorrotzan (%10,63), Errekalden (%9,38), Begoñan (%8,75), Uribarrin (%5,63) eta Otxarkoaga-Txurdinagan (%3,12) ere bai.

Jarduera-sektoreei dagokienez, 2023ko enpresa berrietako 30 kultura- eta sormen-industrietakoak dira, kultura ekintzailearen ildoa sustatuz Bilbon ekintzaile izan daitezkeen pertsonen harrobi gisa; 16 enpresa saltokiak dira, 12 zerbitzu aurreratuen sektorekoak eta 7 internet eta ekonomia digitalaren ingurukoak.

2023ko zifretan hurbileko negozioen gorakada nabarmentzen da, hala nola, osasunari eta ongizateari (17 negozio), estetika eta irudi pertsonalari (17) edo ostalaritzari (17) lotutako jarduerak.

ENPRESEN BIDERAGARRITASUN HANDIA

Bilbao Ekintzaren bidez Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu arlotik sortu eta lagundutako enpresa eta saltokiak aintzatesteko sortu zen “Bilbo Ekinean Galaren” 20. urteurrena ospatzen den urtean azpimarratzekoa da Bilbon 2004tik 2.453 enpresa sortu direla udal Ekintzailetza Zentroaren laguntzarekin. 2003an hiribilduan sortutako 81 enpresetatik kopurua bikoiztu egin da hogei urte geroago, iaz sortutako 160 enpresetara iritsi arte. 160 negozioez gain, garrantzitsua da azpimarratzea jasotako ekimenen kopurua eta iaz aholkatutako eta lagundutako proiektuen kopurua 2022koa baino handiagoa izan zela.

Nabarmentzekoa da, halaber, udal Ekintzailetza Zentroaren laguntzarekin sortutako enpresen bideragarritasun handia; 2020ko 112 enpresetatik %70 hiru urte baino gehiago iraun du. Eta 2019ko 139 negozioetatik bi herenek lau urte baino gehiago iraun dute. Azken urteetan sortutakoetatik 2022an sortutako 185etatik 165ek aktibo jarraitzen dute.

ZERBITZU INTEGRALA ETA PERTSONALIZATUA ZABALGUNE ERAIKINEAN

2023an zehar Bilbo erdiguneko Zabalgune eraikinean kokatuta dagoen Ekintzailetza Zentroak 2.043 pertsonari eman zien lehen arreta, 482 enpresa-ekimen jaso zituen (2022an baino 36 gehiago) eta aholkularitza espreseko 75 kontsultari erantzun zien. Negozio-planari buruz aholkatutako proiektuei dagokienez 527 izan ziren guztira, aurreko urtean baino 54 gehiago. Bai urtean egindako networking-ekitaldien kopuruak (12 ekitaldi 2023an), bai horietan parte hartu duten pertsonek (266 pertsona 2023an), bai eta Ekintzailetza Zentroak kudeaketa-gaitasunen arloan antolatutako prestakuntza-ekintzetan 247 pertsonak parte hartzeak ere, berretsi egiten dute Bilbon horrelako jarduerak antolatzeko goranzko joera eta garrantzia.

Ekintzailetza Zentroa merkatuko errealitate berrietara, ingurune digitaletara eta Bilboko ekintzaileen profil berrietara egokitutako zerbitzuen katalogoa lantzen ari da eta lan hori nortasun-ezaugarriak galdu gabe burutzen du: aholkularitza indibidualizatuaren pertsonalizazioa, ekintzaileak protagonista sentiaraziz eta euren bidean lagunduz; jakintza-arlo guztietako adituekin lan eginez; kalitatezko zerbitzu arin eta hurbilak eskainiz; eta enpresa kaudimendunak eta arrakasta-bermedunak sortzeko ahalegina lehenetsiz eta erakutsiz. Gainera, arreta jarri da enpresekin jasangarritasuna zeharka lantzean eta “Jasangarritasuna zure negozioan txertatzeko gida” egin da.

Bilboko Udalak 2017tik Bilbao Ekintza udal-sozietatearen Ekintzailetza Zentroaren bidez, negozio eta startup berriak sortzeko eta sendotzeko behar den laguntza pertsonalizatua eskaintzen du, ekintzaileei euren enpresa-proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen lagunduz eta prozesu osoa eurekin jorratuz, ideia definitzen edo garatzen hasten denetik ideia abian jartzen den arte.

Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan eskaintzen diren zerbitzu guztiak doakoak dira ekintzaileentzat eta Europar Batasunak %40an finantzatzen ditu Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren bidez.

SARE SOZIALAK: