Ekainak 27
-
Grabados y Sellos de Caucho Viuda Santiago Santos, Larralde gozotegia, Reparación de Calzado Benito eta Ultramarinos Idoia saltokiek jaso dituzte Bilboko Baldosa eta ehun urteak beteta dituzten 66 saltokien historia jasotzen duen oroitzapenezko liburua.
-
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak establezimendu horien etengabeko lana eta ilusioa nabarmendu ditu gaur eguerdian Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Bilboko historia biziaren parte izaten jarraitu dezaten. Omenaldia “EHUN: Betiko dendak betirako-Comercios de toda la vida y para toda la vida” proiektuaren baitan antolatzen da, zeinaren bitartez ehun urte bete dituzten negozioen ekarpena aitortzen baita, hiriko merkataritzaren tradizioa eta funtsa diren aldetik.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea hiribilduan ehun urte beteak dituzten beste lau saltoki omentzeko aintzatespen-ekitaldiaren buru izan da gaur eguerdian. Hiri osoaren izenean, herritar guztien egunerokotasunaren parte diren lau establezimendu historikori egindako omenaldi berezia izan da. Grabados y Sellos de Caucho Viuda Santiago Santos, Larralde gozotegia, Reparación de Calzado Benito eta Ultramarinos Idoia, Ibaiondo eta Errekalde barrutietan kokatuta daudenak, Bilboko gainerako ehun urteko 62 establezimenduekin bat egin dute.
“Zuen lanari, kemenari, iraunkortasunari eta ilusioari esker, Bilboko historia biziaren parte izaten jarraitu ahal izan duzue. Horregatik, eskertu, zoriondu eta omendu nahi zaituztegu bilbotar guztion izenean, iraganean eta orainaldian izan duzuen iraunkortasunagatik, baina baita gure hiriaren etorkizunari egingo diozuen ekarpenagatik ere”, esan die Juan Mari Aburto Alkateak aintzatespen-ekitaldian.
“Bilboko Udalean argi daukagu merkataritza-jarduera gure funtsetako bat dela, eta jakin badakigu ehun urtetik gorako saltokiak izatera iristeko belaunaldiz belaunaldi egin behar izan duzuen ahalegina sekulakoa izan dela, eta garai berrietara egokitu behar izan duzuela. Zaindu egin nahi zaituztegu, gure eredua zaretelako. Eta gure hirian ehun urtetik gorako saltoki gehiago izaten jarraitzeko, herritarrak gonbidatzen ditugu zuen moduko establezimenduetan kontsumitzera, horiek baitira gure auzoen benetako aberastasuna”, esan du amaitzeko Alkateak.
Gaurko ekitaldian, ehun urte beteak dituzten lau establezimendu berrietako ordezkariek, José Luis Crespo (Grabados y Sellos de Caucho Viuda Santiago Santos), Fonsi Díaz (Larralde Gozotegia), Olga Benito (Reparación de calzado Benito) eta Idoia Mendieta (Ultramarinos Idoia) oroitzapenezko Bilboko Baldosa bat jaso dute Juan Mari Aburto Alkatearen eta Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotziaren eskutik, zeina saltokian ikusgai jarri ahal izango duten.
Bilboko Baldosarekin batera, hirian ehun urteak bete dituzten negozio guztien historia jasotzen duen liburu bat ere entregatu zaie.
‘EHUN’ PROIEKTUA
“EHUN: Betiko dendak betirako – Comercios de toda la vida y para toda la vida” proiektuaren baitan egindako ekitaldi bat izan da. Horren bidez, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, ehun urte beteak dituzten negozioen irudia sendotu nahi du, bai eta horien iraupena eta etorkizuna bermatu ere. Horretarako, aholkularitza-ekintza batzuk eskaintzen ditu, eta turismo-ikono gisa sustatzen ditu.
Ehun urte beteak dituzten saltokiak dira 90 urte baino gehiagoko merkataritza-jarduerak, kokapena aldatu arren belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatu direnak eta saltzen duten produktu-mota edo lan egiteko modua mantendu dituztenak. Farmaziak, elikagaien saltokiak, estankoak, loteria-negozioak, moda-dendak… daude zerrenda historiko honetan, non ehun urte beteak dituzten beste lau saltoki gehitu diren oraingoan, guztira 66 saltoki izanik:
GRABADOS Y SELLOS DE CAUCHO VIUDA DE SANTIAGO SANTOS
José Luis Crespok osabarengandik, Santiago Santos, eta aitarengandik, Ireneo Crespo, hartu zuen oinordetzan grabatuen eta arrantza-, ehiza- eta arma-artikuluen negozioa, 1894an sortua Foruen kalean. Aita oso gaztetatik hasi zen negozioan eta horren lekualdatzea bizi zuen, 30eko hamarkadan, gaur egun duen kokapenera lekualdatu zenean, Askao kalera. Kautxuzko zigiluak egiten lehenengoak izan ziren Bilbon. Aldaketa handia Gerra Zibilean zehar iritsi zitzaien, gerrak negozioaren porrota ekarri baitzuen, lokala birrindu eta Eibarren egiten ziren armak desagertu ostean. Harrezkero, grabatuen negozioan bakarrik dihardute. José Luis Crespo aitarekin lanean hasi zen 1964an, eta duela hamar urtetatik, semea, Josetxu, arduratzen da negozioaz. Orain, negozioa mekanizatuagoa eta digitalizatuagoa da.
LARRALDE GOZOTEGIA
Hasiera batean La Esperanza izena zuen establezimendu hau 1910ean fundatu zuen Mari Luzek, Larralde anai-arreben amonak. Gaur egun gozotegian lanean diharduen Fonsi 1977an hasi zen bertan lanean. Mandatari gisa hasi zen lanean eta hainbat lanpostu izan zituen, Mari Luzek saltoki berezi honekin geratzeko aukera eskaini zion arte. Ez zen aldatu establezimenduaren izena; hori horrela, Larralde familiak bere presentzia mantentzen jarraitu du, bai eta bere jatorriaren esentzia ere. Negozio mitiko eta gozoarekiko maitasunak eta lanean duten iraunkortasunak lan handia izatea ekarri dute; bertan beren ohiko pastelak eta txurro eta txokolate ospetsuak eskaintzen dituzte.
REPARACIÓN DE CALZADO BENITO
1930ean, Antonio Benitok bere lehenengo lokala ireki zuen San Mames zumarkaleko atari txiki batean. Hain leku txikia non, bere seme Valerianok lanbidea ikas zezan, lagun batengana bidali behar izan baitzuen. 1950ean, Autonomiako 9. zenbakira lekualdatu zuten, eta bertan oinetakoak konpontzen jarraitzen dute. Familiaren negozio honetan oso zeregin garrantzitsua izan du Asunek, Valerianoren emazteak, urte askotako lana egin baitzuen berarekin, eta tindagaiez eta makinaz arduratu zen. Gaur egun, Roberto eta Olga seme-alabek jarraitzen dute; gazteak zirenean ikasi zuten lanbidea. Negozio zahar bat, tradizioarekin, zeinean oraindik zapatak osorik egiten zituen aitona gogoratzen baitute, edo gerraostean sandaliak pneumatikoekin eta sokekin egiten zituztenean.
ULTRAMARINOS IDOIA
1902an sortu zen. Dorotea Aparicio, Idoiaren amona, izan zen janari-denda negozio hau abiarazi zuena, eta gero Belen, Idoiaren ama, izan zen arduraduna. Gaur egun, janari-dendak Urazurrutiako bizilagunei zerbitzua eskaintzen jarraitzen du. Lokal horretan bizi ziren Idoiaren amona eta ama, eta espazio txiki bat utzi zuten dendarako. Gogoratzen dutenez, dendan babarrun-paketeak eta txitxirio-paketeak egin dituzte, besteak beste. Gaur egun, Idoiak bere seme Jonekin partekatzen du negozioa. Etengabeko zerbitzua eskaintzen dute 09:00etatik 21:00etara. Egunero beren bezeroen eskariari erantzuten dioten hautaturiko produktuak erosten dizkiete beren hornitzaileei. Gertutasuna, zerbitzua eta kalitatea saltokiaren bereizgarriak dira. Gaur egun, dendak bere sustraiei eusten die, eta alboko atarira ematen zuen ate zaharra izaten jarraitzen du.
EHUN liburua deskargatzeko esteka:
SARE SOZIALAK: