Bilboko Udalak ekintzaileentzako 93 dirulaguntza zuzen izapidetuko ditu haien proiektuak abian jarri eta garatu ditzaten

Irailak 15

  • Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, Lanbideren tokiko erakunde laguntzaile gisa, dirulaguntza zuzenak eskatzeko epea ireki du. Hain zuzen ere, enpresa-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzako 81 laguntza izango dira, eta enpresa-jarduerak abian jartzeko beste 12.

  • Eskabideak aurkezteko epea datorren urriaren 13an itxiko da. Laguntzen zenbatekoa 1.000 euro eta 1.300 euro bitartekoa izango da enpresa-ideiak garatzekoen kasuan, eta 1.500 euro eta 1.950 euro bitartekoa enpresa-ekimenak abian jartzekoen kasuan.

  • Parte hartu nahi dutenak BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroarekin harremanetan jarri beharko dira, 94 420 53 60 telefono-zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, epea ireki du enpresa-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzako eta enpresa-jarduerak abian jartzeko dirulaguntza zuzenak eskatzeko.

Deialdian sartzeko epea datorren urriaren 13an itxiko da, 13:00etan.

Guztira, 93 plaza emango dira, eta horietatik 81 plaza emango zaizkie ekintzaile izateko gogoa dutenei, enpresa-ideiak garatzeko aukera izan dezaten. Gainerako 12 plazak dagoeneko negozio-plan bat garatuta duten eta enpresa-jarduera berriak abian jarri nahi dituzten pertsonentzat izango dira.

Parte hartu nahi dutenek BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroarekin harremanetan jarri beharko dute, 94 420 53 60 telefono-zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

Prozesua Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza-deialdiaren baitan kokatuta dago (EHAA 117. zk, 2022-06-04), lehia askearen erregimenean.

ENPRESA-IDEIEN GARAPENA

Negozio-ideiak aztertu eta garatzeko laguntza jasotzen duten 81 ekintzaileek BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroaren etengabeko laguntza eta aholkularitza izango dute, gutxienez bi hilabetez.

Dirulaguntzen zenbatekoa 1.000 euro eta 1.300 euro bitartekoa izango da, eta ordainketa bakar baten bidez ordainduko da. 24 dirulaguntza gordeko dira 30 urtetik beherakoentzat (14 emakumeentzat eta 10 gizonentzat) eta 57 dirulaguntza 30 urtetik gorakoentzat (30 emakumeentzat eta 27 gizonentzat).

Dirulaguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak:

  • Bilbon enpresa-proiektu bat garatzeko ideia izatea
  • Euskadin erroldatuta egotea eta bertan bizitzea
  • Enplegurik ez izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea
  • Azken urtean EJZn zein langile autonomoen erregimen berezian alta eman ez izana
  • BIG Bilbaoren eskutik aholkularitza eta laguntza jasotzen egotea, eta erakundeak proposaturiko ekintza guztietara joateko konpromisoa hartzea.

ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIARAZTEA

Negozio-plan bat izanda enpresa-jarduera bat abiarazi nahi duten hamabi pertsonek izango dute, guztira, dirulaguntzak eskuratzeko aukera, betiere, ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Euskadin erroldatuta egotea eta bertan bizitzea
  • Enplegurik ez izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea
  • Azken urtean EJZn zein langile autonomoen erregimen berezian alta eman ez izana
  • Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko enpresa-bideragarritasuneko plan bat izatea
  • BIG Bilbaoren eskutik aholkularitza eta laguntza jasotzen egotea
  • Aholkularitza-prozesua bukatzen denetik hiru hilabeteko epea izango dute ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emateko.
  • Enpresa-jarduerak Bilbon izan behar ditu sozietate- eta zerga-helbideak.

Laguntza hauek enpresa-proiektu bat gutxienez hiru hileko epean abian jartzeko beharrezkoak diren aholkularitza-jarduketak garatzeko erabiliko dira. Kasu honetan, dirulaguntzek 1.500 euroko edo 1.950 euroko balioa izango dute, eta 30 urtetik beherako bost pertsonari zuzenduta egongo dira (3 emakume eta 2 gizon), baita 30 urtetik gorako zazpi pertsonari ere (4 emakume eta 3 gizon).

Ordainketak bi zatitan egingo dira: % 50 laguntza onartzen denean eta % 50 enpresa-jardueren gaineko zergan alta eman ondoren.

BIG BILBAO, IDEIEN FABRIKA

Ideia ekintzaileak garatzeko eta enpresa-ekimen berriak abian jartzeko laguntzak BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroaren aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuaren bitartez bideratuko dira. Zentroak, hain zuen ere, start-up eta negozio berriak sortzeko eta finkatzeko beharrezkoa den laguntza eskaintzen du 2017. urtetik. Zentroan jardunean ari diren profesionalek 20 urte inguruko ibilbidea dute ekintzailetzaren esparruan, eta 2.000 enpresa baino gehiago sortzen lagundu dute.

SARE SOZIALAK: