Abenduak 20
-
Bilbok eta Bizkaiak hitzordu garrantzitsua izango dute beste behin txirrindularitza profesionalarekin, hirian eta lurraldean La Vuelta 25 lasterketaren 21 etapetako bat hartuko baitute, kirol ekitaldi garrantzitsuak hartzeko apustuari dagokionez bi erakundeen artean dagoen sintoniaren erakusle.
-
“Bilbao-Bilbao” etapa hamaikagarrena izango da; Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko da 2025eko irailaren 3an, eta 167 kilometroko ibilbidea izango du.
-
2025eko Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, Italiako Piemonte eskualdetik abiatuko da eta edizio berezia izango da, txirrindularitza-lasterketaren 90. urteurrena ospatuko baita.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, elkarrekin, erreferentziazko kirol-ekitaldi baten aldeko apustua egin dute berriro; kasu honetan, La Vuelta 25 dugu hizpide, izan ere, itzuliaren hamaikagarren etapak Bilbo eta Bizkaia zeharkatuko baititu 2025eko irailaren 3an. Hala baieztatu du gaur, abenduak 19, osteguna, Unipublic-ek, Vuelta antolatzen duen enpresak, Madrilgo IFEMA Udal Jauregian ibilbide ofizialaren 21 etapak aurkezteko egin den ekitaldian. Bi euskal erakundeko ordezkariak bertan izan dira.
“Bilbao-Bilbao” etapa Bilbon hasi eta amaituko da. Ibilbideak 167 kilometroko luzera, 7 mendate eta 3.300 metroko desnibel metatua izango ditu guztira, eta Bizkaiko hiriburuan hasi eta Bizkaiko lurraldeko hainbat toki zeharkatuko ditu: Mungia, Bakio, Bermeo, Gernika, Munitibar, Bizkaiko Balkoia, Muxika, Aretxabalgane, Larrabetzu, Galdakao eta Artxanda; ondoren, Bilbora itzuli eta Elorritxueta, Lezama, Sondika eta Pike Bidea igaro ostean, hiribildurako bidea hartuko du.
La Vuelta 25 abuztuaren 23tik irailaren 14ra lehiatuko da. Piemonten abiatuko da, mendien magalean eta Alpeak atzean dituela, eta Italiako eskualde horrek hartuko ditu osorik hurrengo edizioaren lehen hiru etapak. Txirrindularitza-lasterketa ospetsuaren edizio berezia izango da, datorren urtean 90. urteurrena ospatuko baitu.
Bilbok dagoeneko arrakastaz hartu zuen 2022ko abuztuan La Vuelta-ko bosgarren etaparen amaiera eta seigarren etaparen irteera San Mamesetik. Gainera, 2023ko uztailaren 1ean Bilbon ere hasitako Frantziako Tourraren 110. edizioaren itzalpean, Bilbok eta Bizkaiak sinergiak batu eta elkarrekin lan egin dute, La Vuelta 25 ekimenaren hamaikagarren etapa hartzeko, kirol-ekitaldi handiak hartzeko estrategiaren esparruan.
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotziaren ustez, “Tourra Bilbotik irten eta gero, proba garrantzitsu hau berriro gurean izateak kirol-munduko gertakarien fokuan jartzen gaitu, batez ere, gure lurraldean hain maitatua den txirrindularitza-modalitate honetan. Ekitaldien antolaketan profesionalak izateaz gain, sekulako zaleak ditugu, den-dena ematen dutenak eta maitasuna erakusten dutenak. Txirrindulariek beraiek ondo preziatutako zerbait da hori eta mundu osoan zabaldutako irudien parte ere bada”.
Bestalde, Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko Diputatua, oso pozik agertu da La Vuelta berriro Bizkaiko Lurralde Historikora itzuli delako, “etapa honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak beste behin ere maila goreneko kirol ekitaldien aldeko apustua erakutsi du, hala nola, Munduko Futbol Txapelketa, emakumezkoen Txapeldunen Liga, errugbiko finalak edo duela urte pare bateko Tourra. Ekitaldi horiek nazioarteko posizionamendu garrantzitsua ematen digute, eta gure lana berresten dute, Bizkaia lurralde irekiagoa eta erakargarriagoa izan dadin hona etortzen diren pertsonentzat, dela lan egitera, dela ikastera, dela bisitan, besterik gabe. Zer esanik ez, pribilegioa da La Vuelta-ren 90. edizioa gure lurraldetik igarotzea”.
Bilbao-Bilbao entaparen inguruko informazio gehiago: https://aso.fromsmash.com/Bilbao-LV25