Udalak “Hiriko Baldosa” eman die iaz Bilbon 159 negozio abian jarri zituzten ekintzaileei

Martxoak 1

  • Bilboko Udalak Bilbao Ekinean Galaren 18. edizioa egin du gaur; Juan Mari Aburto alkateak zuzendutako omenaldi-ekitaldia izango da, zeinetan hiriko “Baldosa” emango baitzaie 2021. urtean hiribilduan 159 enpresa abian jarri zituzten pertsonei.

  • 2020. urteko kopuruarekin alderatuta, % 41 igo da; hortaz, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko krisialdiaren ondoren, pixkanaka-pixkanaka finkatzen ari gara susperraldi ekonomikoa. Ekintzailetzarako testuinguru berri honetan, 159 enpresa horiek 193 lanpostu berri sortu dituzte, 2,7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin.

  • Udalak, 2017. urtetik eta Bilbao Ekintza udal-sozietatearen BIG Bilbao ekintzailetza-zerbitzuaren bitartez, negozio eta start-up berriak sortzeko eta finkatzeko beharrezkoa den laguntza eskaintzen du.

Bilboko Udalak, COVIDaren ondorioz ezarritako murrizketen ondoren, gaur berreskuratu du Bilbao Ekinean Gala, hirian negozio berrian abian jartzen dituzten ekintzaileen esfortzua aitortzeko eta nabarmentzeko omenaldi-ekitaldia.

Bilboko alkate den Juan Mari Aburtok berriz ere zuzendu du adierazitako ekitaldia Azkuna Zentroan, non hiriko “Baldosa” eman baitzaie 2021. urtean —pandemia garai bete-betean, alegia— hiribilduan 159 negozio sortu zituzten pertsonei.

Aurrez aurreko formatuarekin itzuli den galaren 18. edizioan, enpresa bat sortzeko egin beharreko ibilbidea nabarmendu nahi da, bai eta pertsona horiek, negozio berrian inbertitutako esfortzuaren eta baliabideen bidez, enplegua nahiz aberastasuna sortuz hiriari egiten dioten ekarpena ere.

2021. urtean, oraindik gogorra den unean eta pandemiak eragindako ziurgabetasunak jarraitzen duenean, enpresa horiek aktibatu izanak % 41eko GEHIKUNTZA erregistratu du 2020. urtearekin alderatuta. Datu horiek baikorrak izateko aukera ematen digute eta, COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondoren, enpresa-munduaren susperraldia sendotzen dabilela erakusten dute.

Halaber, ekintzailetzarako aukera eskaintzen duen testuinguru berri honetan nabarmendu beharrekoa da 159 enpresek 193 LANPOSTU sortu dituztela, 2,7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin.

GAZTE ETA EMAKUME EKINTZAILE GEHIAGO

2021ean enpresen sorkuntzan egon den gehikuntza nabariaz gain —aurreko ekitaldian 112 sortu ziren—, emakume ekintzaileen profila nabarmendu da, NAGUSIKI EMAKUME ETA GAZTEAK, 25 eta 35 urte bitartekoak, izan baitira. Zehazki, 2021. urtean beren negozioa sortu zuten adin-tarte horretako ekintzaileen portzentajea % 40koa izan zen, ordura arte erregistratutako handiena. Bestalde, ekintzaileen % 32 35 eta 45 urte bitartekoak dira, eta % 27, berriz, 45 urtetik gorakoak. Gainera, ekintzaileen % 55 EMAKUMEAK izan ziren.

Enpresa berri horiek beren jarduera gauzatzen duten sektoreei dagokienez, TEKNOLOGIA BERRIEI ETA DIGITALIZAZIOARI lotutako negozioak gailendu dira. Zehazki, gehien nagusitu diren jarduerak honako hauek dira: kultura- eta sormen-industriak (% 18,44), merkataritza (% 11,95), Internet eta ekonomia digitala (% 8,18), eta enpresentzako zerbitzu aurreratuak (% 4,40).

Amaitzeko, eta kokapena kontuan hartuta, negozio berrien % 31,45 Abandoko barrutian ezarri ziren, % 22,64 Ibaiondon, % 12,58 Deustun, eta portzentaje bera (12,58%) Rekalden.

BILBORAKO IDEIEN FABRIKA

Bilboko Udalak, 2017. urtetik eta BILBAO EKINTZA udal-sozietatearen BIG Bilbao (Bilbao Ideien Gunea) ekintzailetza-zerbitzu bereziaren bitartez, negozio eta start-up berriak sortzeko eta finkatzeko beharrezkoa den laguntza eskaintzen du. Zentroan jardunean ari diren profesionalek 20 urte inguruko ibilbidea dute ekintzailetzaren esparruan, eta 2.000 enpresa baino gehiago sortzen lagundu dute.

BIG Bilbaon atsegin handiz hartzen ditugu negozio-ideia guztiak, baina, bereziki, udalak garapen ekonomikorako eta hiria proiektatzeko estrategikotzat jotzen dituenak, hau da, zerbitzu aurreratuak, kultura- eta sormen-industriak eta ekonomia digitala. Oinarri teknologikoko proiektuetarako eta start-upetarako berariaz diseinatutako ekintzailetza digitaleko programa nabarmendu behar da. Gainera, merkataritza-sektoreko enpresa-proiektuei zuzendutako berariazko aholkularitza eskainiko da, merkataritza-kudeaketan eta digitalizazioan zentratuta, eta merkataritza-negozioa ahalik eta baldintza onenetan abian jartzeko xedearekin.

Bilbon negozio edo saltoki berri bat sortu nahi dutenek informazioa eska dezakete BIG Bilbao zentroan, telefono bidez 944 20 53 60 zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

EKINTZAILETZARA BIDERATUTAKO ZERBITZU OSOA

Iaz, udal-zerbitzuan 1.778 pertsonak jaso zituzten ekintzailetzarako laguntza eta aholkularitza; 2020an, berriz, 1.272 pertsonak. Horrez gain, 1.122 pertsonak ekintzailetza-zerbitzuei buruzko informazioa jaso zuten. Guztira, 467 enpresa-ekimen jaso ziren (iaz, berriz, 332 ekimen), eta aholkularitza eta laguntza eskaini ziren 449 proiektutarako (2020an, berriz, 421 proiektutarako).

Elkarrekin egindako lan horretatik, 159 enpresa berri sortu ziren, eta 193 lanpostu berri sortu zituzten Bilbon. Hain zuzen ere, horiexek dira Bilboko Udalak omendu dituenak.

SORTUTAKO ENPRESEN EGONKORTASUNA

Halaber, esan beharra dago Bilbao Ekintzaren laguntzarekin abian jarri ziren enpresetako % 73k MARTXAN JARRAITZEN DUELA jardueraren lehenengo hiru urteak igaro ondoren; hortaz, aurreko urteko datuekin alderatuta, % 5 igo da bideragarritasuna.

Kopuru horiek agerian uzten dute osasun-pandemiak eragindako krisialdiaren baitan susperraldi sozial eta ekonomikoa egon dela eta, ondorioz, ekintzailetzarako testuinguru hobea dagoela.

Bilbao Ekintzako BIG Bilbao zentroko zerbitzu guztiak doan eskaintzen zaizkio ekintzailetzaren komunitateari, eta Europako Gizarte Funtsa 2014-2020 programa eragilearen % 50eko finantzaketa jasotzen dute.