Otsailak 10
-
IKERLANek Bilbon izango duen lehen egoitza Matikoko Auzo Factory deritzoneko udal instalazioetan egongo da, eta ikerkuntza-zentroaren asmoa da teknologia transferitzea eta talentua erakarri eta garatzea, Urian kokatuta dauden erakundeekin, enpresa-poloekin, unibertsitateekin eta ikerkuntza-zentroekin elkarlanean.
-
Hitzarmena Juan Mari Aburto alkateak eta Ion Etxeberria IKERLANen zuzendari nagusiak sinatuko dute, eta hitzarmen hori izango da lehen urratsa teknologia-zentroa Bilbon hazi eta hedatzeko bidean.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Ion Etxeberria IKERLAN teknologia-zentroaren zuzendari nagusiak gaur sinatu dute elkarlanerako akordio bat, hirian IKERLANen egoitza berri bat irekitzeko, Matikoko Auzo Factory delakoan dauden udal instalazioetan.
Ekitaldia Udaletxeko Arabiar Aretoan izan da, eta han izan dira Iñigo Ucín Mondragón Korporazioko presidentea eta Bixente Atxa Mondragón Unibertsitateko errektorea, enpresa-taldearen beste ordezkari batzuekin batera, eta halaber Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia.
Alkateak aurreratu duenez, hitzarmen hau sinaturik, ikerkuntza zentro ospetsu hau, MONDRAGON korporazioko eta BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea, Bilbon ezarri eta zabaltzen da; 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta 400 pertsona baino gehiagok osatzen dute ikerkuntzako profesionalen taldea.
Honako hau erantsi du: “Asmoa da ekonomia-sarea berrikuntzarekin eta talentuarekin aberasten lagunduko dute enpresak erakartzea gure Urira, halako eran non indartu egingo baitugu inbertitzeko, ikertzeko eta gazteentzako kalitatezko enplegua sortzeko leku erakargarri eta lehiakor moduan Bilbok jokatzen duen zeregina“. Eta hau gaineratu du: “Gure asmoa da talentua erakartzen, hemen eusten eta garatzen laguntzea eta badakigu IKERLANEK erakargarri horiek dauzkala“.
PROIEKTU TEKNOLOGIKOAK BILBON
Egoitza berrian, teknologia-proiektuak jarriko dira, bai ezagutza sortzekoak, bai ezagutza enpresei transferitzekoak, hainbat espezializazio-arlotakoak, hala nola teknologia digitalak, energia eta industria adimentsua; hala, IKERLANek gaur egun Galarretan (Hernanin) eta Arrasaten (bere egoitza nagusi eta historikoa) dituen zentroei gehituko zaie.
Ion Etxeberria teknologia-zentroaren zuzendari nagusiaren esanetan, helburua bikoitza da: “Alde batetik, Bilboko eta inguruko enpresekiko elkarlana azkartu nahi dugu, baita haiei teknologia transferitzeko eginkizuna ere, eta hurragotik”.
Ikerkuntza-zentro hori, gaur den egunean, Bilboko eta Bizkaiko 60 enpresa baino gehiagorekin ari da elkarlanean, zeintzuk, batik bat, energiaren, mugikortasunaren, fabrikazioaren, elektronikaren eta IKTen arloetan ari baitira (Ingeteam, Accenture, Iberdrola, Arteche, Arcelor Mittal, Batz, Cikautxo, Maier, Osatu, ZIV Automation, Bilboko Metroa, Bridgestone, Sener edo Sidenor dira bere bezeroetako batzuk, esate baterako); eta, bestalde, zenbait azpiegitura funtsezko garatzeko elkarlanean ere jardun da, hala nola Bilboko Metroa, Loiuko aireportua edo Bilboko tranbia.
Hau ere gehitu du: “Bilbon jarrita, talentu teknologikoa sustatu eta garatu nahi dugu, beren jarduera nagusia hiri honetan garatzen duten unibertsitate nagusiekin batera“.
Urtero-urtero, 100 ikasle inguru aritzen dira IKERLANen formazioa hartzen, 10 unibertsitate baino gehiagotatik etorrita, eta talentu-haztegi garrantzitsu bat da horregatik, hala ikerkuntza-zentroarentzat berarentzat, nola harekin elkarlanean jarduten diren enpresentzat. 2022an, IKERLANek 60 profesional hartu zituen bere plantillan, eta haien artean % 30 kanpotik etorriak ziren Euskadira, eta erakarmen handia eragin zuten talentua gurera ekartzeko.
Horrela, bada, eta adierazi duenez, Bilbon egoitza berria irekita, IKERLANek beste urrats bat egin nahi du. Hain zuzen: “beste urrats bat enpresendako teknologia sortu eta haiei transferitzeko eginkizunean, eta talentua erakarri eta garatzeko zereginean, betiere hurbiltasunetik eta Bilbon kokatuta dauden erakundeekin, enpresa-poloekin, unibertsitateekin eta ikerkuntza-zentroekin elkarlanean“.
BILBON HAZI
Egoitza berriak, hasteko, hogei bat langile baliatuko ditu, eta aurreikusten du epe ertainean ehun langile inguruko plantilla bat izango duela Bilbon, eta, era horretan, lagundu egingo duela balio erantsi handiko enplegua sortzen eta talentu teknologikoa erakartzen hirira.
Ikerkuntza-zentroak, gainera, formazio espezializatua eskainiko du, eta teknologiaren zabalkundea egiteko ekitaldiak antolatuko ditu, hainbat arlotakoak, hala nola zibersegurtasuna, adimen artifiziala edo konputazio kuantikoa, eta orobat trantsizio energetikorako beharrezkoak diren teknologiak, nazioartean entzutetsuak diren ikertzaileen eskutik; halaber, nabarmenki azkartuko du Bilboko enpresa eta ETE teknologikoentzako eskaintza teknologikorik aurreratuena, eta, halaber, hiriaren nazioarteko proiekzio teknologikoa (IKERLAN, gaur den egunean, Europako 40 proiektutan ari da parte hartzen nazioarteko ospea duten beste zentro batzuekin batera, hala nola Fraunhofer edo VTT, eta, gainera, liderra da, horien artean, hamar proiektutan).
2022an, IKERLANek, guztira, 28 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen, eta badu Tekonologiaren arloko Espezializazio Plan bat ere, asmo handikoa, zeinean 50 M€ ere bildu baititu ikerkuntza-proiektuak bideratzeko 2025era arteko bere hiru espezializazio ildoetan.