Udalak segurtasun, osasun kontrol, garraio publiko eta garbiketa operatibo koordinatu zabala planifikatu du Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio berri batez gozatzeko

Uztailak 5

    • Jaialdiaren esparrura ahalik eta lasterren joatea gomendatzen da – batez ere, kanpinzaleei dagokienez–, apurka-apurkako bertaratzea errazteko eta itxaronaldiak laburtzeko, bai eta poltsak eta motxilak arakatzeko ere, hala behar izanez gero.

    • Bilboko Udalak laguntzeko eskatzen die bertaratutakoei, eta galdatzen die une oro segurtasuneko langileen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideei jaramon egiteko, horiek guztiek operatibo bateratua prestatu baitute jendearen segurtasuna bermatzeko helburuz.

    • Erreserbako autobus-zerbitzua eskuragarri dago dagoeneko. Iaz bezala, Felipe Serrate kaletik aterako da, eta jaialdiaren webgunean bertan egin daiteke erreserba. Doako autobus-anezkak ere egongo dira BEC! eta Basurtuko Kaputxinoetatik, bai jaialdiaren esparrura joateko, bai handik itzultzeko. Nahitaezkoa da eskumuturrekoa jantzita eroatea autobusean bidaiatzeko. 

    • Ia 50 laguneko taldea arduratuko da Kobetamendi esparruko hondakinak garbitzeaz eta biltzeaz, eta zerbitzua indartuko da urian eragindako beste gune batzuetan, hala nola San Mameseko zabalgunean, antolatzaileek jarritako autobusak handik aterako baitira.

Uztailaren 11n, 12an eta 13an izango den Bilbao BBK Live jaialdia hartzeko prestatzen ari da aurten ere Bilboko uria. 100 artistak baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldian, eta aurten ere, hamazazpigarren edizioan, jendetza bilduko da.

Horretarako, Udalak hainbat arloren artean koordinatutako udal operatiboa planifikatu du, Kobetamendiko esparruaren segurtasuna, garraio publikoa, osasun-kontrola eta garbiketa bermatzeko.

SEGURTASUNA

Ibilgailu pribatuetarako lehen zirkulazio-murrizketak uztailaren 10ean, 10:30ean, ezarriko dira, eta uztailaren 14ko 15:00ak arte iraungo dute, gutxi gorabehera.

Segurtasun-arrazoiak direla eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatzea izango du, jaialdira doan jendeketaren arabera.  Era berean, ekitaldiaren antolakuntzak baimendutako ibilgailuei, garraio publikoari eta behar bezala onetsitako bizilagunei baino ez die igarotzen utziko.

Gogorarazi behar da guztiz debekatuta dagoela kontzertu-guneetara zein kanpalekura ibilgailu pribatua erabiliz sartzea; hortaz, jaialdira doazenak oinez edo antolatzaileek jaialdiaren kariaz jarritako anezka-autobusak erabiliz (“Kobetamendi anezka” zerbitzua) joan beharko dira.

Edizio honetan, jaialdiaren segurtasuna berriro indartuko da, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Bilbao BBK Liveko segurtasun-langileen artean koordinatutako operatibo berezi bati esker, bertaratzen direnen ongizatea bermatzeko xedez, bai jai-esparruaren barruan, bai inguruetan.

Udaltzaingoak esparrurako sarbideak eta sarrera zaindu eta kontrolatuko ditu, delituzko gertaerak eta istiluak saihesteko, eta arreta bereziz jardungo du, hala berean, iruzurrezko salmentaren aurka eta bertaratzen diren pertsonen bide-segurtasuna zaintzen.

Salaketak jartzea eta argiketak egitea errazteko, polizia-arretako zerbitzua egokituko da Udaltzaingoaren bulegoetan, Basurtu/Errekaldeko Auzo Ikuskaritzan, Tellagorri kaleko 3. zenbakian, 22:30etik 07:30era.

Era berean, bi polizia-unitate mugikor egongo dira, ebasketa-delitu arinengatiko eta/edo kalteengatiko salaketak jasotzeko beharrezkoak diren bitarteko eta baliabideez horniturik, edo, garrantzi handiko delituak ez izan arren, hala nola ibilgailuan indarra erabiliz egindako lapurretak, izapidetze soila dakarten beste delitu batzuengatiko salaketak jasotzeko. Halakoetan, agenteek lekuan bertan jardungo dute, salaketa-akta bertatik bertara egiteko.

Bilboko Udalak jaialdiaren esparrura ahalik eta lasterren joatea gomendatzen du –batez ere, kanpinzaleei dagokienez–, apurka-apurkako bertaratzea errazteko eta itxaronaldiak laburtzeko, bai eta poltsak eta motxilak arakatzeko ere, joandakoei hala eskatzen bazaie.

Era berean, Bilboko Udalak ahalik eta gehien laguntzeko eskatu nahi dio jendeari, bai eta, une oro, ekitaldiko segurtasun-langileen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideei jaramon egiteko ere.

KOORDINAZIO-ZENTROA, GUNE MEDIKOA ETA ANBULANTZIAK

Erantzun egokia ematen jarraitzeko, jaialdiaren barruan zein jaialdiaren ingurutik gertu, Jaialdiaren Segurtasuna Koordinatzeko Zentroa antolatu da. Bertan, segurtasuneko langileak, udaltzainak, ertzainak, suhiltzaileak eta osasun-langileak egongo dira. Autokarabanen aparkalekutik gertu jarriko da, eta kontzertu-esparruaren barruan bi gunetan banatutako gune mediko bat jarriko da: laguntza medikoko gela eta eboluzio-gela.

Kontzertuek irauten duten artean, anbulantziak egongo dira esparruaren hainbat gunetan: agertoki nagusietan, aisialdiko gunearen inguruan eta gune medikoan, horietako bat zerbitzuan egongo da eguneko 24 orduetan. Suhiltzaileen kamioi bat ere, lantalde tekniko eta giza baliabidez horniturik, prest izango da edozein larrialditarako.

Kanpatzeko gunean ere segurtasuneko eta osasun-laguntzako langileak egongo dira 24 orduz.

GARBIKETA

Jaialdiak irauten duen artean, uztailaren 11tik 14ra, garbitzeko eta hondakinak biltzeko lan zorrotza egingo da esparru osoan, batez ere, 7:00etatik 14:00etara. Zeregin horietan, 47 langilek parte hartuko dute batez beste egunero, eta 21 ibilgailuk –kamioiak erratz-makinak aintzat hartuta– lagunduko dute guztira.

Gainera, esparrua garbi-garbi edukitzeko helburuz, 470 edukiontzi jarriko dira guztira, 1.100 litroko edukiontziak, kuboak eta igluak eta 6 metro kubikoko 3 erretilu.

Operatibo horrek garbiketa eta hondakinen bilketa egingo du kanpatzeko gunean goizean, eta azaleko garbitze-lan sistematikoak egingo dira sarrera nagusian eta inguruetan, kanpalekuaren inguruko eremu komunetan eta autobus-geltokietan, bai kontzertu-gunean, bai anezka-autobusak abiatzen diren tokietan.

“Basoa” eta “Lasai” esparruetan, garbiketa-lanak eskuz egingo dira oso-osorik, zuhaitzen trinkotasuna dela eta.

Gainera, kontzertu-egunetan, garbiketa-dispositibo berezia egokituko da Altamira auzo osoan, jai-eremura oinez igotzen eta jaisten diren bertaratuen “aztarna” saihesteko. Jaialdia amaitutakoan, garbiketa sakona egingo da Kobetamendi parkean, herritarrek erabili eta goza dezaten.

Lantalde bat ingurua garbi edukitzeaz eta Kobetamendi parkea zaintzeaz arduratuko da, jaialdiko ikusleek eta Bilboko herritarrek parkeaz gozatzen jarrai dezaten.

Era berean, kontzertuen eremuko dispositiboa alde batera utzita, Garbiketa Zerbitzua berrantolatu egingo da urian arreta behar duten guneetako beharrizanei erantzuteko, hala nola jendea jaialdira eramateko autobus-geltokietako beharrizanei, adibidez, San Mameseko zabalgunean.

SARRERAK ALDATU ETA ESKUMUTURREKOAK ESKURATU IGO BAINO LEHEN

Sarreren truke, jaialdiko eskumuturrekoak eskuratu beharko dira, esparrura igo aurretik. Uztailaren 8an, astelehenarekin, eta 9an, asteartearekin, BBK Aretoan aldatu ahalko dira sarrerok, 11:00etatik 20:00etara. Uztailaren 10etik, asteazkenetik, uztailaren 13ra, larunbatera, San Mameseko zein BECeko ordutegia hauxe izango da: goizeko 10etatik goizaldeko 2etara.

EZIN izango dira sarreren truke eskumuturrekoak eskuratu jaialdiaren esparruan, eta EZIN izango dira jaialdiko autobusetara igo eskumuturreko barik.

OINEZKOENTZAKO SARBIDEA-KOBETAMENDIRAINO OINEZ JOATEA 

Kobetamendi Irteera dugu BBKren eta Bilbao BBK Liveren ekimena, jaialdira hurreratzen direnen karbono aztarna murrizten laguntzeko, esparruraino oinez joanda. Horretarako, San Mameseko zabalgunetik jaialdiaren sarreraraino dagoen 2,5 kilometroko distantzia ibiliz egin behar dute. Jaialdiaren egunetan, lau irteera programatuko dira, 17:00etatik 20:00etara, orduko bat.

Ibilbidea diseinatu da txikienek zein zaharrenek ibilbidea erraz egiteko modua izan dezaten. Parte hartzaileek irteera paregabeaz gozatu ahalko dute, eta zenbat eta garaiago, orduan eta gehiago gozatuko dute Bilboko bista zoragarriez.

ZELAN JOAN KOBETAMENDIRA

Zirkulazio-etete eta -aldaketa nagusiek jaialdiaren inguruari eragingo diote, hots, Kobetamendi inguruari. Zehazki, Kobetabidea itxita egongo da Basurtu-Kastrexana errepidearekiko bidegurutzetik, eta Mintegitxuetako bidea, Masustegitik eta Altamiratik doan sarbidetik.

Ibilgailu pribatuentzako lehen zirkulazio-murrizketak uztailaren 10eko 10:30ean ezarriko dira, eta 14ra arte, igandera arte, iraungo dute, gutxi gorabehera, 15:00ak arte.

Segurtasun-arrazoiak direla eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatzea izango du, jaialdira doan jendeketaren arabera.  Era berean, ekitaldiaren antolakuntzak baimendutako ibilgailuei, garraio publikoari eta behar bezala onetsitako bizilagunei baino ez die igarotzen utziko.

Gogorarazi behar da guztiz debekatuta dagoela kontzertu-guneetara zein kanpalekura ibilgailu pribatua erabiliz sartzea; hortaz, jaialdira doazenak oinez edo antolatzaileek jaialdiaren kariaz jarritako anezka-autobusak erabiliz (“Kobetamendi anezka” zerbitzua) joan beharko dira.

AUTOBUSETAKO ERRESERBA

Igoera antolatzeko eta denboraz planifikatu ahal izateko, hirugarren urtez jarraian, erreserbako autobus-zerbitzua dago erabilgarri. Zerbitzu hori Felipe Serrate kaletik aterako da, San Mames ondoan, jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik 22:00etara, 10 minuturo.

Bidaiaren kostua 3,5 eurokoa da, igoerarako bakarrik egongo da eskuragarri eta aldez aurretik erreserbatu beharko da jaialdiaren webgunean. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, 10 txartel erosi ahalko ditu.

DOAKO AUTOBUSAK

Gainera, bertaratzen direnek doako anezka-autobusak izango dituzte, esparrura joateko zein handik itzultzeko. Ohi bezala, joanekoan busak BECetik abiatuko dira (Barakaldo) Ansioko metro-geltokiaren ondoan –ibilgailuak aparkatzeko 3.500 leku egokituko dira– eta San Mames ingurutik –Basurtuko Kaputxinoen kalearen atzealdean, BAMI eraikinaren (Ogasuna-EiTB) atzealdean.

Autobusek etenik gabe emango dute zerbitzua, uztailaren 10eko 12:00etatik igandeko 15:00etara, eta zerbitzuaren maiztasuna aldatu egingo da, eskariaren eta begiz jotzen diren beharren arabera.

Jaialdiaren egun guztietan, 16:00etatik aurrera, Beyenako fabrika zaharraren inguruan geldituko dira, eta bertatik, ikusleek 800 bat metroko ibilbidea egin beharko dute jaialdiaren esparrura iristeko.

Era berean, programatutako kontzertuak amaitutakoan, anezka-autobusak erabili ahalko dira itzulerako bidaia egiteko.  Beyena parean egokitutako geralekutik, jaialdira bertaratzen direnek hesitutako eremuetan itxaron ahalko diete ibilgailuei eta, bertatik, Basurtu-San Mamesera edo BECera jaitsiko dira.

Era berean, kanpinzaleek autobusak izango dituzte kanpinera joateko uztailaren 10etik, asteazkenetik, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-esparrura joateko, bai kanpinera itzultzeko.

Kontzertuetan, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) eta kanpalekuaren eremua lotzen duen anezka-zerbitzua egongo da.

TAXIA

08:00etatik 16:00etara, gutxi gorabehera, taxiek bidaiariak utzi ahalko izango dituzte esparruaren sarreratik gertu.

Ordu horretatik aurrera, jaialdiaren esparrura joaten diren taxiek Beyenako fabrika zaharraren inguruan prestatutako geraleku batean utzi beharko dituzte bidaiariak.

MUGIKORTASUN URRIKO PERTSONAK

Antolatzaileek mugikortasun urriko pertsonentzako anezka-zerbitzua eskainiko dute San Mamesetik jaialdiko sarreraraino, zeinahi unetan, 17:00etatik 07:00etara, jaialdiaren egun guztietan.

Esparruaren barruan, mugikortasun urriko pertsonentzako eremuak egongo dira, eta MUPentzat soilik erreserbatutako espazio esklusiboa ere bai, arreta espezializatuko langilez horniturik.

KANPALEKUA ETA AGERTOKIAK ‘CASHLESS’ JAIALDI BATEAN

Jaialdiaren esparrutik 3 kilometrora, Bilboko atsedenlekurik handienetako batean, Bilbao BBK Live kanpatzeko gunea berdegune zoragarria da, oinarrizko zerbitzu guztiez zuzkitutakoa, hala nola ura, dutxak, ispiludun komunak eta entxufeak, armairuak eta jatetxeen gunea. Kanpatzeko gunea asteazkenean, hilaren 10ean, irekiko da, 12:00etan, eta igandean, hilaren 14an, 15:00etan, itxiko da.

Bilboko Udalak gogorarazi nahi du egokitutako gune horretan soilik kanpatu ahalko dela, eta kontzertu-gunetik kanpinera oinez joaten ez diren kanpinlariek 24 orduko doako autobus-zerbitzua erabil dezatela eskatu du, batez ere, gauean. Era berean, gogoan izan segurtasun-arrazoiengatik ezin dela surik egin.

Jaialdiaren esparruaren ateak 17:00etan irekiko dira egunero, eta Bilbao BBK Live 2024 jaialdiaren musika zazpi agertokitan eskainiko da Kobetamendin.

Bilbao BBK Live jaialdia erabat “cashless” izango da, hau da, eskudirurik gabeko jaialdia.  Jaialdira hurreratzen direnek jaialdiko ordainketa guztiak (merchandisinga, janaria eta edaria) eskumuturraren bira sinple batez egin ahalko dituzte, eskumuturreko adimendunetan integratutako teknologiari esker. Kontzertuzale guztiek jasoko dute teknologia hori sarrera baliozkotzean, eta eremura sartzeko modua emateaz gain, ordainketa-sistema segurua bermatzen du.

Eskumuturrekoa online kargatu daiteke, webgunearen bidez edo modu fisikoan, eskudirutan edo txartela erabiliz, Kobetamendiko esparruan jarritako karga-guneetan. Saldoa jaialdiaren edozein karga-gunetan edo kobratzeko gailutan kontsultatu ahal izango da.

Soberako zenbatekoaren itzulketa automatikoa izango da, transferentzia bidez, kosturik eta gutxieneko zenbatekorik ordaindu behar izateke, online kargatu duten pertsonentzat.  Jaialdiko postuetan kargaren bat egin dutenek uztailaren 16tik aurrera eskatu ahalko dute itzulketajaialdiaren webgunean dagoen atariaren bidez, transferentzia bakoitzeko kosturik eta gutxieneko zenbatekorik gabe.

AUTOKARABANEN BEHIN-BEHINEKO APARKALEKUA BECen

Bilbao BBK Liveko kontzertuak martxan jartzeko beharrezkoak diren ibilgailuak eta gainerako tresnak hartzeko asmoz, Kobetamendiko autokarabanentzako harrera gunea itxita egongo da.

Bilboko Udalak doako aparkaleku-zerbitzua jarri du martxan egun horietan BECeko (Bilbao Exhibition Centre) biltegien kanpoko aparkalekuan autokarabanentzat, autokarabanazaleen aparkatzeko eskaerari erantzuteko. Aldi baterako aparkalekua doakoa izango da, eta uztailaren 17ko 13:00ak arte egongo da zabalik; 24 orduko zaintza, ur-lotunea, eguneroko garbiketa, hondakinen bilketa eta hustubidea ditu.

Garraio publikoa erabiliz, Bilboko erdigunearekin komunikatuta dago autobusez (Bizkaibusen 3136 linea: Bilbo-Gurutzeta Barakaldo) eta metroz (Ansioko geltokitik abiatuta).

METROAREN ZERBITZU BEREZIAK

Uztailaren 11tik 13ra, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Metro Bilbaok gau osoan emango du zerbitzua.  Maiztasunak Metro Bilbaoren webgunean kontsulta daitezke, “Hurrengo trenak” atalean.

OSASUN-KONTROLA

Jaialdiaren azpiegitura muntatu aurretik, Osasun eta Kontsumo Sailak egiten duen ebaluazioa eginda hasten da osasun-kontrola, Osasun-memoriak berrikusita, eta, beharrezkoa balitz, zuzenketak proposatuta. Era berean, erabilgarri dauden komunen kopurua eta txorrotako ura eskuratzeko lotuneak ebaluatzen dira, aurreikusitako edukieraren arabera, bai eta horien mantentze-lan egokia ere.

Hala, inaugurazioaren aurreko egunean, azpiegitura guztia muntatuta zegoela, Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek osaturiko hiru ikuskapen-taldek aurreneko ikuskapena egingo dute. Ikuskapen horretan, funtsean, egiaztatu egiten da elikagaiak eta edariak saltzen dituzten establezimendu guztiek ur-lotuneak, material egokiak, edukiera nahikoko hozkailuak, manipulazio-eremuak eta abar dituztela, eta komunen kopurua nahiz aldizkako garbiketa-protokoloa egokiak direla. Ikuskapen horiek jendeari saltzeko establezimenduetan nahiz VIP guneetako saltokietan egiten dira, bai eta langile eta artistentzat prestatutako jantokietan ere.

Inaugurazioaren egunean bertan, goizean, beste ikuskapen bat egiten da, eta bertan, jaialdiak iraun artean eskainiko diren elikagai eta edari guztiak egiaztatzen dira: jatorria, iraungitze-datak, freskotasuna, kontserbazioa… Geroago, gutxienez, beste ikuskapen bat egin ohi da.

Gainera, nabarmendu behar da kanpatzeko eremua ere ikuskatu eta kontrolatuko dela.

Jaialdiaren antolakuntzak higiene- eta osasun-arloko profesionalen taldea izango du lanean, elikadura-segurtasunari lotutako eragiketak egokiak direla zaintzeko.

SARE SOZIALAK: