Uztailak 5
-
Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, 2025 Merkataritza Plan Estrategikoaren aurkezpenaren buru izan da. Hirian sektorearen lehiakortasun-posizioa eta hiriak berak bilbotarrentzat zein bisitarientzat merkataritza-hiri gisa duen erakargarritasuna hobetu eta indartzeko Udalaren ibilbide-orri berria.
-
2021 urte honetan eta denbora-horizontea 2025ean jarrita abiaraziko diren lan-arloko LAU ARDATZ handitan eta 33 ekintza-ildotan egituratutako plan estrategiko bat da. Denbora-tarte horretan, beharrezkoa izango da sektorea birmoldatu eta bultzatzea, pandemiak eragindako krisiaren ostean.
-
Plan hau diseinatu eta egiterakoan, saltokien, elkarte-ehunaren, hainbat udal-arloren zein Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen parte-hartze aktiboa izan da. Alkateak azaldu du dokumentu aktibo, ireki eta parte-hartzailea dela, eta adierazi duenez, «gaur urrats bat gehiago eman da BILBOKO MERKATARITZA FOROAren eraketarekin; zeina aktibo egongo baita Planaren laguntza- eta jarraipen-plataforma gisa».
-
Aldi berean, hiriko merkataritza-sektorearen DIAGNOSTIKO bat egin da, «saltoki bakoitzeko informazioa biltzen duena, gure talde teknikoek ia 3.000 merkatariri egin dizkieten banakako elkarrizketei esker».
-
2020an eta 2021ean zehar, 3 milioi euro baino gehiago bideratu ditu, #BILBAOAURRERA ekimenaren baitan, merkataritza- eta ostalaritza-sektoreentzako laguntza zuzenetara. Laguntza horiez gain, Bilboko Bonuen Kanpainetako beste 4 milioi euro bideratu dira Covid-19aren pandemiak biziki erasan dituen sektoreak berreskuratzeko apustu irmo gisa.
Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, 2025 Merkaritza Plan Estrategikoaren aurkezpenaren buru izan da. Plan hori Udalak datozen lau urteetan sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egin duen apustu irmo eta seguru bat da, «denbora-tarte horretan beharrezkoa izango da sektorearen egitura eraldatzeko eta Covid-19ak eragindako krisiaren ostean saltokia berreskuratzeko erronka handiei heltzea».
Dokumentuaren edukia Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak azaldu du, eta ekitaldi horretan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Cecobik eta Merkataritza Ganberak hartu dute parte, dokumentuaren elaborazioan parte hartu duten kolektiboekin batera: merkataritza-sektorea bera, elkarte-ehuna, Udaleko zenbait arlo zein Udalean ordezkaritza duten talde politikoak.
Alkateak azaldu duen bezala, «lan serio, zorrotz eta parte-hartzailea da, eta sektorearen eskutik joan izan gara beti. Hala, merkataritzaren egiturazko eraldaketa sakonean parte hartu dugu hiri osoan eta auzoetan, bai eta premiazko eta berehalakoan ere, zuzeneko laguntzen edo bono-kanpainen bidez, Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioei aurre egiteko». «Plan hori —jarraitu du— dokumentu irekia da, eta trazatu ditugun jarduketa-ildo guztiekin osatu beharko dugu. Orain, beste urrats bat egin da, gaur bertan, Bilboko Merkataritza Foroaren eraketaren bidez».
Juan Mari Aburtok aurreratu duenez, aldi berean eta planaren osagarri gisa, lan sakona egin da hiriko merkataritza-sektorearen DIAGNOSTIKO zehatza egiteko, «saltoki bakoitzeko informazioa biltzen duena, gure talde teknikoek ia 3.000 merkatariri egin dizkieten banakako elkarrizketei esker. Diagnostiko horrek saltoki bakoitzarentzako zuzendutako zerbitzuak hobeto garatzea ahalbidetuko digu».
BILBORAKO IBILBIDE-ORRIA
“Bilboko 2025 Merkataritza Plan Estrategikoa” Udalaren ibilbide-orri gisa eraiki da, sektorearen lehiakortasun-posizioa eta hiriak berak bilbotarrentzat zein bisitarientzat merkataritza-hiri gisa duen erakargarritasuna hobetu eta indartzeko. Horretarako, hiri-eredu komertzial ordenatu, erakargarri eta iraunkor bat eraikitzeko lan egingo da. Eredu hori bat etorriko da hiri-apustu instituzional batekin, zeinak marka multinazional handien erakargarritasuna eta tokiko merkataritzaren faktore bereizgarria integratuko baitu; eta horrek, aldi berean, hurbiltasun-eskaintza handia ekarriko du, auzoetan bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta gozamena bermatzeko. Planak sektorea modernizatzea ere aurreikusten du, digitalizazioaren eta pixkanaka gaztetzeko estimulazioaren bidez.
Era berean, dokumentu honen xedea da, aktiboki eta merkataritzatik abiatuta, hiri propioaren eta erakargarriaren irudi eta kontakizun bat eraikitzen laguntzea, Bilbo hiri-ekonomiaren Euskadiko eta Estatuko erreferente gisa kokatuko duena, merkataritza, kultura eta aisialdia erakarpen turistikoa aberastearen alde integratzearen bitartez. Era berean, barruti bakoitzeko herritarrengan gertutasun- eta nortasun-giro bat sortu nahi da. Hori guztia, kudeaketa kolaboratibo publiko eta pribatu eraginkor batetik abiatuta.
LAN-ARLOKO 4 ARDATZ ETA 33 EKINTZA-ILDO
Bilboko 2025 Merkataritza Plan Estrategikoa 2021 urte honetan eta denbora-horizontea 2025ean jarrita abiaraziko diren lan-arloko lau ardatz handitan eta 33 ekintza-ildotan egituratutako plan estrategiko bat da. Denbora-tarte horretan, beharrezkoa izango da sektorearen egitura birmoldatu eta bultzatzea; et horri, Covid-19aren pandemiak eragindako krisia gehitu behar zaio.
Lau ardatzak hauek dira: hiria, merkataritza-negozioen garapena, hiri-espazioaren dinamizazioa eta lankidetza publiko pribatua, kudeaketa kolaboratibo eraginkorraren oinarrizko ardatz gisa.
1. ardatza: Hiri-eredu komertziala: hirigintza eta mugikortasun iraunkorra
Hiriaren bihotzaren erakarpen komertziala indartu nahi da, Abando, Indautxu eta Alde Zaharreko barrutietako proiektu eraldatzaileekin loturiko lau esku-hartzeren bidez:
- Abandon, arreta-fokua Kale Nagusitik irekiko da, merkataritza-ardatz osagarrietarantz. Indautxun, Basurtu, Errekalde eta Abando lotuko dituen eta oinezkoen fluxuak indartuko dituen korridore batekin. Itsasadarraren aurrean, Abandorantz sartzeko korridoreekin; eta Alde Zaharrean esku-hartze bereziekin, Erriberako Merkatua harturik erreferente gisa.
Hori guztia osatzeko, AUZOETAKO bihotzen erakargarritasunari eta merkataritza-bizitzari eusten zaio, eta, horrekin batera, elkarrekin heltzen zaie merkataritza-etxabeen hirugarren mailako erabilerei, lonja hutsen tratamenduari zein alokairuen mapa dinamiko bati, Open Data Komertziala sortzearen bidez.
Era berean, datozen lau urteetan mugikortasun iraunkorra sustatu nahi da, eta horretako, disuasio-aparkalekuen sarea sortuko da eta honako hauek indartuko dira: garraio publikoa; aparkalekuen kokapenari eta okupazio-mailari buruzko informazio-sistema integratua; zamalanetarako eremuen eta oinezkoentzako eremuen azterketa bat; eta merkataritza-jarduera erraztuko duten eta merkataritza-eskaera berrientzako irtenbide logistikoak eskainiko dituzten oinezkoentzako guneak.
2. ardatza: Kanal-aniztasuna eta modernizazio lehiakorra.
Sektorea modernizatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko, Bilboko 2025 Merkataritza Plan Estrategikoak digitalizazioa sustatzea aurreikusten du, establezimenduak modernizatzeko bektore gisa; baina baita ikuspegi kolektibo batetik ere (proiektu digital partekatuekin; 4.0 elkarte-sare baten sorrerarekin; eta merkataritza kalean eta dendetan bezeroen eta zentzumenen ibilbideak baloratzeko big data azterketa integratzen duen hiri-proiektuaren parte gisa ulertuta).
Planak merkataritzaren negozio-ereduan lan egiteko beharra barne hartzen du, berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta zerbitzuaren hobekuntzaren bidez. Horretarako, balioa sortu behar da; ez bakarrik produktuaren kalitatearen eta salmenta-prezioaren bidez, baita erosketa lehiakorraren esperientzia ahalbidetuko duen zerbitzu hobe baten bidez ere.
Azkenik, sektorea birdimentsionatzen lagunduko da, eredu bikoitz baten bidez: egungo merkataritzaren iraunkortasuna hobetzea eta merkataritza-negozio berriak sortzea ekarriko duen enpresa-ekimena babestea.
3. ardatza: Bilbo MERKATARITZA-, KULTURA- ETA AISIALDI-HIRI gisa sustatzea.
Komunikazio- eta marketin-estrategiak landuko dira, “komunitatea egiteko”, tokiko merkataritza sustatzeko lankidetza-tresnen bidez dinamizazio-planteamenduak berritzeko (#Bonobilbao kanpainarekin gertatu zen bezala) eta merkataritzaren eta turismoaren arteko sinergiak bultzatzeko xedeekin. Helburua da EROSKETA ARDURATSUEN TURISMOA bultzatzea, tokiko merkataritza erakargarri eta lehiakorra balioetsiko duena, baina baita beste nortasun-elementu batzuk ere, hala nola tokiko sortzaileak eta diseinatzaileak, artisauak, merkatuak… bai eta turistekiko merkataritza-elkarrekintzaren digitalizazioa ere.
4. ardatza: Lankidetza publiko-pribatua hobetzea.
Laugarren eta azken ardatz honek lau lan-ildo barne hartzen ditu: elkarteak berrabiaraztea eta artikulatzea, politika instituzionalak optimizatzea, ezagutza bultzatzea (hiriaren adimen lehiakorrerako tresna gisa) eta planaren zuzentzea.
Berrikuntza gisa, gaur BILBOKO MERKATARITZA FOROA eratu da, eta martxan egongo da egin diren lan-ildoetan aurrera egiten jarraitzeko.
PLAN ESTRATEGIKO PARTE-HARTZAILE BAT
Bilboko 2025 Merkataritza Plan Estrategikoa gaur aurkeztu zaie hiriko merkataritza-sektoreko eragileei; haiek, era berean, dokumentu hau egiteko prozesuan parte hartu dute. Horretarako, gailu parte-hartzaile zabal eta dibertsioa txertatu zaio planari. Gailu hori, aldi berean, hainbat tresnaz osatua dago, presentzialak nahiz telematikoak, pandemiak ezarritako segurtasun-jarraibideei jarraikiz.
Lan hori egiteko, 125 enpresaren zuzeneko laguntza izan da, elkarrizketak egin zaizkie hiriko elkarte-ehuneko eta merkataritza-ekipamenduetako 23 eragileri eta 8 udal-alorretako arduradun eta teknikariei. Gainera, herritarrek hartu dute parte dokumentu honen elaborazioa, kultura- eta gizarte-elkarteen bidez.
Halaber, bi lan-jardunaldi egin dira, eta 30 eragile instituzional eta sektorialek baino gehiagok hartu zuten parte diagnostikoaren eta ekintza-planaren egiaztapenean eta balorazioan.
MILIOI BAT EURO INGURU LAGUNTZA ZUZENETAN ETA 4 MILIOI BONUTAN
Plan Estrategiko hau eta hiriko merkataritza-sektorearen Diagnostikoaz gain, Udalak pandemiak eragin dituen premia larriago eta berehalakoei aurre egiteko jarduketak ere egin ditu, eta horrek eragin nabarmena izan du hainbat sektoretan
Laguntza gisa, Udalak milioi bat euro eman ditu zuzeneko laguntzetan eta beste 4 milioi euro bonutan, eta, horretaz gain, hiriko merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako neurri fiskalak hartu ditu.