Udalak #BilbaoGabonak programazioa aurkeztu du, eta Hiribildua ilusioz, magiaz eta adin guztietarako jarduerez beteko da

Azaroak 21

  • Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, Hiribilduko Gabonetako argiak piztuko ditu azaroaren 27an 20:00etan Casilda Iturrizar parketik, 70 metro baino gehiagoko luzerako argi-tunel berriaren ondotik.

  • Bihar, ostirala, azaroak 22, arratsaldeko 16:30ean irekiko dituzte Areatzan eta Erripan kokatuko diren txirrista, izotz-pista eta umeei zuzendutako Gabonetako Ametsen Faktoria karpa. Gabonetako Azoka abenduaren 5ean irekiko dute.

  • Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira Bilboko kaleetan ibiliko da abenduaren 23an arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta Ekialdeko Errege Magoen desfilea urtarrilaren 5ean izango da arratsaldeko 18:00etan.

  • #BilbaoGabonak Udalaren Gabonetako proiektuaren baitan, jarduera guztiak gaur aurkeztu dituzte Itziar Urtasun, Kontxi Claver eta Kepa Odriozola Zinegotziek.

Bilboko Udalak gaur aurkeztu du #BilbaoGabonak Gabonetako programazioa. Helburu nagusia Gabonen magia eta ilusioa hiriko txoko guztietara zabaltzea da, hain bereziak diren egun horietan. Beste urte batez, jarduera horiei esker, Bilbo aisialdi-, kultura-, eta merkataritza-erreferentea izango da Gabonetan, bai bilbotarrentzat, bai bisitarientzat.

Gaur goizean Bilboko Udalean egin duten prentsaurrekoan, Itziar Urtasunek, Berdintasun eta Jaietako Zinegotziak, hau esan du: “hilabeteak daramatzagu bete-beteko programazio bat prestatzen, guztiok disfrutatzeko jarduerekin. Adin eta gustu guztietarako aukerak egongo dira. Halaber, irrikan gaude Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ikusteko, haien kalejira eta desfile tradizionalekin. Gure asmoa Hiribildua Gabonen hiriburua izatea da, Gabonez gozatzeko aukera paregabea”.

Bestalde, Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak, hauxe azpimarratu du: “gure Hiribildua Gabonetako aisialdi- eta merkataritza-erreferente gisa indartzen jarraitu nahi dugu. Herritarrei gure dendetan kontsumitzeko dei egiten diegu eta, bereziki, jarduera guztiez goza dezaten eskatzen diegu. Gure asmoa da baita ere Gabonetan gure hirira datozen bisitariek jende guztiarentzat prestaturiko kalitatezko programazioaz gozatu ahal izatea”.

Kepa Odriozolak, Obra Publikoen eta Zerbitzuen Zinegotziak, bilbotar guztiei hitz egin die baita ere, eta esan die “gozatu dezatela Gabonetako argi ederrez apaindutako hiribilduaz. Argi batzuk betikoak izango dira, baina aurten ikusizko eta soinuzko bi berritasun egongo dira, eta oraintxe bertan muntatzen bukatzen ari dira; alde batetik, Moyua plazan  zuhaitz erraldoia jarriko dute eta Casilda Iturrizar parkean 70 metro baino gehiagoko luzerako tunela egongo da”.

Bilboko Gabonak iaz baino astebete lehenago hasiko dira aurten: bihar, ostirala, azaroak 22, arratsaldeko 16:30ean, txirrista eta izotz-pista sintetikoa irekiko dituzte, baita Gabonetako Ametsen Faktoria izeneko umeei zuzendutako jardueren karpa ere.

Udal-programazioko beste egun garrantzitsu bat azaroaren 27a izango da; egun horretan, Gabonetako argiak piztuko dituzte leku oso berezi batetikhain zuzen ere, Casilda Iturrizar parketik. Bertan, 70 metroko luzera gaindituko duen argiz eta musikaz girotutako tunel handi bat instalatzen ari dira. Juan Mari Aburto Alkateak pultsadorea zapalduko du 20:00etan, eta, orduan, beste leku enblematiko batzuen artean, aipatutako tunela, Areatzako urrezko baso magikoa, udaletxea, Alde Zaharreko eta Kale Nagusiko argiak eta hiri osoko auzoetan sakabanatutako 1.500.000 led argiak piztuko dira. Guztien artean, kolorea eta berotasuna emango diete egun hain bereziei. Une horretan piztuko da baita ere aurtengo berritasunetako bat; Moyua plazako zuhaitza handi bat.

IZOTZ-PISTA ETA PATINATZEKO TXIRRISTA

Areatzan patinatzeko izotz-pista sintetikoa egongo da eta, berriro ere, 800 metro karratuko azalera izango du. Egiaz, estatuko horrelako izotz-pista handienetakoa da. Azalera osoaren % 60 estalita egongo denez, izotz-pista hiriko hainbat lekutatik askoz ere nabariagoa izango da. Bihar, azaroaren 22an, irekiko dute 16:30ean eta 2025eko urtarrilaren 6an itxiko da. Ordutegia hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta eskolako Gabonetako opor-egunetan. Salbuespen modura, abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara egongo da irekita eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.

Izotz-pistako prezioak hauek izango dira: 4 euro 30 minutuz patinatzeko (patinak barne) eta 3 euro 30 minutuz patinatzeko familia ugarientzat. Jarduera hori publiko osoari zuzenduta dago (3 urtetik gorakoak), baina 3 eta 7 urte bitarteko umeekin beti egon beharko da heldu bat eta bere sarrera erosi beharko du.

Izotz sintetikodun txirristak sei errei izango ditu eta bihar irekiko da baita ere, azaroaren 22an, 16:30ean, eta 2025eko urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita. Izotz-pistaren ordutegi berberak izango ditu eta Erripan egongo da. 3 euroko prezioan lau aldiz jaisteko aukera egongo da. Kasu honetan, 2 urtetik gorako guztiei zuzenduta egongo da. Doakoa izango da 2-3 urteko umeentzat, eta bere sarrera erosi beharko duen heldu batekin joan beharko dira.

Jarduera bietarako taldeko erreserbak (20 pertsona edo gehiago) egiteko aukera egongo da. Horretarako, mezu bat bidali beharko da helbide elektroniko honetara: reservasgabonak@proasur.com.

Bi jardueretarako sarrerak erosi ahalko dira leihatilan bihartik aurrera (leihatila instalazioak itxi baino ordu erdi aurretik itxiko dute) edo webgune honetan: https://www.bilbaopistadehielo.com/eu/. Zalantzak 670 347 556 telefono-zenbakian argitu ahalko dira.

UMEEN JARDUERETARAKO KARPA

Erripan, aurten ere Gabonetako Ametsen Faktoria umeei zuzendutako espazioa egongo da: 450 metro karratuko karpa batean 12 urtera arteko umeentzat jarduerak eta ikuskizunak egongo dira. Bihar arratsaldetik, azaroaren 22tik, urtarrilaren 5era arte irekita egongo da, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era eta asteburuetan eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez irekiko dute, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.

Umeen karpa doakoa izango da, baina webgunean edo aurrez aurre karpan bertan izena eman beharko da, jarduera bakoitzaren edukiera bete arte. Esteka honetan izena eman daiteke: https://www.eventbrite.es/o/bilboko-udala-ayuntamiento-de-bilbao-35384619543

Espazio horretan bi zona egongo dira, adinaren arabera bereizita: 3 eta 6 urte arteko umeentzat Baso Magikoa izeneko ludoteka antolatuko da. Bertan, tailerrak egingo dira eta Olentzerori edo Errege Magoei eskutitzak bidaltzeko postontziak ere jarriko dira. Bestalde, 6 eta 12 urte arteko umeentzat Ganbara espazioa sortuko da eta, bertan, bitxikeriak, ipuinak, altzarien labirintoa, sormen-espazioa, ipuin-kontalariak, argazki-erakusketak eta abar egongo dira.

26 ETXETXO GABONETAKO AZOKAN

Gabonetako Azoka Erripan egongo da aurten ere. Edizio honetan 26 etxetxo egongo dira, hau da, 2023an baino 5 gehiago, eta guztietan salduko dituzte Gabonetako produktu tipikoak.

Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era irekita egongo da, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 21:00etara, baina abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Saltoki hauek etxetxo bana izango dute aurtengo Gabonetako Azokan (26 izango dira guztira): Princess Courts, Xaboi, Arce Tocados Bilbao, Revoluciona Taller de Cuero, Insphyria, Bilbo Dulce Salado, El Gallo de Oro, Vintique, Lakarola Kintana, Bazar Rif, Delitxia, Kiliken Euritakoak, La Tallerteka, Ositos con Alcohol, Libera, Magora Bakery, Flores para Venus, Kai Denda, Licores Lujo, Tu Bola de Navidad, Fefa, Estudio 14, Ker Fatou, Polvorones Solokoetxe, Bizkorna eta Accesorios Oli.

Eskaintza komertzialaren osagarri, Gabonart artisautza azoka izango dugu berriro. Azoka abenduaren 13an irekiko da, 11:00etan, eta hamabigarren edizioa Bilbon izango da 2025eko urtarrilaren 5era arte.

GABONETAKO ARGIAK

Asteazkenean, azaroaren 27an, arratsaldeko 20:00etan, Casilda Iturrizar parketik ofizialki piztuko dituzte Gabonetako argiak, eta ostegunetik aurrera (azaroak 28) urtarrilaren 6ra arte egunero, 18:00etatik 22:00etara, 1.500.000 led argik baino gehiagok hiria argiztatuko dute.

Gabonetako irudi tradizionalak bizi-bizirik egongo dira hirian; Arriaga plazako zuhaitz izugarria, Areatzako baso magikoa, Kale Nagusiko argi urdinak, Olentzero eta Mari Domingi Emakumeen plazan eta udaletxeko apaingarriak. Azken horretan, berriro ere, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa piztuko dira. Urrezko Balea Handia, iaz bezala, Udaletxearen parean egongo da, Uribitarte kaian.

Aurten, aurrekoez gain, bi instalazio berri eta ikusgarri egongo dira —jabetzan eskuratu direnak 430.000 eurotan—, zehazki, Moyua plazan eta Casilda Iturrizar parkean. Udal-langileek egunak daramatzate biak instalatzen. Argia eta soinua konbinatuko dituzte eta hiriko Gabonetako ikusizko eta soinuzko paisaian beste elementu erakargarri bat izango dira:

  • Moyua plazan zuhaitz ikaragarri handi bat egongo da. Horretarako, plataforma batekin iturria estali dute eta bere gainean egongo da zuhaitza.
  • Casilda Iturrizar parkean 70 metroko luzera gaindituko duen argiz betetako tunel handi bat instalatzen ari dira.

Kasu bietan ere, egiturek argia izateaz gain, soinua ere izango dute. Hala, elementu bakoitzak hiru abesti izango ditu eta argi-proiekzioekin sinkronia ezin hobean entzungo dira. Sei pase egongo dira (hiru Moyua plazan eta hiru Casilda Iturrizar parkean), ordutegi txandakatuan.

  • Moyuako Zuhaitz Handian Hator hator, El tamborilero eta Santa Claus is coming to town (Frank Sinatra) abestiak entzungo dira. Paseak arratsaldero izango dira, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan.
  • Bere aldetik, Casilda Iturrizar parkeko tunelean Hator hator eta It’s beginning to look a lot like Christmas (Michael Buble) eta John Lennonen Happy Chritsmas abestiak entzungo dira. Kasu horretan, paseak 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean izango dira.

Berritasun horietaz gain, iaz bezala, hiri osoan zehar baldosa argiztatuak jarriko dira. Barruti bakoitzean bana egongo da, leku hauetan:

  • 1. barrutia: Eugenio Olabarrieta plazan, Zorrotzaurren.
  • 2. barrutia: Arabella auzoan, makina bio-osasungarrien ondoan.
  • 3. barrutia: Garai lorategietan, Txurdinagan.
  • 4. barrutia: Basarrate zelaian, Santutxun.
  • 5. barrutia: Ibaizabal zelaian, La Peñan.
  • 6. barrutia: Ercilla kalean, Indautxun.
  • 7. barrutia: Camilo Villabaso eta Diaz Enparantza kaleen elkargunean, Errekalden.
  • 8. barrutia: Azoka plazan, Zorrotzan.

Halaber, eta hurrengo asteetako bisitariei ongietorria emateko, hiriko sarrera nagusietan (Juan de Garai kalea, Sabino Arana etorbidea, Zumalakarregi etorbidea, Miribillako sarrera Mirafloresen, Kastrexana eta Zorrotza) sei kartel jarri dira, “Zorionak” hitzarekin eta Bilboko “B”aren ikurrarekin.

Bilboko Udalak urteak daramatza argiteria publikoan energia-efizientziaren alde egiten, eta, zehazki, Gabonetako argiekin. Aurrekoarekin lotuta, Udalak Gabonetan hirian jartzen dituen argi eta apaindura guztiak led motakoak dira.

Bukatzeko, guztira 57 Gabonetako zuhaitz egongo dira barrutietan, Moyua plazakoa barne. Horietatik 28 artifizialak izango dira eta gainerakoak naturalak. Azken horiek, urte osoan zehar beren espazio naturalean egoten dira eta egun hauetarako apaintzen dira bereziki.

GABONETAKO IZAR MAGIKOAK

Hilabete pasatxoan Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Bilboko kaleetan zehar ibiliko dira berriro ere ilusioa banatzen. Lehenengo biak abenduaren 23ko arratsaldean, eta azkenak urtarrilaren 5ean, hurrenez hurren.

Gabon Egunaren bezperan, astelehenean, abenduaren 23an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Olentzerok, Mari Domingik eta Galtzagorriek kalejira magikoa egingo dute Moyua plazatik Arriaga plazaraino.

Lehendabizi, Carlton Hoteletik jendea agurtuko dute eta bukatzeko, Arriaga plazan musika-ikuskizuna egongo da. Gau horretan, Olentzerok eta Mari Domingik Arriagan lo egingo dute eta, astearte goizean, abenduaren 24an, umeekin egongo dira berriro ere. Pertsonaiak aurrez aurre ezagutzeko eta eskariak egiteko, familiek tiketak erreserbatu beharko dituzte webgunean abenduaren 20an.

Bestalde, urtarrilaren 5ean, Ekialdeko Errege Magoak, Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeekin eta familiekin egongo dira arratsaldeko 18:00etan hasiko den desfilean. Argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozak Kale Nagusitik ibiliko dira, eta Udaletxeko balkoira iristean bertaratutako guztiak agurtuko dituzte. Aurten, Errege Magoekin hitzordua urtarrilaren 5ean izango da goizez Udaletxean, eta Olentzerorekin bezala, tiketak webgunean erreserbatu ahalko dira urtarrilaren 2an.

OSTALARITZAKO ORDUTEGIAK ZABALDUKO DIRA

Bilboko Udalak, Gabonak direla-eta, ostalaritza-lokalen itxiera-ordutegia luzatuko du eta bi ordu beranduago itxi ahalko dituzte. Erabaki hori hartu dute Bizkaiko Ostalarien Elkarteak eskaera egin zuelako, hirian ekitaldi eta jai handiak antolatzen direnerako.

Gabonen aurretik ere ordutegi hori aplikatuko da; hala, ostalaritza-establezimenduek beranduago itxi ahalko dute egun hauetan: azaroak 30, abenduak 5, 6, 7, 12, 13, 14, 19, 20, 21, 26, 27, 28 eta 31, eta urtarrilak 2, 3, 4 eta 5.

Ordutegi hori ostalaritza-lokal guztietan aplikatu ahalko dute, “eguneko” establezimenduek, establezimendu “osagarriek” eta terrazek ez ezik; horiek, egungo ordutegia mantenduko dute. Ez da ordutegia luzatuko ezta ere establezimenduetako kanpoaldean kontsumitzeko.

MERKATARIEN ELKARTEEI LAGUNTZEA

Hiriko merkataritzari laguntzeko eta Gabonetako kanpainak indartzeko, beste behin ere, Bilboko Udalak  merkatarien 13 elkarteri  argietarako dirulaguntzak eman dizkie. Ekimen horrekin hiria argiz bete nahi da eta hiriko leku gehiago argiztatu nahi dira. Hauek dira dirulaguntzak jaso dituzten erakundeak: Bilbo Hiriguneko merkatarien elkarteak, Deustu Bizirikek, Alde Zaharreko merkatarien elkarteak, Hiru Auzok, Rekalde Bihotzeanek, Distrito 2- Auzoa Berritzenek, Santutxuk, Otxarkoagak, Basurtu-Basurtu Berrik, Txurdinagak, Abusu-La Peñak, Iralabarrik eta San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako merkatarien eta enpresen elkarteak.

KULTURA PROTAGONISTA IZANGO DA BILBOKO GABONETAN

Gabonetan, Bilbo eta Bilboko auzoak genero guztietako kultura-jarduerez beteko dira, publiko eta gustu guztientzako aproposak izango direnak. Udalak eta tokiko eragileek KULTUR GABONAK programa diseinatu dute. Punta-puntako sormen-ikuskizunak eskainiko dituzte, dibertsioz beteak.

Azaro bukaeratik urtarril hasierara arte, bilbotarrek eta bisitari guztiek antzerkiaz, clownez, bakarrizketez, magiaz, txotxongiloez, ipuin-kontalariez, musikaz, dantzez, bertsoez eta tradizioa eta hiriko kultura-nortasuna aberastuko dituzten beste hainbeste ekimenez gozatu ahal izango dute.

  • ANTZERKIA, CLOWNAK, IPUIN-KONTALARIAK, MAGIA, BAKARRIZKETAK…

Abendura arte luzatuko den Bilboko Zirkuitua programaz gain, gazteei, helduei, familiei eta haurrei zuzendutako askotariko ikuskizunak ere antolatuko dira. Halaber, Bilboko auzoek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, jarduerak Basurtuko, Otxarkoagako, Santutxuko, Begoñako, Castañoseko, San Inazio-Ibarrekolandako, Altamirako, Solokoetxeko, Errekaldeko, San Frantziskoko, Abandoko, Uretamendiko, Masustegiko eta Olabeagako gizarte-etxeetan, San Ignazioko Levante plazan, Zorrotzako pilotalekuan eta Abusu-La Peñako kaleetan antolatuko dituzte.

Antzerki-proposamenen artean daude “La ratonera”, Itxartu Antzerki Taldearena; “Alguien voló sobre el nido del cuco”, Nueve Teatro konpainiarenaantzerki laburrak, besteak beste, “Monólogos de dos”, “Corsarios” eta “Un ratito”; “Alas de hierro”, Kalamua Antzerki Taldearenak; “Una bofetada no es nada” Patxi Pérez eta Belén Cruzena; “Reza”, Cía. Edición Limitadarena; “Billie”, La Pacheca Colectivena; “El público”, Amaira Teatrorena; “Entre flores”,La Burla Teatrorena eta “Calla y come”, La cocinarena.

Gazteentzat eta helduentzat inprobisazioak egongo dira Mitxel SantamarinarenakinLeire Orberekin eta Josu Anguloren “Inpro_Komeryak” ikuskizunarekin, eta bakarrizketak egingo dituzte Garazi San Martínek “Corazón porque rima con melón” ikuskizunarekin, Axlor Riezuk “Tengo FOMOrekin”, Gurutze Beitiak “Yo y mis circunstancias” ikuskizunarekin eta Óscar Terolek “El humor de Óscar Terolekin”. Gainera, proposamen horiekin batera, Heyoka Clownek “Lo que me sale de la concha” ikuskizuna emango du.

Gabonetan magia-ikuskizunak ere egongo dira: Oliver Magoak “Los inventores” ikuskizuna aurkeztuko du, Magi & Ilusioakek “Azterketa magia”, Edu Magoak “Zu zara magoa”, Liuba Magoak “Denok dugu magia” eta Eva Magoak “Mugarik gabeko magia”.

Familiei zuzendutako ikuskizunen artean, azpimarratzekoak dira zirkua, Two Much Circusen “Double Billekin”; clown-antzerkia, Ana Apikaren “Paperezko Zirkuarekin”, Arrieraren paperezko antzerkia “Café cantante AMARGURA” ikuskizunarekin, “Trapos”, Coriolis Teatroren txotxongiloen-objektuen antzerkia, Zirkozaurreren “Olentzero” zirku-kalejiraBego Alabazanen “Gutixago gehiago da” ikuskizuna; eta “Batetik Bestera: Kontzertua” Benetan Berenmusika- eta antzerki-ikuskizunaPantzart Teatroren “Korri, kuru, korriko” txotxongiloakFirulette Antzerkiaren “Etxe sorginduaren misterioa” eta Monda & Lirondaren “Desioak” clown-ikuskizuna. Horrekin bukatuko da KULTUR GABONAK programazioa.

Abenduaren 17an, 19:00etan, Argazkineta show ikuskizun parte-hartzailea izango da Uretamendin (Masustegi, Altamira), “Tras recolectar, es hora de contar” izenburuarekin. Gazteei eta helduei zuzenduta egongo da. Ekitaldi hori Bilboko Udalaren Bilbao Izan programaren barnean egongo da.

  • EUSKAL FOLKLOREA, GURE NORTASUN-IKURRA

Euskal folkloreak espazio berezia du udalak urtean zehar antolatzen duen kultura-programazioan eta, hala, hiribilduko kultura-nortasunaren zati gisa aldarrikatzen da.

Aurten, KULTUR GABONAK programak dantza-ikuskizunak antolatuko ditu talde hauekin: Bihotz Alai Dantza Taldeak kalejira bat egingo du Zabala auzoan eta Irutasun Dantzari Taldeak, aldiz, Altamira auzoan.

Bertsoak ere protagonista izango dira urte bukaeran. Miren Amurizak, Aissa Intxaustik eta Maite Sarasolak bertso-saioa eskainiko dute Deustuko udal-zentroan. Aurkezlea Idoia Anzorandia izango da eta Aner Euzkitze eta Libe Goenaga Arrieta musikariak bertan izango dira.

  • MOTA GUZTIETAKO MUSIKA

Gabonetako abesbatzen kontzertuak urte bukaerako programazioaren ezinbesteko parte dira bilbotarrentzat zein bisitarientzat. Aurten, Atxuriko, San Ignazioko, Castañoseko, Iralako, San Frantziskoko, Basurtuko, Zorrotzako, Otxarkoagako, Indautxuko, Errekaldeko, Abusu-La Peñako, Zabalako, Santutxuko, Olabeagako, Txurdinagako, Altamirako eta Abandoko elizetan ikuskizunak emango dituzte Ars Canticum Ensemblek, Garaizarko Matsorriak taldeak, Lagundi Bizkaiko Esperientzia Ikasgeletako abesbatzak, Bilbao Kameratak, Club Deportivo Bilbao abesbatzak, Mikel Deuna abesbatzak, Pagasarri Abesbatza Elkarteak, Arraizpe Agrupación Coral abesbatzak, Agrupación Coral Otxarkoaga abesbatzak, Otxote Bilbo Argiakek, Asociación Coral Rossini de Bilbao abesbatzak, Begoñako Sustraiak abesbatzak, Andre Berri abesbatzak, Gaudeamusek, Inmakuladako Abeslariak taldeak, Orfeón San Antón taldeak, Bilbao Musikako gazteen abesbatzak, Ingeniarien abesbatzak, Emays abesbatzak, San Inazio abesbatzak, Jakorkik, Otxote Lur Maiteak, Sanfran Kourek, Deustoarrak abesbatzak eta Ars Vivak

Musika-ekitaldiekin bukatzeko, Antonio Forcione & Giorgio Sercik “Guitar duo” ikuskizuna emango dute, Cristina Nareak “Viento Sur”, Bilboko Udal Txistulari Bandak, Gorka Aginagak eta abesbatzako kide batek “Elur malutak”, Ispirit: Lidia Insausti, Lide Hernando eta Noa Egiguenek “Rivers of Babylon”, eta, bukatzeko, Iren Uka & Space Jam Rockek eta Trikilekuk trikitixa-kalejira.

  • BIDEBARRIETAKO KULTURGUNEA: LITERATURA, BERTSOAK ETA KONTZERTUA

Gabonak garai egokia dira baita ere literaturari arreta jartzeko. Horretarako, Bidebarrieta Kulturguneak programazio oparoa prestatu du Bidebarrietako liburutegian.

Egiaz, “Eztabaidak literaturarekin” eta “Gaurkotasunarekin topaketak” programek jarraitu egingo dute, hurrenez hurren, abenduaren 10ean eta 17an. Halaber, liburu-aurkezpen hauek egingo dira: María Jesus Cavaren eta Elena Ciordiaren “Bilbao y la arquitectura urbana. Recorriendo la villa”; José Fernándezek, Lorenzo Olivánek eta Beñat Arguinzonizek Blas de Oteroren “Ángel fieramente humanoren” edizio berria aurkeztuko dute; Luis Zuecok “El mapa de un mundo nuevo” izeneko bere lana aurkeztuko du; Kirmen Uribek “En mis sueños siempre tienes 20 años” lana aurkeztuko du errezitaldi batean; eta Dolores Redondo idazleak literatura-aurkezpenen zikloa itxiko du “Las que no duermen” bere azken eleberriarekin.

Bertsolaritza eta zientzia uztartuko dira Bidebarrietako liburutegian abenduaren 4an, asteazkenean, Bertsozientzia ekitaldian, zehazki, “Jakinduriek mundue erreko dau” izenburupean. Halaber, ‘Bidebarrieta Zientifikoa’ zikloan teknologia kuantikoa landuko dute abenduaren 19an.

Ostiralean, abenduaren 20an, Bidebarrietako Kulturgunean musika-kontzertu bat antolatuko dute gazteentzat zein helduentzat.

HIRIBILDUKO BESTE KULTURA-ESPAZIO BATZUK

  • ARRIAGA ANTZOKIA

Arriagan Gabonak musikatuak izango dira, musikalen generoaren historiako ikuskizunik garrantzitsuenetako batekin; produkzioa izugarria da. Arriaga Antzokiak 2024ari amaiera bikaina emango dio Broadwayko “Chicago” ikuskizun bikainarekin. Ikuskizun hori karteldegian egongo da abenduaren 5etik 29ra eta, beraz, Bilboko Gabonetarako ikuskizun erakargarri eta ezin hobea izango da.

2025 hastean, urtarrilaren 3tik 5era, Arriaga antzokiak ABAO Txiki Arriagan familiei zuzendutako programa aurkeztuko du berriro ere. ABAOk eta Arriaga Antzokiak berak antolatuko dute: D´Artagnan eta mosketari gazteak  Ikuskizuna honela hasten da: D’Artagnan fidelari laguntza eskatzen dio Austriako Anak, bere lagunak berriro ere batu eta azkenaren semea non dagoen deskubritu dezaten. Baina hortik aurrera, misioak familiarekin batera gozatzeko sorpresa asko eskainiko dizkigu. Abentura oso dibertigarria da eta musikarik onena du.

  • BILBAO MUSIKA

Bere aldetik, Bilbao Musikak Gabonetako kutsu handia duen programazioa prestatu du urtea bukatzeko. Bilboko Txistularien udal-bandak Gabonetako kontzertuak “Elur Malutak” ikuskizunarekin hasiko ditu, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean. Bi saio egongo dira: abenduaren 14an 19:00etan San Adriango elizan eta abenduaren 18an 19:00etan Campos Eliseos Antzokian.

Abenduaren 16an, 19:00etan, Campos Eliseos Antzokian, Udal Musika Eskolako taldeek Gabonetako kontzertua eskainiko dute, eta abenduaren 22an, Bilboko Udal Bandak “Un grito por la paz” ikuskizuna aurkeztuko du José Rafael Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean. Kontzertua Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izango da eguerdiko 12:00etan eta Carmen Climent aktoreak, Marina Penas aktore eta abeslariak, José Manuel Díaz baritonoak, Pedro Pomares eta Sergi Albert aktore eta abeslariek eta Sociedad Coral de Bilbao abesbatzak parte hartuko dute. Zuzendaria Enrique Azurza izango da.

Halaber, Bilbao Musikak hurrengo hilabetetarako hainbat kontzertu programatu ditu. Lehenengoa abenduaren 1ean izango da Bilboko Udal Bandarekin. “Gora musika!” deitzen da, eta horren ondoren, konbo-kontzertuak, kontzertu lirikoak, kantu modernokoak, entzunaldi sinfonikoak, akordeoi-kontzertu bat, Jam Session bat, Bilbao Musika Eskolako eta Juan Crisostomo de Arriagako kontserbatorioko ikasleek emango duten akordeoi-kontzertua eta Bilbao Musikako Musika eta Dantza Tradizionaleko Sailak eskainiko duen erromeria ere egongo dira.

  • BILBAO ARTE

Arte garaikideenak ere badu bere lekua Bilboko Gabonetan. Hala, Udalaren URIBITARTE40 erakusketa-aretoan, azaroaren 22tik aurrera “Nadie puede compartir el sabor de la menta”, erakusketa egongo da. Komisarioak Lorenzo Galgó eta Iñigo Villafranca Apesteguía izango dira eta Maider Aldasoro, Miguel Alejos, Gorka Eizagirre, Usoa Fullaondo, José Jurado, Martí Madaula, Sofía Montenegro, Milena Rossgnoli eta Ander Pérez Puelles artisten piezak egongo dira ikusgai.

Erakusketa 2025eko martxoaren 2ra arte bisitatu ahal izango da, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Gainera, abenduaren 4an (euskaraz) eta abenduaren 18an (gaztelaniaz) bisita gidatuak antolatu dira. Sarrera dohainik izango da, edukiera bete arte.

  • BILBAO BIZKAIA MUSEOAK

Bilboko Berreginen Museoak umeei zuzendutako (6-10 urte) Gabonetako tailerrak antolatu ditu. Abenduaren 26an eta 27an izango dira 10:00etatik 13:30era museoan bertan.

Tailerretako protagonista Ama Lurra izango da, eta bestelako bitxikerien artean, umeek bere askotariko izenak eta istorioetako batzuk ezagutu ahalko dituzte. Hala, umeek beren sormena lantzeko aukera paregabea izango dute, naturako materialak erabiliko dituzte eta sortutakoak etxera eramateko aukera ere izango dute. Gozatzeko eta ikasteko Gabon egunak.

  • AZKUNA ZENTROA

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon egun hauetarako antolatu duten kultura-programazioa ikusmen-arteen ingurukoa izango da. “KLIMA”  erakusketak  Allora & Calzadilla bikote artistikoaren pieza esanguratsuenak bilduko ditu eta bertan egongo dira baita ere “Ninguna noche en llamas”, Abel Jaramillorena  (Babestu programako egoiliarra) eta Elena Aitzkoaren “Ur aitzak” eskultura-proiektua (Azkuna Zentroari atxikitako artista).

Mediateka Galerian, Leticia Paschetta artistak eta arkitektoak “BRUMA. Jugar en paisajes brumosos” izeneko instalazioa sortu du. “Paisaia ludikoak” dira   eta esperientzia espazialek artea, diseinua eta egiturazko berrikuntza uztartzen dituzte.

Instalazio hori umeei eta familiei zuzendutako Mediateka Gabonetan 2024-2025 programaren bidez hedatzen da. Jarduerak abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra izango dira eta material eta arte-mintzaira ezberdinekin esperimentatuz, sorkuntza garaikidera hurbilduko dira parte-hartzaileak.

GAZTERIA, KIROLA ETA EUSKARA

Bilboko Udalak 2.600 plaza baino gehiago eskaini ditu eta horien bitartez, Gabonetako udal-programak antolatuko dira, besteak beste, umeen eta helduen aisialdian, kirolean eta euskaran. Kasu guztietan ere, helburu bikoitza betetzen da: Bilboko familien lan-kontziliazioan laguntzea eta umeek jolasten gozatzea oporretan daudenean.

Aurten, Gabongune eta Gabonkide programetan 777 plaza eskainiko dira bi txandatan:  abenduaren 23tik 27ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra.  Beste alde batetik, eta Azkue Fundazioarekin batera, “Hala, Birala!” kultura digitalari buruzko campusa antolatu da. 2012 eta 2013 urteetan jaiotako umeei zuzenduta dago eta abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an izango da. Azkenik, 1.890 adingabek Bilbao Kirolaken “Gabonetan Primeran Kirola Eginez” programaz gozatu ahalko dute (54 plaza gehiago dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat gorde dira). Kasu guztietan, udalak azaroan izena emateko epe luzeak ireki ditu.

  • GABONGUNE ETA GABONKIDE

Gabongune 3-8 urteko umeei zuzenduta dago eta Gabonkide 9-11 urtekoei. Bilboko Udalak jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz proposatu ditu, hala, hezkuntza ez-formala lantzeko espazio bat sortzeko eta, aldi berean, umeek aisialdiaz eta denbora libreaz gozatzeko. Programa biekin, Bilboko Udalak lana eta familia kontziliatzea sustatzen du eta umeei aukera ematen die trebetasun eta jolas berriak lantzeko eta inguruko adingabeekin egoteko.

Programak 09:00etatik 14:00etara izango dira DeustukoCastañoseko, Begoñako, San Frantziskoko, Abusuko, Esperantzako, Abandoko, Iralako eta Basurtuko udal-zentroetan. Sartzeko eta irteteko ordu erdiko malgutasuna egongo da, hau da, 09:30era arte eta 13:30etik aurrera. Abenduaren 24an eta 31n irteera 12:30etik 13:00etara izango da.

Aurten, emakume asmatzaileak landuko dira. Modu horretan, gai hori ezagutza eta kultura hurbiletik, jolasen bidez eta modu dibertigarrian landuko da eta, horretarako, jardueren eta irteeran bitartez, umeek gozatu egingo dute, betiere, bakoitzaren adin-tartera egokituta (3-5, 6-8 eta 9-11 urte). Gainera, zeharkako moduan, genero-berdintasuna, GJHak eta Bilbo hiribilduko balioen gutuna sustatuko dira.

Aurten, berritasun gisa, Esperantza espazioa ere udalaren Gabonetako eskaintzaren barne egongo da. Bertan, lehenengo astean, gainera, STEAM gaiari buruzko ikastaro bat eta bigarren astean gorputz-adierazpenari (dantza, yoga, mimoak..) buruzko beste bat antolatuko dira. Biak ere 9-11 urteko umeei zuzenduta egongo dira.

  •  HALA, BIRALA! KULTURA DIGITALARI BURUZKO CAMPUSA

Udalak eta Azkue Fundazioak “Hala, Birala!” kultura digitalari buruzko campusa antolatuko dute. 2012tik 2013ra jaiotakoei zuzenduta egongo da eta abenduaren 26tik 27ra eta urtarrilaren 2tik 3ra izango da Euskararen Etxean, 09:30etik 14:00etara.

Egunero, lau ordu eta erdian, hezitzaileekin eta adituekin gai hauek landuko dituzte: stop-motion, musika sortzea, kartelak, bideoak eta bideo-jokoak. Sare sozialen inguruko erabilera eta jokaera egokiak ere landuko dituzte.

  • BILBAO KIROLAKEN GABONETAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ PROGRAMA

Kirol-jarduerak atsegin dituztenek “Gabonetan primeran kirola eginez” udal-programan parte hartu ahal izango dute. Abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra izango da Txurdinagako, Deustuko eta San Ignazioko kiroldegietan 09:00etatik 14:00etara, eta sartzeko eta irteteko orduak malguak izango dira, 08:30etik 14:30era.

1.260 plaza eskaini dira 2011 eta 2018 urteen artean jaio zirenentzat eta 36 plaza gehiago dibertsitate funtzionala duten  eta 2008 eta 2018 urteen artean jaio ziren adingabeentzat.

  • GAZTEKLUBA GAZTEENTZAT

Bilboko Udalak, #GazteKluba GABONAK programaren edizio berria martxan jarriko du baita ere, gustu guztietarako pentsatutakoa. Hainbat tokitan antolatuko dituzte 12-17 urte arteko gazteei zuzendutako aisialdi osasungarriko 16 jarduera abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Helburua elkarrekin egoteko, jolasteko eta ongi pasatzeko espazio bat eskaintzea da, non sormena, kirola, teknologia eta antzekoak landuko diren. Jarduera horien artean, Bilbotik kanpora txangoak egingo dituzte, Bilborocken K-Pop txapelketaren 5. edizioa antolatuko da eta kirol- eta arte-tailerrak ere egingo dira.

#GazteKluba GABONAKeko jarduera gehienak doakoak izango dira eta ordaindu beharrekoak 2 eta 5 euro artekoak izango dira. Jardueretan parte hartu nahi duten gazteek jarduera bakoitzerako izena eman beharko dute azaroaren 29tik abenduaren 8ra arte webgune honetan: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/gazteklubagabonak/.

SARE SOZIALAK:

​#BilbaoGabonak #MePidoBilbao